Joan den asteburuan nork bere aldetik AEBetako ordezkaritzarekin edukitako bilerek ekarritako tregoaren ondoren, Errusia eta Ukraina elkarri erasoka ari dira, egunero bezala. Moskuk Ukraina bonbardatu du gaur goizaldean, eta, adierazi duenez, industria azpiegiturak izan ditu helburu. Erasoak gutxienez bederatzi pertsona hil ditu. Ukrainak Dagestango Errepublikako portu bat jo du, Kaspiar itsasoan, eta pertsona bat hil da beste aire eraso batean; Voronezhen izan da hori, herrialdearen hegoaldean. Horren berri eman dute iturri ofizialek.
Iazko urtarrilean Donald Trump Etxe Zurira itzuli zenetik, Washington ari da bitartekari bi aldeen artean, baina ez du emaitzarik lortu. Trumpek atzo gauean esan zuen, gainera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak elkar «gorroto» dutela, eta hori oztopo bat dela auzia konponbidean jartzeko. Hori adierazi zien kazetariei.Â
Ordu batzuk geroago heldu dira erasoak. Errusiak Mikolaiveko portuko industria azpiegitura izan du helburu, eta bi pertsona hil ditu han. Hango gobernadorearen esanetan, dena den, zibilak ere zituen asmo bonbardaketak, hango gobernadoreak sare sozialetan esan duenez. Lau pertsona hil dira guztira. Errusiak erasoa baieztatu du.
Sumi eskualdean, herrialdearen ekialdean, bost pertsona hil ditu Errusiak droneekin egindako eraso batek. Merkataritza zentro bat jo dute.