AEBek Irani egindako mehatxuen harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak elkartasuna adierazi dio Irango bere homologo Abbas Araghtxiri, telefonoz. «Bidezko irtenbide politikoak eta diplomatikoak lortzeko negoziazioen alde egin du Errusiak», dio Atzerri Ministerioak argitaratutako oharrean. Teheranek, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeari jakinarazi dio ez daukala «inolako gerrarik» abiatzeko asmorik, baina «erantzuteko prest» dagoela.
Diplomaziaren bidea hartzeko eskatu die Kremlinek bi aldeei azken egunetan, baina Errusiako Atzerri ministroak gaur zehaztu du tentsioa arindu dezakeen edozein irtenbidek bermatu behar duela Iranen «eskubide legitimoak errespetatzea», eta bat etorri «arma nuklearren kopurua mugatzeko eta ikuskatzeko itunarekin».
Errusiaren eta Iranen arteko harremana, ordea, ez da horretara mugatzen soilik. Izan ere, lankidetza estrategikorako itun bat sinatu zuten duela urtebete eskas, eta, atzo, horren adibide bat erakutsi zuten: maniobra militar bateratuak egin zituzten Ormuzko itsasartean.
Gainera, iragan asteburuan ere babesa erakutsi zion Moskuk Teherani, Errusiako presidente Vladimir Putinen ohar baten bidez. «Errusiak babestu egiten ditu Iranek bere subiranotasuna eta bidezko interesak babesteko egindako ahaleginak. Baita nazioarteko egoera korapilatsuan herrialdearen segurtasuna bermatzeko egindakoak ere», idatzi zion Masud Pezexkian Irango presidenteari.
CNN telebista kateak eta The New York Times egunkariak atzo zabaldu zuten AEBetako armada prest dagoela Irani eraso egiteko, baina Donald Trump presidentearen oniritziaren zain dagoela. Izan ere, bi herrialdeen arteko tentsioa are gehiago handitu da azken astean. AEB eta Iran programa nuklearraren gainean negoziatzen ari dira, eta beste elkarrizketa saio bat izan dute aste honetan Genevan, Suitzan, baina ez dute akordiorik lortu. Eta, gaur-gaurkoz, ez dirudi akordiorik egingo dutenik, ez epe motzean, behintzat.
Horregatik, eta Irani presio egiteko, AEBek armadaren presentzia areagotu dute Ekialde Hurbilean. Besteak beste, Trumpek urtarril amaieran bidali zuen Abraham Lincoln hegazkinontzia hara; haren hitzetan, eskualdean «segurtasuna eta egonkortasuna» sustatzeko. Eta Gerald R Ford hegazkinontzia ere harako bidean da —munduko handiena da—; AEBetako The New York Times egunkariak gaur kaleratutako informazioaren arabera, Ekialde Hurbileko uretan da jada.
Irtenbideak, edozein dela ere, «diplomatikoa» behar luke izan, Araghtxiren hitzetan, eta Washingtonen Ekialde Hurbileko hedapen militarra ez da «beharrezkoa», ezta «lagungarria» ere. AEBetako MS NOW telebista katean egindako adierazpenetan, Irango Atzerri ministroak argi utzi du AEBetako armadaren eraso batek egoera «konplikatuko» duela.
Bada, Trumpek atzo hitz egin zuen, bere neurrira eratu duen Bake Batzordearen lehen bileran. AEBetako presidentearen hitzetan, beharrezkoa da programa nuklearraren gaineko «akordio esanguratsu bat» lortzea, bestela «gauza txarrak» gerta daitezke eta. Horregatik, atzo ohartarazi zuen programa nuklearraren gainean akordio bat lortu ezean «datozen hamar egunetan» erabaki dezakeela Irani eraso egitea. Geroxeago, bost egun luzatu zuen epe hori. «Agian beste urrats bat egin beharko dugu, edo agian ez. Akaso akordio bat egingo dugu», adierazi zuen.
Gaur, Etxe Zurian eman duen prentsaurreko batean, galdetu diote ea mahai gainean duten ekintza militar mugaturen bat egitea, eta zera erantzun du Trumpek: «Esan dezaket aztertzen ari garela halako zerbait egitea».
«Benetako arriskua»
Atzo gauean, Iranek ohar baten bidez Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari jakinarazi zion Trumpek Iranen gainean esandako hitzek adierazten dutela «benetako arriskua» dagoela eraso militar bat gertatzeko, eta halakorik gertatuz gero «zirt edo zart» erantzungo duela. Horrez gain, ohartarazi zion AEBetako armadak «eskualdean» dituen instalazioak eta aktiboak «helburu legitimo» izango direla. «AEBak izango dira hori gertatzearen erantzule zuzenak eta bakarrak, eta aurreikusi ezin diren ondorioak izango ditu», gaineratu zuen.
Bestalde, Irango Petrolio ministro Mohsen Paknejadek gaur adierazi du posible dela AEBak eta Iran lankidetzan aritzea Irango petrolio eta gas sektorean. Baina ohartarazi du «beharrezkoa» dela bi herrialdeen arteko akordio nuklearra ixtea hori gauzatu dadin. Gogorarazi behar da Irangoa gas erreserbarik handienetan bigarrena dela munduan.