Katalunia

"Errepublikarantz jarraituko dugu aitzakiarik gabe"

Gaur betetzen dira bi urte Kataluniako erreferenduma egin zutela. Agerraldia egin dute Generalitateko presidenteak eta kontseilariek, eta iragarri duela bi urte hasitako bideari eutsiko diotela.

Quim Torra presidentea, Generalitateko kontseilariekin. ANDREU DALMAU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 1a
14:33
Entzun

Gaurko egunez jendez gainezka zeuden Bartzelonako kaleak duela bi urte. Autodeterminazio ariketa bat zen. Espainiako Gobernuaren mehatxuei eta Madrildik joandako ehunka poliziei aurre eginez, milaka herritar joan ziren bozkatzera. Jarraian ikusitako irudiak ezagunak dira: kolpeak, zaurituak, protestak, oihuak... Gero iritsi ziren bertan behera utzitako independentzia deklarazioak, erbesteak, epaiketak eta presoak. Eta horien guztien ondorioa, hots, epaia etortzear dela heldu da bigarren urteurrena. Bideoa: herritarrak bozkatzen, 2017ko urriaren 1ean (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/1DiGTgyQUN0[/YouTube]

Bart Montserrateko monasterioaren inguruko mendietan argiak piztu zituzten, 131 guztira, Generalitateko gaur arteko presidenteen eta preso politikoen omenez. ANC Kataluniako Batzar Nazionalak eta Omniumek egin zuten deialdia, eta ehunka lagunek hartu zuten parte, tartean, baita Carles Puigdemont presidente ohia ere, sare sozialetan zabaldutako argi baten irudiekin bere agintaldia —130.a— irudikatuz.

[Youtube]https://youtu.be/Lo9XS8epULA[/Youtube]

Generalitateko buruak ere, Quim Torrak, gogoan izan du erreferendumaren urteurrena. Pere Aragones presidenteordearekin eta gainontzeko kontseilariekin batera egindako agerraldi instituzional batean, iragarri du errepublikarantz jarraituko dutela "aitzakiarik gabe" eta bide demokratiko eta baketsuetatik. Urriaren 1arekiko konpromisoa izeneko testuan, Generalitateak konpromisoa hartu du lanean jarraituko duela presoak aske eta erbesteratuak etxean izan arte. "Kataluniako herritarrekiko hartzen dugun konprimso bat da, pentsatzen dutena pentsatzen dutela ere herrialde hobea eraiki eta gure proiektuak aurrera eramateko".

Erreferendumaren bigarren urteurrena baino gehiago, ordea, haren ostean Kataluniako buruzagi independentisten aurka hasitako prozesua eta etortzear den epaia dago gehienen buruan. Data jakinik ez badu ere, zenbait iturrik aurreratu dute hilaren 16a baino lehen jakinaraziko duela erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak. Oraintxe bederatzi dira diru publikoa oker erabiltzea, desobedientzia eta matxinda egotzita espetxean daudenak: Oriol Junqueras, Josep Rull, Josep Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxell Borras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart.

Matxinadaren eta sedizioaren artean banatuta dago akusazioa. Zigorra 15 eta 20 urte artekoa izan daiteke matxinada egozten badiete, eta hamar eta hamabost artekoa sedizioa leporatuz gero. Ordea, matxinadagatik akusatu ahal izateko, frogatu behar dute indarkeria egon zela erreferendumean eta haren inguruko protestetan.

Bigarren auzia

Politikarien aurkakoaz gain, CDRko kideen atxiloketak ere hautsak harrotu ditu azken asteetan. Bederatzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak irailaren 24an, epailearen aginduz; "talde terroristako kide" izatea egozten diete, eta, aske uztea "arriskutsua" izan daitekeela argudiatuta, behin-behinean espetxeratzea agindu dute. Auzia non eta noiz amaituko den ez dago argi; izan ere, atxilotuak Torra presidentearekin eta Puigdemontekin lotzeko ahalegina salatu du Generalitateko presidente ohiak dagoeneko: "Nire aurkako hirugarren euroagindua nahi dute, eta helburu horrekin ari dira niri terrorismoa egozteko ahaleginean".

Madrildik datozen mezuak ere ez dira lasaigarriagoak. Pedro Sanchez jarduneko presidenteak, kanpaina betean sartuta, behin baino gehiagotan aipatu du dagoeneko 155. artikulua bigarrenez aplikatzeko aukera, eta Generalitateari eskatu dio gaitzets dezala "indarkeria mota oro", CDRko kideei erreferentzia eginez.

Bitartean, bi auziekin lotuta eta bigarren urteurrenaren harira, ehunka lagun elkartu dira Guardia Zibilak Gironan duen kuartelaren aurrean lehenik eta Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren parean ondoren. Dozenaka mosso daude bi eraikinen inguruan, manifestariak gerturatu ez daitezen. Segurtasun indarrek manifestarietako bat ere identifikatu dute, eraikinera arrautzak jaurtitzeagatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.