Errumanian babes are handiagoa jaso du eskuin muturrak

George Simion ultraeskuindarrak botoen %41 lortu ditu presidentetzarako bozetako lehen itzulian. Nicusor Dan, Bukaresteko alkatea, bigarren geratu da, ozta-ozta, botoen %21 eskuratuta. Biak bigarren itzulian lehiatuko dira, maiatzaren 18an.

Simionen hitzaldia entzun zuten AUR alderdiaren egoitza nagusian egindako ekitaldi batean, Bukaresten. ROBERT GHEMENT / EFE
Simionen hitzaldia entzun zuten AUR alderdiaren egoitza nagusian egindako ekitaldi batean, Bukaresten. ROBERT GHEMENT / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 5a
11:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Sei hilabetean bigarrenez egin zuten atzo Errumaniako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia. Azaroaren 24an egin zuten lehenbizikoz, baita bigarren itzuliaren atarian baliogabetu ere, Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuelako Errusiak esku hartu zuela Calin Georgescuren sare sozialetarako hauteskunde kanpainan —botoen %22,9 lortuta irabazi zuen ordu hartako lehen itzulia—. Auzitegiak inhabilitatu egin zuen Georgescu eskuin muturrekoa, eta hark babesa adierazi zion George Simioni, zeinak Georgescuren «oinordeko politikotzat» daukan bere burua. Bada, AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza alderdi ultranazionalistako burua gailendu zen atzo lehen itzulian, Georgescuren emaitzak bikoiztuta, gainera: botoen %41 eskuratuta —inkestek aurreikusi baino hamar puntu inguru gehiago—.

«Errumaniako herriak hitz egin du; bada garaia entzuteko. Hemen nago Errumaniara ordena konstituzionala itzul dadin. Nire helburu bakarra da Errumaniako herriari lapurtu diotena bueltatzea». Horrela mintzatu zitzaien Simion herritarrei atzo, bere bulegoan grabatutako bideo batean. Sare sozialetan «errespetua» galdegin du behin baino gehiagotan, eta eskertu egin du hautetsontzietan jasotako erantzuna: «Garai handi baten egunsentia da hau: nazio subiranoak, askatasuna eta zentzua; ez tirania, ideologia gaixoak eta gehiegikeria amaigabeak».

Lehen itzulia Simionek irabaziagatik ere, bigarren itzulia egin beharko dute maiatzaren 18an, ez baititu lortu gutxienez botoen erdiak. Lehia estua izan da Nicusor Dan Bukaresteko alkatearen eta Crin Antonescu Errumaniako gobernu koalizioko alderdien hautagaiaren artean: botoen %20,99 eta %20,07 lortu dituzte, hurrenez hurren; beraz, Simion eta Dan aurrez aurre arituko dira hemendik bi astera. Bigarren itzulia «zaila» izango da Dan eskuindar eta europazalearen arabera: «Ez da bi banakoren arteko debatea izango, ezpada Mendebaldearen aldeko eta kontrako noranzkoena».

Izan ere, EB Europako Batasunaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kide da Errumania: Simion EBren kontrakoa da, baina NATOri babesa erakutsi dio —Itsaso Beltzerako sarbidea du Errumaniak, eta Ukrainaren mugakidea da; dena den, AUR alderdikoa Ukrainari laguntza militarra ematearen kontra agertu da—. Orain, Bukaresteko alkatearen xedea gainontzeko alderdi eta hautesle europazaleak bere alde jartzea da, bart gauean esan zuenez: «Europako Batasunaren parte izateak oparoaldia dakar; NATOrena izateak, berriz, segurtasuna». Bigarren itzulira igaro ez diren hautagaiek orain ez diote babesik erakutsi Dani, baina, atzo esan zuenez, harentzat garrantzitsuena da jakitea ea zer presidentegairen alde lerratuko diren herritarrak.

Atzoko hauteskundeetan, ez ziren bigarren itzulira igaro Victor Ponta populista (%13,05) eta Elena Lasconi kontserbadorea (%2,68) —baliogabetu zituzten iazko bozetan, bigarren itzulira igaro zen Lasconi, botoen bostena lortuta—. Lehen itzuliaren biharamunean, USR alderdiko presidente kargua utziko duela iragarri du Lasconik.

%61

Diasporako zenbat errumaniarrek bozkatu duten Simioren alde. Ia 18 milioi errumaniar zeuden botoa ematera deituta, eta parte hartzea %53,2koa izan zen, aurreko bozetan baino puntu bat inguru handiagoa. Diasporari dagokionez, milioi bat lagunek eman zuten botoa, azaroko lehen itzulian baino laurden bat gehiagok. Horien artean, %61ek Simionen alde egin zuten; Danen alde, berriz, %25,45ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.