Israelek Erresuma Batuari emandako epea amaitu da gaur. Hala, Londresek Jerusalem ekialdean zuen kontsulatua itxi behar izan du, eta misio diplomatiko bihurtu. Ed Miliband Atzerri ministroak, dena den, argi utzi du beren jarduera ez dela bertan behera geratuko, eta palestinarrei eta Palestinan dauden britainiarrei zerbitzua ematen jarraituko dutela. Gaur goizean zabaldutako ohar batean egin ditu adierazpen horiek ministroak, eta azpimarratu du Israelek ez duela «legezko eskubiderik» Jerusalem ekialdeko kontsulatua ixteko.
Tel Avivek ezarritako neurriak, hala ere, Londres behartu du Palestinan duen ordezkaritzaren egitura eta funtzionamendua moldatzera. Milibandek jakinarazi duenez, kontsulatuaren eraikinak Erresuma Batuko Misioa izena hartuko du aurrerantzean, eta bertako langile gehienak eta haien familiak eraikinetik atera dira; ministroaren esanetan, baina, «aldi baterako soilik» eta «segurtasun arrazoiengatik».Â
Gaur goizean kontsulatuak fatxadatik kendu ditu egoitza identifikatzen zuten plakak eta seinaleak. Erresuma Batuko bandera, ordea, eraikinean ikus daiteke oraindik, eta webguneak martxan jarraitzen du.
Kontsulatuaren auzia bereziki esanguratsua da ordezkaritza horrek duen balio historikoagatik. Londresen egoitza Israelgo Estatua sortu aurretik zegoen jada han, eta ia 200 urteko historia du —hirian urte gehien daraman ordezkaritza da—. Gainera, Jerusalem ekialdean dago, hau da, Israelek 1967ko gerran okupatutako eta 1980an anexionatutako eremuan —nazioarteak ez dio Israeli eremua aitortu—, eta Erresuma Batuaren eta Jerusalemgo, Zisjordaniako eta Gazako palestinarren arteko harremanak kudeatzen ditu.
Londresen eta Tel Aviven arteko harremanak, okerreraÂ
Israelek irail hasieran agindu zuen kontsuletxea ixteko, eta hilabeteko epea eman zion Erresuma Batuari horretarako. Historian, bi herrialdeek harreman estua izan dute segurtasunaren, zerbitzu sekretuen eta diplomaziaren arloetan. Azken urteetan, ordea, desadostasunak areagotu egin dira. Azkena irailaren 8an piztu zen, Londresek debekua ezarri zionean Israelek Zisjordania okupatuan ekoitzitako produktuak inportatzeari.Â
Israelgo Gobernuak neurri horri erantzuteko agindu zuen kontsulatua ixtea. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek gaur ohar batean argi utzi du zein zen agindu horren helburua: «Munduko herrialde guztiekin harreman ona izan nahi dugu, baina Israelen aurka jokatzen duen edozein herrialdek jakin behar du ekintza horrek kostu bat izango duela».
Israelek pertsona bat hil du gazan
Israelgo armadak Gaza iparraldeari eraso egin dio gaur ere, eta palestinar bat hil du. Zerrendako larrialdi zerbitzuek eman dute heriotzaren berri. Horiek azaldu dutenez, eraso egin dioten eraikin batean zegoen hildakoa, larri zaurituta. Al Xifako ospitalera eraman dute, eta bertan zendu da.Â
Israelgo Gobernuaren arabera, Londres azken hilabeteetan gero eta jarrera kritikoagoa hartzen ari da «Israelek Palestinako lurraldeetan duen politikaren inguruan». Saarrek berak aipatu ditu Tel Aviv haserretu duten ekintza batzuk: Palestinako Estatuaren aitortza —2025eko irailean —, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari emandako babesa, eta Israelgo hainbat agintariren aurka ezarritako neurriak, besteak beste.
Hala ere, atzo gauean bi gobernuek akordio bat lortu zuten gatazka diplomatikoa gehiago ez areagotzeko. Horren arabera, kontsulatuak bere jarduera arrunta etengo du, baina eraikinak gobernu britainiarraren esku jarraituko du, eta zazpi diplomatikok lanean segituko dute han. Saarrek gaur azpimarratu du haien jarduera «oso mugatua» izango dela; hala ere, Erresuma Batuak palestinarrekin dituen harremanei eusteko eta bere presentzia diplomatikoa mantentzeko balioko du. Bi aldeek elkarrizketari eusteko konpromisoa ere hartu dute, eta elkarren arteko gatazka gehiago saihestea adostu dute.