Errugabeen etengabeko isuria hamabi urtez

Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean azken hamarkadan gertatzen ari diren erasoak ADF talde armatu jihadistari egozten zaizkio. Horren guztiaren erantzukizuna, ordea, ez dute aztertzen.

ADFren ustezko laguntzaileak uxatzeko epaiketa publikoak auzitegi militar batean, 2018an, Benin (Kongoko Errepublika Demokratikoa). OSKAR EPELDE JULDAIN
ADFren ustezko laguntzaileak uxatzeko epaiketa publikoak auzitegi militar batean, 2018an, Benin (Kongoko Errepublika Demokratikoa). OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
2026ko martxoaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

2014tik orain arte, ADF Indar Demokratiko Aliatuak talde armatuak 12.750 zibil hil eta 3.000 baino gehiago bahitu ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan. Herrietan suntsitu dituen eskolak, osasun zentroak, etxeak eta motorrak ere zenbatu ditu CEPADHO izeneko egitura zibil batek. Esan behar da hilketen ondoren ez direla ikerketak egiten eta berehala egozten zaiola errua ADFri; hasieran Beni lurraldean, baina jada baita Irumu, Mambasa eta Luberon ere errugabeak hiltzen dituzten bakoitzean, nahiz eta borreroak naturan desagertu ohi diren erasoa burutu ondoren.

Herri txikien aurkako eraso eta sarraskiak duela hamabi urte hasi ziren Beni lurraldean. ADFkoak, jatorriz Ugandako Museveniren arerioak, Ipar Kivu (Kongoko Errepublika Demokratikoa) iparraldeko ekialdeko muturrera iritsi ziren, eta bertakoekin harreman onak egiten saiatzen ziren, aditu kongoarrek esaten dutenaren arabera. Baina 2014an, Kinshasako gobernuak ADFren aurkako operazio militarrak jarri zituen martxan, eta, harrezkero, zibilen sarraskiak operazio militarren aurkako mendekutzat hartzen dira. 2017az geroztik, ADF jihadismoaren aldarrikapen entzutetsuak egiten hasi zen, inork ez daki nondik, Internet bidez. Semuliki ibaiaren arroko basoan kalifa herri bat sortu nahi omen zuela esaten zuten armadako bozeramaileek, eta, aldi berean, ikus-entzunezko ikaragarriak erabili zituzten, armak gisa, helburu ilunak aitzineratzeko.

Hiltzen dituzten zibilen ikuspuntutik, etengabeko segurtasunik eza da hori guztia hamabi urtez jasan dutenek pairatzen duten ondorioa. Aldiro operazio militarren berri ematen bada ere, egitura zibilek salatzen dute estatuak eta armadak ez dituztela babesten.

Adibidez, iazko azaroaren 14ko azken orduetan, ADFko kideak, ustez, Luberoko Biambwe herrian sartu ziren, eta osasun zentroa erre zuten. Barruan zeuden hamazazpi pertsona hil zituzten. Monuscok (Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa) gerora egindako jakinarazpenaren arabera, azaroaren 13tik 19ra ADFk 89 pertsona hil zituen Baswaghako hainbat herrixkatan. 

«Biambweko ospitalean, erditzera joandako emakumeak eta haurrak ere hil zituzten. Eta, ondoren, lauzpabost egunez inguruan geratu ziren. Nola da posible?» galdetu du Butemboko Unibertsitateko irakasle eta ikerlari Edgar Katembo Matesok. Luberon, Bapere sektorean bereziki, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Ugandako soldaduak daude, baita wazalendo edo maimai talde armatuak ere. Katemboren esanetan, «indar horien guztien koordinaziorik eta gaitasunik ezaren enigmaren ildotik sortzen da galdera».

