Koronabirusaren aurkako lehen txertoa erregistratu du Errusiak, gaur. Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi duenez, munduko lehen herrialdea izan da: «Gaur goizean erregistratu da, munduan lehen aldiz, COVID-19aren aurkako txertoa». Putinek ziurtatu duenez, Errusiak aurkeztu duen txertoa «eraginkorra» da, beharrezko proba guztiak gainditu ditu, eta birusaren aurkako «immunitate egonkorra» lortzeko bidea zabalduko du.
Errusiako Osasun Ministerioak, adierazpenen ondoren zabaldutako ohar batean, azaldu du bi dosiko txertoa dela, eta «bi urte ere hartzen» dituen «immunitate iraunkorra» ematen duela. Hain zuzen ere, Putinek Ministroen Kontseiluan azaldu duenez, haren alaba izan zen txertoa hartzen lehenengoetarikoa. «Lehenengo dosiaren ondoren, 38º-ko sukarra izan zuen», adierazi du Putinek. Bigarren dosiaren ondoren, «tenperatura igo zitzaion, baina gero normaltasunera bueltatu zen», eta orain «ongi sentitzen da, eta antigorputz kopuru handia du».
Eskerrak eman dizkie Putinek txertoa lortzeko prozesuan lan egin duten zientzialariei eta «lehen pausoa eman duten guztiei», eta gehitu «oso garrantzitsua» dela Errusiarentzat eta «mundu guztiarentzat». Denbora gutxian «sendagaia masiboki ekoizten» hasi ahal izatea espero du Kremlineko buruak. Gainera, argitu du txertoa hartzea ez dela derrigorrezkoa izango, eta «hala nahi duenak» jarri ahalko duela, «bere borondatez». Gainontzeko herrialdeek COVID-19aren aurkako txertoak lortuko dituztela espero du Putinek.
Pandemiako kutsatu kopuruak hogei milioiren langa gainditu duen egunean eman du txertoaren berri Errusiako presidenteak. Hildakoak, berriz, 736.000 baino gehiago dira, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako datuen arabera. Horrez gain, hamabi milioi lagunek birusa gainditu dute.
Egun, Errusia laugarrena da kutsatze gehien dituzten herrialdeen artean. Azken datu ofizialen arabera, 897.599 positibo daude, atzo baino 4.945 kasu gehiago. Apirilaren amaieratik 5.000 kasu baino gutxiago zenbatzen diren lehenengo aldia da.
OMEren oharra
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erantzun egin die Kremlingo buruaren adierazpenei, eta arretaz hartu du albistea. Adierazi du Errusiako txertoak ere erakundeak ezartzen dituen azterketak pasatu beharko dituela, gainontzeko txertoen antzera. «Aurrerapausoak azkartzeak ez du zalantzan ipini behar segurtasuna», esan du Tarik Jasarevic OMEko bozeramaileak.
Jasarevicek jakinarazi du harremanetan daudela Errusiako agintariekin eta beste herrialde batzuekin, txertoen inguruko ikerketen aurrerapenak gainbegiratzeko. Horrez gain, erakundean «pozik» daudela esan du, txertoa edukitzeko egiten ari diren «garapen azkarrarekin», eta haietako batzuk «seguruak eta eraginkorrak» izatea espero du.
Iragan astean, OMEk iragarri zuen txertoen bilaketan zeintzuk ziren ikerketa aurreratuenak; Errusiakoa ez zegoen haien artean. Nazioarteko erakundearen arabera, sei dira ikerketarik garatuenak: Txinako laborategietan aurrera eramaten ari diren hiru txerto, Ameriketako Estatu Batuetako bi —Pfizer eta Moderna enpresenak—, eta Erresuma Batuetako Astra Zeneca konpainiarena —Oxford Unibertsitatearekin batera ari dira lanean—.