Gustavo Petro lider «iraultzaile» gisa iritsi zen Kolonbiako Nariño egoitzara. Herrialdeko presidente kargura inoiz iritsi den ezkerreko lehen politikaria bilakatu zen 2022an, eta gaur, lau urte beranduago, bere etsai politikoari utzi beharko dio lekua. Aurreko gobernuak egindako aurrerapauso guztiak suntsituko dituela iragarri du Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak, eta hura gobernatzen ikusi beharko du Petrok orain, oposizioko zuzendaritza berriro gidatzen duen bitartean.
«Historikoki ahaztutako sektoreetan» aurrerapenak egingo zituela zin eginez iritsi zen Petro Kolonbiako presidentetzara. Gerrillen eta bake prozesuen inguruan zebilen Kolonbia ordu hartan, eta eraldatu egin zuen, enpleguan, pobrezian, osasunean eta ingurumenean arreta jarrita. Agintean egondako lau urteei erreparatuta, ordea, helburuak erdizka bete dituela esan daiteke, arlo gehienetan aurrera egin badu ere ustelkeria salaketek agintaldiaren amaiera ilundu baitiote.
Petrok ibilbide luzea egin du Kolonbiako politikan. M-19 gerrillan parte hartu zuen gaztea zela; eta taldeak armak utzi eta alderdi politiko bihurtu zenean, zenbait kargu publikotan aritu zen: besteak beste, kongresuko diputatu eta senatari izan zen, eta ustelkeriaren aurkako salaketengatik entzute handia izan zuen. 2012 eta 2015 bitartean Bogotako alkatea izan zen, eta politika sozialak eta ingurumen neurriak sustatu zituen. Ondoren, urte luzez oposizioan jardun zuen ezkerraren lider, eta, zenbait hauteskunde orokor galdu ondoren, 2022an presidente izendatua izan zen, inoiz Kolonbian presidentetzarako hautagai batek lortutako boto kopururik handiena lortuta.
Kolonbiako eskuinaren aro luzea amaitu zuen, beraz, Petrok, eta herrialdeko esparru politikoa eraldatu zuen. Kolonbia egoera politiko eta sozial gorabeheratsu batean murgilduta zegoen Petro agintera iritsi zenean: gobernua gerrillekin bake itunak sinatzen ari zen, eta justizia soziala eskatzen zuten mugimenduak geroz eta indartsuagoak ziren. Hortaz, presidente gisa, erreforma sakonak bultzatu zituen.
Bereziki, osasun sistema, enplegua eta pentsioak hobetzeko ahaleginak egin zituen, ongizatea sustatzeko «funtsezkotzat» hartzen baitzituen elementu horiek. Halaber, erabateko bakea izeneko estrategia sustatu zuen, eta, haren bidez, talde armatuekin elkarrizketak eta su etenak negoziatu zituen.
Haren gobernuaren ezaugarririk deigarriena, hala ere, gobernuko kideen aniztasuna izan zen. Izan ere, Petrok goi karguetan jarri zituen indigenak edo afrikarren ondorengoak ziren politikari asko, eta, horren ondorioz, demokrazia zabal eta pluralago bat izan zen Kolonbian.
Ingurumenaren aldeko apustu sendoa ere egin zuen, erregai fosilekiko mendekotasuna apaltzeko eta Amazonia babesteko. Hala ere, erreforma ugariri kontra egin zieten alde askotatik.
Oposizioko zenbait alderdik adierazi dutenez, Petrok zailtasun estrukturalak izan ditu bere politikak gauzatzeko eta gobernu koalizio egonkor bat sendotzeko. Hala, maiz zalantzan jarri dute, funtsezko erreforma batzuetan aurrera ez egiteagatik, diru publikoa modu gorabeheratsuan erabiltzeagatik eta haren lidergo moldeagatik.
Lider «pertsonalistatzat» jotzen dute analistek. Agintaritza indartsu bat izan da harena, alderdi politikotik harago joan dena, eta korronte politiko propio bat sortu du: petrismoa. Ezkerreko mugimendu «iraultzaile» bat da hori, eta Petrok agintean egindako adierazpenetan oinarritzen da nagusiki. Ospetsuenak X sare sozialean egin ditu; izan ere, sare sozial horretaz baliatu izan da jarraitzaileak aholkatzeko, oposizioa kritikatzeko, lorpenak ospatzeko eta baita beste liderrekin etsaitzeko ere, hala nola Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpekin.
Hala ere, izaerak arrakasta eman dion bezala, ospe txarra ere ekarri dio, eta horrek are gehiago polarizatu du Kolonbiako gizartea.
Kolonbia ere, eskuinerantz
Polarizazio horren ondorioz, aurtengo hauteskunde orokorrak bereziki lehiatuak izan dira, eta Petroren oinordeko Ivan Cepedak De la Espriella ultraeskuindarraren aurka galdu zuen lehia —botoen %0,9ko aldearekin—.
Hala, De la Espriellak Petroren lekukoa hartuko du gaur, eta Kolonbiak guztiz aldatuko du bide politikoa. Azken urteetan eskualdeko hainbat herrialdek hartu duten joerarekin bat egingo du, beraz, Bogotak, ezkerreko gobernuaren aroari amaiera emanda.
De la Espriellak kargua hartuta, Latinoamerikako eskuineko gobernuen zerrendara batuko da Kolonbia, eta Brasil, Mexiko eta Uruguai izango dira oraindik ere gobernu progresistak dituzten herrialde nagusiak.
Bide aldaketa horren lekuko izango dira gaur Bogotan hainbat buruzagi eta agintari, tartean Argentinako presidente Javier Milei eta Txileko presidente Jose Antonio Kast ultrak. Hala ere, buruzagi horiek ezingo dute presidente berriaren lehen hitzaldia zuzenean entzun. Izan ere, De la Espriellak tradizio instituzionalarekin hautsi du, eta militarren aurrean emango du bere lehen diskurtsoa, «herrialdeko benetako heroien aurrean».