Duela urtebete pasatxo, Luberoko herri xumearen odol isuria etengabeko mehatxu bihurtu zelarik, maimai talde armatuak handik alde egiteko ere eskatu zuten zibilek: alferrik, jakina. M23 Martxoak 23 Mugimenduaren aurkako gerran Kinshasako agintaritzak ahaldundu dituen talde wazalendoek zibilei ezartzen dizkieten ordainarazpenak salatzen zituzten, baina Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuaren agintaritzak baieztatu zuen talde wazalendoak segurtasuna bermatzeko baliatuko zituela. Adierazten zuten horiei esker Biambweko hilketako biktimen kopurua izan zitekeen baino txikiagoa izatea lortu zutela, eta talde terroristaren bila abiatu zirela. Bere hartan amaitu zen jazarpena.

«Biambweko ospitalean, erditzera joandako emakumeak eta haurrak ere hil zituzten. Nola da posible?»

EDGAR KATEMBO MATESO Butemboko Unibertsitateko ikerlaria

2025eko urtarrilean, ADFk hainbat tokitan 200 pertsona baino gehiago hil dituela esan zuen Didier Kamundu Asanblea Nazionaleko diputatuak, herriaren egonezinaren aurrean Ituriko gobernadoreak otsail bukaeran antolatutako foroan. 

Edgar Katembo ikerlariak segurtasun gobernantzaren porrotari leporatzen dio: «Segurtasun indarrak ez dira terroristen atzetik joaten; posizioak hartu eta behin-behinean babesten dituzte bakarrik. Modus operandi horrek larriagotu egiten du arazoa». Zera erantsi du: «Estrategia juridikoari ez diote jadanik jaramonik egiten. Krimenen egileak eta laguntzaileak ez dituzte ez aurkitzen, ez epaitzen. Zibilak euren kabuz utzita daude». 

'Shujaa' operazioa

M23k ez bezala, ADFk ez dio Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentearen gobernuari zuzenean mehatxu egiten, ezta eraso ere. Herri xumea du jomugan. Herritarrei ordainarazten dizkieten mendekuetan bilatzen du bere eragina, nonbait. ADFk borrokarako benetako indarrik ez duen seinaletzat hartzen dute hori adituek. Armadak presio militarra areagotuko balu talde terrorista neutralizatzea posible litzatekeela dio Katembok.

2021az geroztik, Ugandako armadak bat egin zuen, Kongoko Errepublika Demokratikokoarekin batera, ADFren aurkako operazio militar bateratuekin. CRDH giza eskubideen aldeko erakunde zibilaren sortzaile Jean Paul Ngahangondiren esanetan, hasieran Shujaa (Ausart) deitutako operazio hori Ruwenzori sektorean eraginkorra izan zen, ADFkoak lekuz aldatzea eragin baitzuen. Talde txikiagoetan, Ituriko eta Luberoko urruneko eremuetan kokatu ziren, eta «bat-batean, indar ugandarrak amorfo bihurtu ziren lurraldean», dio Ngahangondik. Beni lurraldeko diputatu probintzial hautatua izan zen Ipar Kivun, setio egoera ezarri baino lehen, eta bi aldiz izan da kartzelatua segurtasunaren gobernantzaren porrota salatu ondoren. Estatuaren lidergo krisia kokatzen du arazoaren muinean. «Ozen eta argi esatea ez da traizioa, ezta nazioaren aurkako iraina ere. Aitzitik, herritarren erantzukizunaren ekintza bat da» dio. Oposizioko alderdi batekin bat egin du.

«Elkarrizketan parte hartzea lagungarria izan daiteke helburua biztanleak babestea izanik, baina nor ari da entzuten?»

JEAN PAUL NGAHANGONDI Giza eskubideen aldeko ekintzailea

Sarraski sinesgaitzenak gertatu ondoren, elkarrizketaren konponbidea are urrunago dago orain. Otsaileko foroaren ondoren, Shujaa operazioak martxoaren 5etik 8ra Mambasako Walese Karo urruneko basoetan egin duen operazioa da armadak ekarri duen albistea. 100 bat kilo lehergai aurkitu, 100 bahitu askatu, eta Moussa Baluku ADFko buruaren sendagilea hil dutela esan du. Elkarrizketaren bideari buruz galdetzean, Ngahangondik zera dio: «Elkarrizketan parte hartzea lagungarria izan daiteke helburua biztanleak babestea izanik, baina nor ari da entzuten? Nor ari da entzuten?». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA