Errusiak eraso masibo bat egin du Ukrainako energia azpiegituraren kontra

Ukrainako agintariek argindarra moztu dute herrialdeko hainbat eskualdetan. Bonbardaketetan gutxienez hiru lagun hil dira, eta dozenaka zauritu.

Bi pertsona, txikitutako eraikin baten paretik pasatzen Kieven, aurreko astean. MAXIM MARUSENKO / EFE
Bi pertsona, txikitutako eraikin baten paretik pasatzen Kieven, aurreko astean. MAXIM MARUSENKO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 23a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiz eta aldeak negoziatzen ari diren, Ukrainako gerra ez dute eten. Eta, hilabeterik hotzenetan ohitura bihurtu duen gisara, Errusiak eraso masibo bat egin du gaur Ukrainako energia azpiegituraren kontra. Kieveko iturri ofizialen arabera, lurraldearen luze-zabalean egin dituzte bonbardaketak, droneak eta misilak baliatuta. Horien ondorioz, gutxienez hiru pertsona hil dira, eta dozenaka zauritu.

Ukrainako lehen ministro Julia Sviridenkok eman du datua: Errusiak 600 drone inguru eta dozenaka misil jaurti ditu. «Gabonen atarian, etsaia saiatu da familia ukrainarrak berogailurik gabe eta argirik gabe uzten; hau da, segurtasun sentsaziorik gabe uzten», idatzi du Telegramen. Ukrainako Energia Ministerioak ohar batean jakinarazi du argindarra moztu dutela hainbat eskualdetan. Gradu bateko tenperatura dute gaur Kieven, eta zero gradukoa Lviven, mendebaldean.

65

Finlandian gehienez zer adin edukiko duten erreserbistek. Lege erreforma bat berretsi zuen atzo Finlandiako presidente Alexander Stubbek, eta, horren bidez, erreserbisten adina 65 urteraino handitu dute; hau da, soldaduska egin dutenek orain arte baino hamabost urte gehiago pasatu beharko dituzte erreserbista gisa. Finlandiako Gobernuaren helburua da 2031. urterako milioi bat erreserbista edukitzea; 900.000 inguru ditu orain. Errusiarekin muga du Finlandiak. 

Azkeneko lau urteetan, Errusiak jopuntuan jarri du Ukrainako energia sistema, horri eraso eginda Kiev presionatzeko. Eraso horiek hildakoak ere eragiten dituzte; gaur, hiru, Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteak sare sozialetan zehaztu duenez: Kieven bat, Zhitomir eskualdean —herrialdeko iparraldean— beste bat, eta Khmelnytsky eskualdean —herrialdeko mendebaldean— beste bat.

Erasoak alarmak piztu ditu Polonian ere. Herrialde mugakide horren armadak ohar batean adierazi du «prebentzio neurri gisa» beren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aliatuen gerra hegazkinak hedatu dituztela aire eremua babesteko.

Bestalde, Errusiako iturri militarrek esan dute Ukrainak jaurtitako 44 drone erorarazi dituztela azken orduetan; denak Voronezh, Kursk, Belgorod eta Rostov eskualde mugakideetan, eta Krimea anexionatuan.

Horiek horrela, bide diplomatikoak irekita daude oraindik ere, aurreko asteburuan Miamin egindako bileren ondoren. Nor bere aldetik, Ukrainako ordezkariak eta Errusiakoak AEBetakoekin bildu ziren; Europako potentzietako liderrak ere batzartu ziren Donald Trump AEBetako presidentearen aholkulariekin. Ez dute aurrerapausorik iragarri gatazka konponbidean jartzeko, baina denek esan dute elkarrizketak eraikitzaileak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.