Errepresioa Mendebaldeko Saharan ez dira gertakari bakan batzuk

ELDHk txosten zabal bat argitaratu du Mendebaldeko Saharako okupazioaren inguruan. Espainiari erantzukizun historikoak bete ditzala eskatu dio, deskolonizazioa amaitzeko.

Aljerian errefuxiatuta bizi diren sahararrek autonomiaren kontra egindako protesta bat, iazko urriaren 30ean. TAHER MULAY / EFE
Aljerian errefuxiatuta bizi diren sahararrek autonomiaren kontra egindako protesta bat, iazko urriaren 30ean. TAHER MULAY / EFE
Kristina Berasain Tristan.
2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende erdi batez luzatzen ari den okupazio baten argazkia da. ELDH Demokraziaren eta Giza Eskubideeen Aldeko Europako Legelarien Elkarteak txosten batean aletu ditu Marokok Mendebaldeko Saharan egiten dituen giza eskubideen urraketak. Fifty years under occupation (Berrogeita hamar urte okupaziopean) du izena uztailean argitaratutako dokumentu horrek, eta, bertan, atalez atal, isilarazitako gatazka baten errepaso zehatza eta zabala egin dute, historian arakatuz eta gaur egun arteko egoera azaleratuz. Hauxe da ondorio nagusia: errepresioa Mendebaldeko Saharan ez dira gertakari bakan batzuk, jokabide sistematiko eta antolatu baten parte baizik. Giza eskubideen urraketa guztiak errealitate beraren parte dira, eta estrukturalak dira.

Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Harrezkeroztik, errepresioak ez du etenik izan. Espainiaren kolonia izan zen lurralde horren eraldaketa erabatekoa izan da urteotan. Marokoren praktika errepresiboak eraldatu egin dira, baina helburua bera da beti: okupazioari eustea eta, hortaz, baliabide naturalen espolazioari.

Urko Aiartza eta Serife Ceren Uysal abokatuen artean idatzi duten ikerketan, zehatz-mehatz zerrendatuta daude giza eskubideen urraketak: bortxazko desagertzeak, atxiloketa arbitrarioak, torturak, bermerik gabeko epaiketak, aktibisten aurkako jazarpena, etengabeko behaketa, diskriminazio ekonomikoa, toki publikoaren kontrola...

Lekukotzak

Mendebaldeko Saharan okupaziopean edo Aljerian erbesteraturik bizi diren sahararren lekukotzak jaso dituzte txostenean, bi eremuetan lan egiten duten elkarteen laguntzarekin. Mendebaldeko Saharan sartzea, baina, ezinezkoa izan da abokatuentzat. Horixe da ikerketan salatu dituzten gauzetako bat. Marokok erabat blokeatuta dauka lurraldea nazioarteko behatzaileentzat, eta horrek eragin zuzena izan du metodologian. Abokatuek Internet bidez elkarrizketatu zituzten ekintzaile sahararrak, otsailean, eta haien burua babeste aldera, ez dute izen-abizenik eman nahi izan. 

Kontrol soziala sistematikoa dela ondorioztatu dute: sahararren aurkako jazarpena eta diskriminazioa areagotu egin dira; bazterketa erabatekoa da, ekonomikoa eta soziala, eta kolonoek, berriz, aukera gehiago dituzte lana eta etxea edukitzeko. Horrek gizartearen eta demografiaren eraldaketa sakona eragin du. Marokok, bada, kolonoak lehenesten ditu, onura ekonomikoak emanez; fosfatoetan, arrantzan eta nekazaritzan aritzen dira bereziki.

Espoliazioan datza, hain zuzen ere, auzi honen jatorria. Mendebaldeko Saharan dago aire zabaleko fosfato meategirik handiena, baita arrantzalekurik oparoenetakoa. Europan merkaturatzen diren barazki eta fruta ugari ere handik datoz, baita hondartzetako hondarra ere. ELDHk, alde horretatik, eskakizun irmo bat egin dio Europako Batasunari: bete ditzala bere sententziak. Europako Justizia Auzitegiak ebazpen historikoa eman zuen 2024an, EBren eta Marokoren arteko merkataritza akordioak baliogabetuz.

Minursoren zereginari ere erreparatu diote dokumentuan. Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa giza eskubideen urraketak ikuskatzen ez dituen nazioarteko misio bakarra da. ELDHk mekanismo independente eta iraunkor baten beharra azpimarratu du; izan ere, adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea bera urratuta daude lurraldean, nazioarteko zuzenbidearen arabera oinarrizkoak diren eskubideak, alegia.

Giza krisia

Aljeriako errefuxiatu guneetan mende erdi batez nolabait iraun duten sahararren egoera ere latza da. Demokraziaren eta Giza Eskubideeen Aldeko Europako Legelarien Elkarteak giza krisiaz ohartarazi du txostenaren amaieran; izan ere, nazioarteko diru laguntza gero eta urriagoa da. 2020ko azaroan abiarazitako gerrak, berriz, zeharo baldintzatu du lurralde liberatuetan bizi ziren sahararren bizimodua. Manfred O. Hinz abokatuak osatutako eranskinak erreferentzia egiten die SMACO Minen Arloko Jarduerak Koordinatzeko Saharako Bulegoko erakundearen datuei, zehaztuta droneen erasoen eraginez 30.000-40.000 sahararrek ihes egin behar izan dutela eremutik.

Ikerlana argitaraturik, Mendebaldeko Saharako egoerari buruzko nazioarteko eztabaida sustatu nahi dute ikerlariek. Oraindik Nazio Batuen Erakundean ebatzi gabe dauden auzi nagusietako bat dela iritzita, ekarpen bat egin nahi izan dute, dokumentazio juridikoa emanez. ELDHk argi mintzatu da lurraldearen statu quo-ari buruz: oraindik deskolonizatu gabeko lurralde bat da. Espainiari eskatzen dio nazioarteko zuzenbidearen araberako bere erantzukizun historioak bete ditzala: Espainia potentzia administratzailea da oraindik ere, ez baita amaitu abandonatutako lurraldearen deskolonizazio prozesua. Madrilgo Akordioek ez zuten transferitu subiranotasuna. 

Espainiari, Marokori eta NBEri neurri zehatzak eskatu dizkiote irtenbide baketsu bat bilatzeko, sahararrek autodeterminaziorako duten eskubidea erabat gauzatu ahal izateko. Egiarantz urratsak egiteko ere eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA