Bruselak beste bide bat ere proposatu du Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko, Errusiari blokeatutako aktiboenaz gain

Belgikaren eta Europako Banku Zentralaren kezka aintzat hartuta, Kievi laguntzeko merkatuetan zorra jaulkitzea planteatu du Europako Batzordeak. Von der Leyenen ustez, estatuak babesteko «bermeak» ematen dituzte bi moduek.

Bi herritar beste bati begira, aurreko igandean Kieven,etxe baten hondakinen artean. MAXIM MARUSENKO / EFE
Bi herritar beste bati begira aurreko igandean Kieven, etxe baten hondakinen artean. MAXIM MARUSENKO / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko abenduaren 3a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean eta 2027an Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko, bi modu proposatu ditu Europako Batzordeak. Batetik, azken urtean egindako planteamenduari eutsi dio, eta, hortaz, Ursula von der Leyen talde komunitarioko presidenteak gaur Bruselan jakinarazi duenez, horietako bat izango da zigorren ondorioz EB Europako Batasunean Errusiari blokeatutako aktiboek eragindako dirua baliatzea mailegu bat finantzatzeko. Aktibo horietako gehienak Belgikan daude, ordea, eta hango gobernuak ez du bide hori begi onez ikusten; EBZ Europako Banku Zentralak ere ez. Orduan, beste modu bat ere planteatu du Bruselak: zorra jaulkitzea merkatuetan, EBren aurrekontuaren babesarekin. EBko estatuburuak eta gobernuburuak hilaren 18an eta 19an dira biltzekoak, eta hautu bat egitea dagokie bi aukera horiek aintzat hartuta. Ukrainak erabakia txalotu du.

Nor bere aldetik, baina gerra konponbidean jartzeko negoziatzen ari diren honetan, Von der Leyenek uste du bi modu horiek Ukrainari aukera emango diotela bai «bere burua defendatzeko baliabideak» edukitzeko, bai negoziazioetan «indar posizio bat» izateko.

NDF Nazioarteko Diru Funtsaren kalkuluen arabera, Ukrainak 136.000 milioi euro beharko lituzke 2026an eta 2027an, eta EBk 90.000 milioi euroko ekarpena egingo luke mekanismo horien bidez. Batzordeko presidenteak gaur azaldu duenez, gainontzeko dirua «nazioarteko bazkideek» jarriko lukete.

Blokeatutako funtsak baliatzearen alde agertu dira estatu kide gehienak. Iruditzen zaie hori dela erreparazio mailegua —horrela deitu diote— finantzatzeko biderik egokiena. Planteatzen zuten Europako Banku Zentralak babestea mailegu hori; Frankfurti ez zaio ideia ona iruditzen, ordea, uste baitu ziurrenik EBren zuzenbidea urratuko zuela. Hori kaleratu dute hainbat hedabidek azken egunetan, instituzio horretako iturriak aipatuz.

Belgika ere ez dago ados planteamenduarekin. Bart de Wever hango lehen ministroak gutun bat bidali zion Bruselari lehengo astean, eta esan zion horrek «albo kalte bat» eragingo lukeela. Izan ere, 210.000 milioi euro blokeatu dizkio EBk Errusiako Banku Zentralari, eta aktibo horietako gehienak Belgikan daude: 185.000 milioi euro inguru, hain zuzen. «Batzordeak planteatutako testuak ez die behar bezala erantzuten gure kezkei. Ez da onargarria dirua erabiltzea, eta gu bakarrik uztea arriskuei aurre egiten», kexatu da Maxime Prevot Belgikako Atzerri ministroa gaur Bruselan.

Batzordearentzat, baina, proposatutako testuak «bermeak» ematen ditu estatuak eta finantza erakundeak babesteko Errusiak bere lurraldean ezar ditzakeen zigorretatik, «baita Errusiatik kanpoko legez kanpoko desjabetzeetatik ere; batez ere, Errusiarekin lerratutako jurisdikzioetan».

Eta gerraren beraren harira, Errusiaren eta AEBen posizioak «ez daude lehen baino urrunago». Hori adierazi du Juri Uxakovek, Errusiako presidente Vladimir Putinen aholkulariak, gaur goizaldean, Kremlineko buruak eta Steve Witkoff Etxe Zuriko ordezkariak Moskun egindako bilera bukatu eta gero. Bost orduz egon ziren batzartuta atzo gauean Moskun.

AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako 28 puntuko planari moldaketak egiteko eskatu dute Kievek eta Europako potentziek, eta horren berri eman zion Washingtonek Moskuri. Bilkuran lurraldetasunaz aritu ziren batez ere; izan ere, Errusiarentzat auzi hori konpondu ezean «ez dago soluziorik»; 28 puntu horietan jasota dago Ukrainak lurraldetasun auzoan kontzesioak egitea. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak azpimarratu du gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, ez dutela «konpromisorik» lortu, baina AEBen zenbait proposamen «erdi-onargarriak» direla.

Mahai zuri baten inguruan, aurrez aurre eseri ziren Errusiako eta AEBetako ordezkariak. Alde batean, Uxakov, Putin eta Kirill Dmitriev; bestean, Witkoff, Donald Trump AEBetako presidentearen aholkulari eta suhi Jared Kushner, eta itzultzaile bat. Witkoff izan da, hain zuzen, Dmitrievekin batera, AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako 28 puntuko plana diseinatzeaz arduratu dena. Eta Witkoff bera batzartu zen igande honetan eta aurrekoan —Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariarekin batera— Ukrainako ordezkaritzekin, Miamin (AEB) eta Genevan (Suitza).

Aurrez, Putinek Errusiako hedabideekin hitz egin zuen, eta kritika gogorrak egin zizkien Europako herrialdeei. Horiek Ukrainarako egin dituzten proposamenak «onartezinak» direla ziurtatu zuen, eta gerraren alde egotea leporatu zien: «AEBetako administrazioari Ukrainarako bake akordio bat lortzea galarazten ari da Europa». Eta mehatxu ere egin zien: «Errusiak ez du Europarekin borrokatu nahi. Baina, Europa hasten bada, gu borrokarako prest gaude».

Errusiako presidentearen iritziz, 28 puntuko plana gatazkaren irtenbiderako oinarri bat da. Bertan jasota dago, besteak beste, lurralde osotasunari uko egin beharko diola Kievek, eta Errusiaren esku geratuko dela Donbass. Donetsk eta Luhansk eskualdeek osatzen dute Donbass, eta egun Errusiak okupatua du haren zatirik handiena. Hain zuzen atzo, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen armadak Pokrovsk hiria hartu duela, orain arte Donetsken Ukrainako armadaren gotorleku izan da Pokrovsk.

Horrez gain, planak jasotzen du armada bakoitzak kontrolatzen duen eremuaren arabera banatuko lituzketela Kherson eta Zaporizhia eskualdeak, eta Krimea ere Errusiaren esku geratuko litzateke —okupatua du 2014tik—. Kievek, baina, ez ditu begi onez ikusten puntu horiek. Eta Zelenskik aste honetan bertan aitortu du negoziazioetako auzirik «zailena» lurraldetasuna dela. Gainera, zirriborroan jasota dago Kievek uko egin beharko diola NATO Ipar Atlantikoko Itunaren erakundean sartzeari, eta armada murriztu beharko duela: 900.000 soldadu ingurutik 600.000ra.

Kiev «indartsu» mantentzea

Azken negoziazioen inguruan, «bake prozesua» martxan dagoela azpimarratu du NATOko zuzendari nagusi Mark Ruttek. Aliantzako Atzerri ministroen bilkuraren aurretik egin ditu adierazpen horiek, Bruselan. Eta gehitu du negoziazioek irauten duten bitartean garrantzitsua dela Ukraina «indartsu» mantentzea, Errusiaren aurrean defendatu ahal izateko eta negoziatzerakoan posizio sendo batean egoteko. Rutteren ustez, Moskuri presio egiteko modurik onena da erakustea Kievi militarki laguntza ematen jarraituko dutela, baita zigorrak ezartzea ere.

Bitartean, Zelenski Europako hainbat liderrekin bildu da azken egunetan. Herenegun, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu zen, Parisen. Eta atzo, berriz, Irlandan izan zen. Micheal Martin lehen ministroarekin hitz egin zuen lehenik, eta Irlandako Parlamentua bisitatu zuen gero. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.