Beldurgarriak dira Japoniatik datozen albisteak; oso kezkagarriak, Fukushima zentral nuklearraren ingurukoak. Atzo izandako bi leherketen ondoren are gehiago, erradioaktibitate jarioa estali ezin den errealitatea dela onartu dutenetik. Japoniako Gobernuak IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari aitortu dio beldur zirela eta uste zutena gertatu dela, zentralaren 2. erreaktorean erradiazioari eusteko ontzi garrantzitsuena kaltetuta egon daitekeela. Hautsiko balitz, neurri gabeko isurketa bati aurre egin beharko diote. Dagoeneko «kontrolik gabeko egoeraz» hitz egin dute Bruselan energia alorreko adituek. «Ez dut okerrena baztertzen, datozen orduetarako edo egunetarako», iragarri du Gunter Oettingerrek, Europako Energia komisarioak.
Japoniako Gobernuak esan zuen bezperan edukiontzietan ez zegoela arriskurik, baina sarraski nuklearrari buruzko susmoa areagotu zuen esan zuenean erradioaktibitatea gizakien osasunari eragiteko neurriraino dagoela. Inondik inora ez dira albisteak argiak, «tentuz» ari baita Tokio, gertatutakoari gehiegizko larritasuna ez emateko eskatzen. Lur mugimenduen erreplikek, berriz, ez dute etenik. Fukushiman bertan atzo 6,3koa izan zuten, eta beste bat 6,4koa Shizuokako eskualdean. Astinduek ez dute larrialdi egoeratik ateratzeko arrazoirik ematen.
Atzoko eztandak izan eta berehala zentralaren inguruko 30 kilometroan bizi direnak etxean gera daitezela agindu dute, haiek handik aterarazi bitartean. Baina etxeak hustu arte irten ezinik daramatzate askok lau egun, eta Fukushima hirian ere bai, oraingoz arriskutik kanpo utzi duten arren. Atzo arte 20 kilometroko ingurua zuten jendez hustutzekoa, baina eztanda berrien ondorioz, arrisku eremua 30era handitu behar izan dute. 200.000 iodo dosi banatu dituzte herritarren artean tiroidearen glandula erradioaktibitatetik babesteko lagungarri.
Ingurumenari iginiko kalteez gainera, herritarren osasunari kalte egiten dioten gertaerak jada ez dira ezkutatzen, gobernuak berak eraginak egon daitezkeela onartu duelako —gerora ikusiko dira—, baina OME Osasunerako Mundu Erakundeak lasaitzeko mezua eman nahi izan du: «Japonia osasun neurri publiko egokiak hartzen ari da herritarrak erradiaziotik babesteko», Gregory Hartl bozeramaileak esanda. Erakunde horrek ez du Japoniaren laguntza eskaerarik jaso, Hartlek esan duenez. Hala ere, adituak alertan daudela jakinarazi du.
Tokiora ere maila baxuko partikulak iristen ari dira Fukushimatik —240 kilometrora dago, eta herritar batzuek handik alde egitea erabaki dute. Geratzea pentsatu dutenak, berriz, ahal dituzten elikagai guztiak eta lehen mailako produktuak pilatzen ari dira etor daitekeenerako.
Erradioaktibitatea legezko neurriak halako zortzi izatera heldu dela jakinarazi zion atzo gobernuak Nazio Batuen Erakundeari, eztandetako bat izan eta gutxira, eta aire eremua ere itxi dute. Alarma, ordea, baretu egin nahi izan dute, erradioaktibitatea apurka jaitsiz joan dela esan zuten eta, betiere iturri ofizialek, baina Frantziako Segurtasun Nuklearraren Agentziak bestelakorik uste du, seian jarri baitu arrisku maila, Gertakari Nuklearren Nazioarteko Eskala kontuan hartuta. Japoniak lauan mantendu du.
Gainerako erreaktoreak
Zentraleko erreaktoreetako leherketen arriskua gutxitu nahian dabiltza ezinbestean, baina 2. erreaktoreko arriskuez gain, Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentziari atzoko suteak 4. erreaktorean eragindako zortzi metroko bi zuloek ere ezinegona sortzen diela onartu du. Sei erreaktoreetatik hiruren hozteko sistema apurtuta dago, eta laugarren batean arazoak daude. Haietan gertatzen dena konpontzen saiatzea 50 operarioren esku dago soilik, han ziharduten 800 langileetatik aterarazi ez dituzten horiexengan. Erreaktoreen putzuak hoztu behar dituzte, baina sistemak apurtuta dauden lekuetan kontrako efektua gertatzen ari da.
Naoto Kan lehen ministroa haserre dago Tepcorekin, zentral nuklearra kudeatzen duen konpainiarekin, gertatzen denaren gaineko informazioa beranduegi jasotzen ari delako. Horrez gainera, Tepcori agindu dio ez ditzala langileak handik atera. Fukushimako gobernadoreak jakinarazi baitio «biztanleen beldurra eta haserrea muga jotzen» ari direla.
Japonia. Lurrikara
Erradiazioari eusteko arazoak dituela aitortu du Japoniak
«Kontrolik gabeko egoeraz» mintzatu da Brusela, jarioa geldiezina izan daitekeelako atzoko leherketek egindako pitzadurak irekiz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu