Europako Batasuna

Errefuxiatuak hartzeko "zentro kontrolatuak" sortzea adostu du EBk

EBn sartu nahi duten iheslariak batasuneko estatu kideen "zentro kontrolatuetara" lekualdatzea adostu dute estatu kideek. Estatuentzat borondatezkoa izango da zentro horiek eraikitzea. Horrez gain, Afrika iparraldean ere zentroak eraikitzeko aukera "azkar" aztertzeko eskatu diete Europako Batasuneko Kontseiluari eta Batzordeari.

Angel Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, Bruselan, Europar Kontseiluaren bilerara iristen. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 29a
08:22
Entzun

Goizaldean lortu dute akordioa Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek, hamahiru orduko bileraren ondoren. Europako Batasunaren barruan "zentro kontrolatuak" eraikitzea adostu dute estatu kideek, asilo eskubidea lortzeko baldintzak betetzen dituzten iheslariak eta batasunak jatorriko herrialdeetara bidaliko dituenak bereizteko. Beraz, EBra iristen diren errefuxiatuak, itsasoan erreskatatzen direnak barne, zentro horietan itxiko ditu batasunak, kasu bakoitzean, EBn gelditzeko aukera onartzen dien ala jatorrizko herrialdera bueltatzen dituzten argitu artean. Zentro horiek eraikitzea borondatezkoa izango da estatuentzat.

Asilo eskaera lortzeko baldintzak betetzen dituztenak estatu kideen artean banatuko dira. Estatuek ez dute derrigorrezkoa izango errefuxiatuak hartzea. Hori ere "borondatezkoa" izango dela dio akordioak, eta orain arteko kuota sistema indargabatuko da. Horrenbestez, iheslariak hartzearen kontra agertu diren herrialdeen eskaria bere egin du EBk.

Negoziazioetan jarrera zurruna agertu ostean, Italiak ontzat eman du akordioa. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren esanetan, "negoziazio luzea izan da, baina Italia orain ez dago bakarrik, guk eskatu bezala".

EB barruan "zentro kontrolatuak" sortzeko proposamenaren bultzatzaile izan dira Italia, Frantzia, Espainia, Grezia eta Malta. Ekialdeko estatuak mesfidati agertu dira. Dena den, oraingoiz, ez da estaturik prest agertu gisa horretako zentrorik irekitzeko.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazi du Espainiak dagoeneko badituela gisa horretako zentroak, CIES atzerritarrak barneratzeko zentroei erreferentzia eginez. "Zentroena aukera egokia izan daiteke zenbait herrialderentzat. Gurea, orain arteko erremintekin jarraitzea da eta [migrazio korronteen ] jatorriko eta zeharkaldiko herrialdeetara baliabide ekonomikoak bideratzeko erabakia eskertzea", adierazi du Sanchezek.

Horrez gain, estatu kideetako buruek Europako Batasuneko Kontseiluari eta Batzordeari eskatu diete "azkar" azter dezatela Afrika iparraldean "eskualdeko lehorreratze zentroak" sortzeko aukera, bertako herrialdeekin eta NBErekin elkarlanean. Zentro horiek ere EBra sartu nahi duten iheslariek horretarako baimena eskura dezaketen ala ez aztertzeko zentroak lirateke, akordioaren arabera.

EBra sartu asmoz, Mediterraneoa mendebaldetik gurutzatzen saiatzen diren iheslarien gorakadaren aurrean, akordioak dio diruz eta bestelako neurriekin lagunduko dituela EBk "estatu kideen ahaleginak"; bereziki, Espainiarenak; baita migrazio korronteek zeharkatzen dituzten herrialdeenak ere. Afrikara bideratutako funtsera 500 milioi euro gehiago bideratzea ere onartu dute, migrazioaren jatorriko arrazoietan eragiteko.

Lifeline et Aquarius ontziekin sortu diren gatazkak direla eta, EBko buruek jaso dute Mediterraneoan jarduten duten ontzi guztiek legedia errespetatu behar dutela eta ez dituztela "kostazain libiarren operazioak oztopatu" behar.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.