Aberdeengo Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea

Lynn Bennie: «Erreferenduma egin zenetik hamar urtera, iritzi publikoak nahiko egonkor eusten dio»

2014ko erreferendumaren ondoren Eskoziako alderdi independentistetan izandako partaideen ugaritzea aztertu du Benniek. Ondorioetako bat zera da: partaide gehiago bai, baina pasiboagoak batu zirela alderdietara. Bigarren bozketa ez du gertu ikusten.

Lynn Bennie
Lynn Bennie.
jon olano
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Mugimendua nabari da Eskoziako iritzi publikoan eta publikatuan. Hamar urte dira autodeterminazio erreferenduma egin zela, eta izan zenari, eragin zuenari eta egungo egoerari begira daude hedabide eta akademiko asko. Lynn Bennie da horietako bat (Glasgow, Eskozia, 1968). Liburu bat argitaratu du aurten —Surges in Party Membership. The SNP and the Scottish Greens after the Independence Referendum (Alderdietako kidetzaren goraldia. SNP eta Eskoziako Berdeak independentzia erreferendumaren ondoren)—, 2014ko bozketak alderdi independentisten partaidetzan eragin zituen aldaketak aletzen dituena. Zirraraz mintzo da duela hamarraldi bateko prozesu politikoaz.

Zer esanahi dauka 2014ko independentzia erreferendumak Eskoziako gizartean?

Erresuma Batuko politikak eta Eskoziakoak inoiz ez zuten halako konpromiso aldirik bizi izan ordura arte. Kanpaina bera oso bizia izan zen, ia kanpaina tradizional bat. Oraindik orain, baiezkoaren aldeko afixak ikusten dira Eskoziako hiri handietako kaleetan. Ez zen ohiko hauteskunde baten parekoa izan, baizik eta ekitaldi askokoa, oso konprometitua eta parte hartzailea. Baina, egiaz, alderdiek eman zioten bide erreferendum horri.

SNPk hauteskundeak irabazi zituen 2011n, espero baino emaitza hobeak eskuratuta, eta gehiengoa lortu. Hori oso zaila da Eskoziako Parlamenturako hauteskunde sistemarekin. Horrek erreferenduma bultzatu zuen, zeren jakina zen urte gutxiren buruan erreferendum bat egongo zela. Eta, nahiz eta alderdi politikoak oso garrantzitsuak izan, erreferendumaren espektatibak beste zerbaitetara bultzatu zuen Eskoziako politika.

Diozu bozketa «mugimenduaren garaia» izan zela.

Mugimendu ugari sortu ziren kanpainan, bai baiezkoaren eta bai ezezkoaren alde. Baiezkoaren aldeko kanpaina berritzaileagoa izan zen, koloretsuagoa. Horietako asko alderdiekin lotuta zeuden, baina beste asko ez. Beraz, mugimendu hori emeki-emeki eraiki zen erreferendumaren eguna arte. Esango nuke alderdiek erreferendumerako bidea zuzendu zutela, baina ondoren mugimendu dinamika bat sortu zela kanpainan.

Alegia, erreferendumak gizartea politizatu zuela.

Bai, hor maila bat baino gehiago dago. Badira alderdiak, badira gizarte mugimenduak, baina badira horietatik kanpoko herritarrak ere. Eta ezohikoa da, baina herritarrek gehiago hitz egiten zuten politikaz, senideen eta lagunen artean eztabaidatu. Hala jasota dago erreferendumaren ondorengo ikerketetan. Beraz, bazen gizarte dinamika bat, talde dinamika bat eta alderdi dinamika bat.

Erreferendumaren ondoren, alderdi independentistetako partaide kopurua asko igo zen. Diozu hori ez dela ohikoa, kontuan hartuta galdeketa galdu zutela. Zergatik gertatu zen goraldi hori?

Neurri batean, mugimendu dinamika horren parte da. Prozesu horrek zerbait eragin zuen. Askoz jende gehiago konprometitu ziren politikoki, bereziki baiezkoaren aldean. Gainera, kanpainak independentziari buruzko elkarrizketa aldatu zuen; 2011n SNPk gehiengo absolutua lortu zuenean, independentziaren babesa %30 ingurukoa zen, baina erreferendumean, %45ekoa.

Hau da, bazegoen independentziaren aldeko mugimendu bat, baina liburuan argudiatu dugu alderdietan parte hartzea bide bat izan zela erreferendumaren ondoren konpromiso horri eusteko, debatea bizirik iraunarazteko.

Beraz, erreferenduma ez zen interpretatu prozesu baten amaiera gisa, ezta?

Hemen, iritzi publikoa ez zen aldatu erreferendumaren ondoren; hori da interesgarriena, arraroena; erreferenduma egin zenetik hamar urtera, iritzi publikoak nahiko egonkor eusten diola independentziaren inguruko ikuspegiei dagokienez. Beste elementu interesgarri bat zera da, independentzia babestea eta SNP babestea bereizi egin direla.

