Errusiak 30 lagunetik gora hil ditu Donetsken, aire bidezko eraso batean

Autobus bat suntsitu du Errusiako armadak, eta bidaiari guztiak zibilak zirela jakinarazi dute iturri ofizialek. Zelenskik esan du balitekeela hildako gehiago egotea, eta ohartarazi du Moskuren erasoa ez dela erantzunik gabe geldituko.

Suhiltzaileak Errusiak Donetsken egindako erasoan kiskali den autobusean lanean, gaur goizean. EFE
Suhiltzaileak Errusiak Donetsken egindako erasoan kiskali den autobusean lanean, gaur goizean. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 8a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Errusiak hogei lagunetik gora hil zituen, eta gaur 30 baino gehiago hil ditu Ukrainako Kramatorsk hirian, Donetsk eskualdean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak zehaztu duenez, Errusiak nahita egin dio eraso «garraio publikoaren ohiko geraleku» bati, eta salatu du kanpaina «basati» baten parte dela. Errusiak zibilen aurka aurten egin dituen eraso larrienetako bat da.

Vadym Filaxkin Donetsk eskualdeko fiskalak zabaldu duenez, 10:00 aldera gertatu da aire bidezko erasoa. Autobus bat jo du Errusiaren misil batek, eta beste autobus batek ere su hartu duela adierazi du fiskaltzak. Hemezortzi lagun zauritu dituztela ere esan du, eta ohartarazi balitekeela hildako gehiago aurkitzea datozen orduetan. Erasoaren ondorioz, garraio publikoaren zerbitzua bertan behera utzi dute gaur eskualde horretan, eta fiskalak herritarrei eskatu die «gune seguruago» batera alde egiteko. Ukrainako agintariek gerra krimen bat izan dela adierazi dute.

Donetsk 2022an anexionatu zuen Errusiak —Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak ere anexionatu zituen—, eta haren %75 inguru kontrolpean du. Kramatorsk eta Sloviansk hiriak Donetsk eskualdean daude, baina Ukrainaren esku daude oraindik. Moskuk Kievi agindu izan dio oraindik kontrolpean dituen herri horietatik alde egiteko eta Errusiako armadaren esku uzteko. Kievek, ordea, uko egin dio beti agindu horri. Hori dela eta, Errusiako armadak erasoak areagotu ditu hiri horien aurka. NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Errusiak zibil gehiago hil ditu aurtengo abuztuan iaz urte osoan baino.

Zelenskik gaur X sare sozialean idatzi du Errusiaren azken eraso hori ez dela erantzunik gabe geldituko: «Errusia Donbasseko bizitza guztiak suntsitzen ahalegintzen ari da, eta beharrezkoa da nazioartearen erantzun bat iristea. Erantzun sendo bat, errusiarrek hil dituzten pertsona guztiengatik. Hildako guztiek bakean har dezatela atseden».

Lituaniak soldadu gehiago bidali ditu mugara

Lituaniako Defentsa ministro Robertas Kaunasek gaur LRT irratiari elkarrizketa batean aipatu dionez, baimena eman du Lituaniako soldadu batzuk Errusiaren eta Lituaniaren arteko mugara bidaltzeko —Kaliningradon egiten dute muga bi herrialdeek—, bertan segurtasuna sendotzeko. Adierazi duenez, ehun soldadu inguru bidali ditu «datozen asteetan» bertan jar daitezen. Bertara bidean dira jada.

Kaunasek azaldu duenez, zera da arriskua: Errusiak mobilizazio bat egitea datozen asteetan eta Errusiako hainbat errefuxiatu Lituanian sartzen saiatzea, Errusiako Gobernuarengandik ihesean. Horixe bera gertatu da Georgian, esaterako, Kaunasen hitzetan.

Lituaniako Barne ministro Martinas Katelynasek, berriz, irrati berean adierazi du Lituaniako mugetako Poliziak gainezka egin duela lan kargagatik, eta «laguntza» behar dutela, «batez ere errefuxiatuak herrialdean sartzen saiatzen ari direlako».

EUROPAKO PARLAMENTUAK UKO EGIN DIO ERRUSIAKOA AITORTZEARI

Europako Parlamentuak uko egin dio gaur Errusiako Parlamentua «organo legitimo» gisa aitortzeari. Izan ere, Europaren ustez, joan den irailean egindako hauteskundeetan «iruzur» egin zuten Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan —Ukrainaren parte dira, baina Errusiak %75 kontrolpean duenez, bertan ere egin zituzten bozak—. Gaineratu dutenez, hauteskunde horiek «demokraziaren aurkakoak» dira, eta haien ostean eratu da parlamentua.

 

Era berean, Ukrainako lurraldeetan ez ezik Transnistrian, Hego Osetian eta Abkhazian ere jarri zituzten bozkalekuak. Europako Parlamentuak hori ere gaitzetsi du. Guztira, aldeko 482 boto jaso ditu proposamenak; 39 lagun abstenitu egin dira, eta beste 41ek kontra bozkatu dute.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA