Gerra Ukrainan

Errusiak esan du «operazio militar berezia» espero moduan doala

Moskuk adierazi du «kontzienteki» gutxitu dituela Ukrainaren aurkako erasoak, biktima zibilak izatea eragozteko. Zenbait ikuskatzaile Zaporizhiako zentrala miatzera joango dira datozen egunotan, baldin eta Errusiarekin egiten ari diren negoziazioek arrakasta badute.

Ukrainako independentzia egunean zenbait herritar kalera atera dira, gaur, Kieven. ROMAN PILIPEY/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 24a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei hilabete dira gaur Ukrainako gerra hasi zela, eta Moskuk Kieven aurka iragan otsailean hasitako «operazio militar berezia espero moduan doa». Hala baieztatu du gaur Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak. «Herrialdeko armada lan sistematikoa egiten ari da bizimodu baketsua ezartzeko askatutako eskualdeetan», adierazi du ministroak.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak gerra hastean iragarri zuen «Ukraina desnazifikatzeko operazio militar berezi bat» egingo zuela, eta hain justu, operazio hori justifikatu du Xoiguk. Haren ustetan, Minskeko akordioak betetzeari uko egin zion Ukrainak, eta, hala, Donbass eskualdeko herritarrak arriskuan jarri. Horrez gain, Defentsa ministroak adierazi du Errusiak «kontzienteki» gutxitu dituela Ukrainaren aurkako erasoak, biktima zibilak izatea eragozteko.

Zaporizhiako zentral nuklearra da gerrako beste jopuntuetako bat azken asteotan. Errusiako armadak instalazio nuklearra okupatu zuen iragan martxoan. Zentrala Europako handiena da, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak behin baino gehiagotan ohartarazi du zentralaren aurkako edozein erasok hondamendi nuklearra eragin dezakeela. IAEAk jakinarazi du datozen egunotan joango dela Zaporizhiako zentrala miatzera, baldin eta Moskurekin egiten ari diren negoziazioek arrakasta badute.

Europan, gasaren prezioa gora

Europan gasaren prezioak gora egin du Ukrainaren inbasioa hasi zenetik. Horri esker, Moskuk iaz baino %89 diru gehiago jaso du EB Europako Batasuneko herrialdeei hidrokarburoa esportatzeagatik, nahiz eta %15 erregai gutxiago saldu. Egun, EBko kideek hilabetero 13.916 milioi euro ordaintzen diote Moskuri gasa, petrolioa eta ikatza esportatzeagatik. Duela urte bat, ordea, hilabetero 7.330 milioi euro ordaintzen zituzten, batez beste.

Hori ikusita, EBko herrialdeek konpromisoa hartu dute gasaren kontsumoa %15 jaisteko. Izan ere, negua badator, eta Putinek Europako gas horniketa moztu dezake. Hori dela eta, EBko kideak, Errusiaren gasarekin duten mendekotasuna gutxitzeko, GNL gas natural likidotua erabiltzen ari dira Moskuko gasbidearen ordez: Qatarreko, Egiptoko eta AEBetako ontziek garraiatzen dute gas likidotu hori. Hala ere, ez dirudi irtenbide hori epe luzerako izan daitekeenik, kontuan hartuta gasa itsasontzietan ekartzea garestiagoa dela gasbideak baliatzea baino.

Gerra hasi zenetik, EBk hainbat zigor onartu ditu Errusiaren aurka. Horietako bat da iragan apirilean adostutakoa: Errusiako ikatza EBra esportatzeko debekua —indarrean dago hilaren 11tik—. Gauza bera egingo dute petrolioarekin ere, baina neurriak abendutik aurrera sartuko dira indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.