Parisko Hitzarmena sinatu zutenetik 10 urte betetzear direla, zantzuak daude pentsatzeko ezingo dela bete planetaren berotzea gehienez bi gradura mugatzeko helburua. Stockholmeko Ingurumen Institutuak, Garapen Jasangarrirako Nazioarteko Institutuak eta Climate Analytics-ek argitaratu duten txosten baten arabera, munduko gobernuak energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak bultzatzen ari dira, baina ez diote utzi petrolioa, gas naturala eta ikatza ustiatzeko laguntza emateari. Areago, laguntza horiek handitzen ari dira. Horren ondorioz, eta datozen urteetarako aurreikusita dagoen erregai fosilen ekoizpena kontuan hartuta, kalkulatu dute planetaren berotzea ez dela geratuko 1,5 eta 2 graduren artean.
Planetaren berotzea gradu eta erdian mantentzeko, 2030eko erregai fosilen kontsumoak aurreikusita dagoenaren erdia baino txikiagoa izan beharko lukeela kalkulatu dute. Eta 2030erako aurreikusita dagoen kontsumoa bi gradura mugatzea lortzeko —Parisko Hitzarmenak aurreikusten duen egoerarik txarrena—, orain baino %77 txikiagoa izan behar luke. Gainera, joerak okerrera egin duela ikusi dute ikertzaileek, 2023. urtean egindako ikerketan baino erregai gehiago ekoiztea aurreikusten baitute orain herrialdeek. Txostena egiteko, denen artean munduko erregai fosilen %80 baino gehiago ekoizten dituzten hogei herrialderen planak aztertu dituzte. Hogei herrialde horietatik hamazazpik ekoizpena handitzeko asmoa dute.
Nazio Batuen Batzar Nagusiaren atarikoan plazaratu dute txostena. Batzar hori bihar hasiko da, Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan (AEBak). Izan ere, Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmeneko herrialdeek biltzar horretako bigarren eguna, asteazkena, dute azken eguna nazioaren arabera zehaztutako ekarpenak aurkezteko —karbono isuriak murrizteko herrialde bakoitzak bost urtean behin berritzen dituen politikak—, eta oraingoz 196 herrialdeetatik 31k soilik aurkeztu dute 2035 urtera arteko proposamena, COP30en webgunean irakurri daitekeenaren arabera.
Txinak, atmosferara karbono gehien isurtzen duen herrialdeak, asteazkenean aurkeztuko du bere plan berria, eta Europako Batasunak, berriz, ez ditu etxerako lanak egin, eta urriaren amaierara arte itxaron beharko da blokeak 2035era arte zer ekarpen egingo dituen jakiteko. Horren ordez, joan den astean iragarri zuen asteazkeneko bilkurara «intentzio gutun bat» eramango duela.
Ekoizpena, gora
Gaurtik 2050. urtera arteko aurreikuspena egin dute ikertzaileek, eta, ikatzaren ekoizpena gutxitu egingo dela kalkulatu badute ere, gas naturalaren eta petrolioaren produkzioak gora egingo du. Gauzak hala, 2050erako aurreikusita dagoen ekoizpena planetaren berotzea gradu eta erdira mugatzeko beharrezkoa dena baino 4,5 aldiz handiagoa izango da, eta, berotzea bi gradura mugatzearekin alderatuz gero, 2,5 bider handiagoa.
Gainera, ikertzaileek herrialde horien politikak jo dituzte erruduntzat, ikusi baitute erregai fosil gehien ekoizten dituzten herrialde guztiek jarraitzen dutela sektore hori diruz laguntzen, baita politikoki laguntzen ere. New Yorkeko batzarra hasi aurretik, iragarri dute 2026ko apirilean Kolonbian egingo dela Erregai Fosilen Ezabapen Progresiborako lehen Nazioarteko Konferentzia.
Nola lortu hamar bilioi dolar klima justiziarako
Oil Change International elkarteak kaleratutako ohar baten arabera, neurri batzuk hartuz gero urtean hamar bilioi dolar lortzeko aukera dago klima larrialdiari aurre egiteko. Horietatik 6,6 bilioi Iparralde Globaleko herrialdeetan egin daitezkeen esku hartzeetatik lortu litezke.
Dirudunenak gehiago zergapetuz gero, ia 6 bilioi lortu daitezke; 2,5 bilioi, erregai fosilen sektorean inbertitzeari utzi eta gehiago zergapetuz gero; 1,4 bilioi enpresa handiak ondo zergapetuz eta zerga ihesa borrokatuz gero; eta bilioi erdia defentsa aurrekontuen %20 birbideratuz.