COP30

COP30 biltzarreko akordioan ez diete aipamenik egin erregai fosilei

Egokitzapenerako finantzaketa hiru halakotzea adostu dute, baina zehaztapenik gabe. Kolonbiak erregai fosilei buruzko konferentzia bat antolatuko du 2026ko apirilean, eta COP31 Turkian egingo da.

Andre Correa do Lago, COP30eko presidentea, pertsonaz inguratuta, negoziazioen azken egunean. ANDRE BORGES / EFE
Andre Correa do Lago, COP30eko presidentea, pertsonaz inguratuta, negoziazioen azken egunean. ANDRE BORGES / EFE
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 24a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasieran transzendentzia handirik gabeko biltzarra behar zuena bilkura zalapartatsu bihurtu da. Baina ez COP30 biltzarrean akordio garrantzitsurik lortu delako, baizik eta ezustean heldutako aukera bat ezerezean geratu delako. Gai zerrendan ez zegoen entitate handiko helbururik Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmeneko konferentzian —Brasilgo Belem hirian egin da—, baina biltzarraren presidentetzak, Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k bultzatuta, hizpide hartu zuen erregai fosilak amaitzeko bide orri bat adosteko aukera, ezustean. Mundua erdibituta dago horren inguruan: batzuek defendatu egiten dute helburu hori, eta besteek erregai fosilak ustiatzen jarraitu nahi dute. Bada, azkenean puntu hori zirriborrotik kendu dute, eta ez dute erregai fosilak amaiarazteko helbururik zehaztu.

 COP28 bilkuran —2023an egin zen, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak)—, herrialde guztiek aho batez onartu zuten erregai fosilik gabeko etorkizuna sortu behar dela, baina aurtengo biltzarrean ez dute eman pausorik hori lortzeko bidea garatzeko. Ostiralean ziren amaitzekoak COP30eko elkarrizketak, baina, ohikoa denez, asteburura luzatu dira, eta larunbatean egin zuten akordioa. Wopke Hoekstrak, Europako Klima komisarioak, adierazi zuen «gehiago» espero zuela akordio horretatik.

Hala ere, hutsune hori gainditzeko, 2026ko apirilean erregai fosilei buruzko konferentzia bat egiteko ardura hartu du bere gain Kolonbiak.

Urratsak egokitzapenean 

Klima aldaketarako egokitzapenean, baina, eman dituzte aurrerapausoak. Izan ere, klima ekintzaren alde hori garrantzia hartzen ari da, klima aldaketak gero eta kalte gehiago eragiten baititu, eta bereziki Hegoalde Globaleko herrialdeek ekonomia eta azpiegiturak moldatzeko beharra baitute mehatxu horri aurre egiteko. Bada, alor horretan urratsak egiteko neurri batzuk onartu dituzte amaitu berri den biltzarrean, nahiz eta guztiz zehatzak ez izan.

Hegoalde Globalaren finantzaketa beharra da gakoa klima aldaketarekin zerikusia duten fenomenoen kalteak apaltzeko, eta herrialdeek adostutako dokumentuan eskatu dute finantzaketa hori hiru halako izan dadila 2035erako. Eskaera bat da, ez baitute zehaztu helburu hori nola lortuko duten. Bestalde, herrialdeen egokitzapen neurrien bilakaera nolakoa den ondorioztatzeko ehun adierazle neurtuko dituzte, baina borondatezkoa izango da neurketa hori.

Belemgo biltzarraren aurretik, herrialde guztiek gaurtik 2035era bitartean hartuko dituzten klima konpromisoak zehaztu behar zituzten —NDC Nazioaren Arabera Zehaztutako Ekarpenak deiturikoak—, eta soilik 122k aurkeztu dituzte isuriak murrizteko helburu berriak. Datorren urteko COP biltzarra Turkian egingo da; hasieran bazirudien Australian egingo zela, baina azkenean herrialde horrek COParen aurreko biltzar bat antolatuko du, eta ez goi bilera. Ozeano Bareko uharte estatu batzuek Australia kritikatu dute, uste baitute konferentzia ez antolatzeko erabaki horren atzean konpromiso falta dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.