Erreferendumaren aurretik, SNPk babes handiagoa zuen independentziak baino, eta bermatu zezakeen independentziazaleen babesa. Orain, herritarren %50 inguruk babesten dute independentzia, baina SNPk botoen %30 inguru lortzen ditu hauteskundeetan. Hori berria da.

Ikusi duzue urteotan alderdi independentistetara batu diren herritarren tipologia ere aldatu dela.

SNPn eta Berdeetan parte hartzaile gehiago izan arren, batez beste kide berriak ez dira hain aktiboak. Jende gehiago zeukaten kanpainetan jarduteko, baina kide aktiboen eta pasiboen arteko oreka bigarrenen aldera lerratu da. Eta, beraz, ondorioztatu dugu jende askok bat egin zuela alderdi horiei babesa emateko, baina ez modu aktiboan parte hartzeko. Normalean, lidergo baten babesleak dira. Horrek SNPren lidergoak sendotu zituen, eta, agian, eragotzi egin zuen alderdi barruan galdera batzuk egitea.

«Bazirudien SNPk ez zuela erantzunik esateko nola lortu beste erreferendum bat. Swinneyk dioena interesgarria da: denbora gehiegi eman dutela eztabaidatzen erreferendum bat lortzeko bideaz, eta ez hainbeste independentziaren alde  egiteaz»

Uste duzu SNPk mugimendu independentistan duen lidergoak bere hartan irauten duela? Edo mugimenduaren eta alderdiaren arteko harremana aldatzen ari da?

Uste dut SNPk lider rola jokatzen duela oraindik. Hori eztabaidaezina da. Mugimendu independentistaren ulerkera zabalago bat dago, SNPtik harago doana. Alderdien arteko harremanak zailak dira, SNPren eta Albaren artekoak, SNPren eta Berdeen artekoak... Baina SNP oso garrantzitsua da oraindik ere; gobernuko alderdia da, haren garrantzia ez litzateke gutxietsi behar.

Beste erreferendum bati buruzko narratiba presente dago azken urteetan, baina ez dirudi luze gabe halakorik izango denik. Zertan da Eskozia bigarren bozketari dagokionez?

Uste dut urruti gaudela. Zenbait elementuk lagundu zuten erreferendumaren momentum-ari eusten, SNPren posizioa indartu baitzuten: batetik, brexit-a, Eskoziako jende askorentzat oso zaila izan baitzen, eta esaten zen Eskozia gogoz kontra kanporatu zutela Europatik; bestetik, Nicola Sturgeon, garai hartan komunikatzaile bikaintzat jotzen zena; eta azkenik, gobernu ezgai bat Erresuma Batuan.

Baina esango nuke Auzitegi Gorenaren erabakiak [auzitegiak erabaki zuen Eskoziak ez zuela eskumenik independentzia erreferendum bat antolatzeko] mugimenduari autoestimua kendu ziola, eta, ordutik aurrera, ematen zuen SNPk ez zuela erantzunik esateko nola lortu beste erreferendum bat. Orain, interesgarria da John Swinneyk dioena, lider gisa: denbora gehiegi eman dutela prozesuaz, erreferendum bat lortzeko bideaz eztabaidatzen, eta ez hainbeste independentziaren alde egiteaz edo politikak xehatzeaz.

Uste dut badagoela horretatik zerbait. 2014ko porrotaren ondoren, SNPk asmoa adierazi zuen bestelako politiken inguruan lan egiteko, galdera ugari geratu baitziren independentziaren programaren inguruan. Baina hori mugitu, eta arreta prozesuan jarri zen, beste erreferendum bat lortzeko mekanikan. Uste dut horixe ikasi dutela Swinneyk eta beste batzuek.

2014ko bozketaren ondoren, independentismoak gora egin zuen inkestetan, baliteke %50en langa gainditzea, baina beste bozketa bat egiteko aukera urrunago dago, beraz.

Esan dezagun %50 inguru daudela independentziaren alde. Baina esango nuke horietako askok independentzia nahi dutela ez helburu gisa, baizik eta uste dutelako horri esker gizarte ekologikoago bat izango dela, eta zerbitzu publiko hobeak. Arrazoi horiek pertsona bat bultzatu dezakete gobernu laborista bati botoa ematera, Erresuma Batuko Gobernuak norabide horretan egiten baditu gauzak. Susmoa daukat independentzia babesten duten askok ez dutela erreferendumik nahi orain, egoera ezegonkorra delako. Agian itxura ona hartzen diote, baina epe ertain-luzerako.

Baiezkoak babes handiagoa behar al du inkestetan, berriro kontsulta bat egiteko?

2014koaren ondoren, lider gehienek uste zuten independentziaren aldeko jarrerak babes handiagoa behar zuela beste erreferendum bat egin aurretik. Garai horretan asko eztabaidatzen zen %60ko babesaz, eta, beraz, arriskutsua litzateke beste galdeketa bat egitea %45-50eko babesarekin. Kontrara, Alex Salmondek zera esan izan du, 2014ko erreferendumak iritziak aldarazi zituela, eta berriro ere erreferendum bat egin baina orain %50 inguruko babesa izan eta kanpaina informatu bat eginez gero balitekeela baiezkoa gailentzea. Garai interesgarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.