Atzean geratu dira instituzio multilateralek ospe ona eta arazoak konpontzeko ahalmena zuten garaiak. Eta klima aldaketaren kontrako borroka instituzionalean gertatzen ari dena horren adibide da. 2015ean Parisko Hitzarmena onartu ostean klima larrialdiaren kontrako borroka hauspotuko zela pentsatzen zen, eta, guztiz eraginkorra izan ez zen Kyotoko Protokoloa berrituta, klima ekintzak beste entitate bat hartuko zuela aurreikusi zen. Egoera onenean, planetaren berotzeak 1,5 gradu zentigradu ez gainditzearen alde ekiteko ados jarri ziren Nazio Batuen Erakundeko herrialde gehienak duela hamar urte, baina aditu gehienek ziurtatu dute ez dagoela aukera izpirik ere hori lortzeko, eta oso zaila iruditzen zaie Lurraren berotzea 2 gradu zentigradura mugatzea.
Ikusi gehiago
Baina duela hamarkada bat sumatzen zen optimismo giroa desagerrarazi egin dute COVID-19aren krisiak, Ukrainako gerrak, Palestinako genozidioak eta nazionalismo ekonomiko berriak. Klima aldaketari aurre egiteak garrantzia galdu du munduko potentzia nagusien agenda politikoan, eta etxeko ekonomia suspertzea eta aurrekontu militarra handitzea dira orain lehentasun nagusiak. Eta aldaketa hori agerian geratu da azken urteetako Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren baitako negoziazioetan: areagotzen ari dira Iparralde eta Hegoalde Globalaren arteko tentsioak, iparraldekoek interesa galdu dutelako klima aldaketaren kontrako borrokan eta garapen bidean dauden herrialdeei finantzaketa ematean; hegoaldekoek, berriz, gero eta gehiago nabaritzen dituzte klima larrialdiaren eraginak, eta diru gehiago eskatzen ari dira herrialde industrializatuenek bultzatutako klima aldaketari aurre egiteko. Iaz, esaterako, Hegoalde Globalak urteko 1,3 bilioi dolarreko Ipar-Hego finantzaketa eskatzen zuen, baina azkenean horren laurdena baino gutxiago adostu zuten —300 bilioi dolar—, herrialde garatuek uko egin ziotelako.
COP30 bileraren Brasilgo presidentetzak bi aukera zituen: erregai fosilen merkatua eta erabilera gutxinaka murrizteko interesa duten herrialdeek eskatzen zutenari kasu egin, edo erregaietan oinarrituta hazten ari diren estatuei —dela asko kontsumitzen dituztelako edo asko esportatzen dituztelako— men egitea. Eta bigarrenaren alde egin du. Belemen (Brasil) egin dituzten negoziazioen azken astean, presidentetzak akordio zirriborro bat egin zuen, eta bertan jasoa zegoen erregai fosilak erabiltzeari uzteko bide orri baten proposamena garatzeko aukera. Bada, petroestatuen mehatxua dela eta, azkenean kanpoan geratu da aukera hori. Bide orri hori garatzea nahi zuten herrialdeek ere mehatxu egin zuten, artikulu hori ez balego negoziazioak blokeatuko zituztela, baina azkenean akordioa babestu dute, NBEren konferentzia hauetan aho batez onartu behar baitira hitzarmenak.
Brasilgo presidentetzak Egiaren COP gisa izendatu zuen aurtengo biltzarra, baina egiatan huts egin dio duela bi urte Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egindako COP28 goi bileran onartutakoari, erregai fosilik gabeko etorkizun bat eraikitzeko konpromisoa hartu baitzuten herrialde denek. Eta ikusteko dago orain gelditasun horrek zer eragin izango duen. Uztailean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak baieztatu zuen estatuek klima aldaketari aurre egiteko betebeharra dutela, NBEko Batzar Nagusiak auzitegiari iritzia eman zezan eskatu ostean. Baina horretaz gain, zehaztu zuen Parisko Hitzarmena ez dela klima aldaketaren esparruan eragina duen nazioarteko itun bakarra, eta gainontzeko nazioarteko zuzenbide publikoko itunak —Itsasoko Zuzenbidea, Nazio Batuen Gutuna...— estatuen jarduna epaitzeko kategoria dutela jakinarazi zuen. Izan ere, herrialde askok klimaren arloko betebeharrak alboratu dituzte, argudiatuz Parisko Hitzarmena dela afera horretan eragina duen itun bakarra, hitzarmen horretan ez baitago helburu eta betebehar zehatzik jasota. Hala, bide orri hori garatu ezean, gizarte zibileko ekinaldiek argudio gehiago izan ditzakete estatuei kontuak eskatzeko.