Azken astean hainbat bilera egin dituzte Ukrainako eta Errusiako ordezkariek AEB Ameriketako Estatu Batuetako bitartekariekin, gerra amaitzeko ahaleginean. Bada, egoera berdin-berdina da oraindik, eta bi aldeek eraso egin diote elkarri azken orduetan. Errusiak Kiev jo du gaur goizaldean, eta bi lagun hil eta hamabost zauritu ditu, Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Ukrainak, berriz, ehunka drone jaurti ditu Moskura.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak X sare sozialean adierazi duenez, Errusiak berrehun drone eta hogei misil baino gehiago erabili ditu gaur goizaldeko erasoaldian. Azaldu du Errusiako armadak Dnipro ibaia gurutzatzen duen zubi bat eraitsi duela; baita zibilak bizi diren eraikin bat, tren geltoki bat eta saltoki eta energia azpiegitura batzuk ere —tartean, Krementxuk industrialdea, Ukrainako petrolio findegi handienetako baten egoitza—. Itsasoan ere egin du eraso Errusiako armadak. Txornomorskeko portura bidean zegon itsasontzi bat jo dute. Moskuk azaldu duenez, Ukrainako armadarentzako kargamentua zeraman ontziak.
Atzo gauean beste eraso bat ere egin zuen Errusiako armadak Kieven, eta sei lagun zauritu zituen.
Errusiako Defentsa Ministerioak Telegramen zabaldu duen oharrean esan duenez, goizaldean egindako erasoek Ukrainako industrialde militarrak zituzten helburu. Baita Kieveko garraio azpiegiturak eta Odesa eskualdeko portuak ere. Era berean, azaldu du Ukrainako erasoek Mosku inguruan dagoen «enpresa militar bat» jo dutela. Hiriburuko alkate Sergei Sobianinen esanetan, Kievek 600 drone baino gehiago erabili ditu erasoaldi horretan.
«Humanitarioen» erasoa
Zelenskik Moskuren erasoa gaitzetsi du, eta sarkasmoa ere erabili du horretarako. X sare sozialean idatzi duen mezuan, Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkariaren hitzak ekarri ditu gogora, eta adierazi du Errusiako «humanitarioek» misil balistikoen hiru olde jaurti dituztela goizaldean. Izan ere, Witkoff Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen atzo San Petersburgon (Errusia), eta Errusiako presidentearen «jarrera humanitarioa» goraipatu zuen bilera amaitutakoan —Putinek Errusian preso zegoen Stephen Hubbard estatubatuarra aske uzteko agindu zuen harekin bildu ostean—.
Horrekin batera, Zelenskik adierazi du Errusiaren azken erasoek erakusten dutela Errusiak ez duela jarrera aldatu «bakea» lortzeko bidean. Gainera, ohi duen bezala, azpimarratu du Ukrainak «laguntza militar handiagoa» behar duela Errusiaren erasoak gelditu ahal izateko, eta zigor gehiago ere eskatu ditu Errusiarentzat. Izan ere, Zelenskiren ustez, hori da bidea Putinek «berehalako su eten bat» adosteko. «Garrantzitsua da gerra honi amaiera jartzeko irtenbide egokiak bilatzen jarraitzea. Baina, Errusiak negoziazioei misil balistikoekin erantzuten dien bitartean, haiengan benetako presioa egiten jarraitu behar da», idatzi du sare sozialetan.
%76Etorkinei Errusiara sartzeko debekuak zenbat areagotu diren, ehunekotan.
Urte hasieraz geroztik, Errusiak herrialdera sartzea ukatu die 260.000 atzerritarri. Iaz baino %76 gehiago dira. Errusiako Barne Ministerioak gaur adierazi dituen arrazoien artean daude, besteak beste, Errusiaren deportazio sistema, herrialdean egoteko epeen urraketak eta informazio pertsonal faltsuak nahita ematea.
Errusiak 2024an gogortu zituen migrazio arauak, EI Estatu Islamikoko lau kidek Crocus City Hall aretoaren aurka eraso «terrorista» bat egin ostean. 145 lagun hil ziren eraso horretan.
Witkoff Zelenskirekin ere bildu zen Putinekin bildu aurretik. Ez Ukrainak eta ez Errusiak ez dute Witkoffekin hitz egindakoaren xehetasunen berri eman. Baina, oraingoz, bi aldeek konpromisoa hartu dute azaroaren hasieran beste bilera sorta bat egiteko AEBetako bitartekariekin. Hala ere, Putinek atzo adierazi zuen «printzipioz» berriro biltzeko prest dagoela baina Ukrainaren eta Europaren proposamenek «mami gutxi» daukatela. Kontuan hartzekoa da Putinek behin eta berriro egin diola uko Zelenskirekin aurrez aurre biltzeari. Zelenski, berriz, horretarako prest dago. Are, Ukrainako presidenteak hainbatetan egin dio aurrez aurre biltzeko gonbita Errusiako bere homologoari.
Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak AEBek bitartekari moduan egiten dituzten ahaleginak goraipatu ditu gaur. Era berean, Europako liderrak kritikatu ditu, eta «ezer ez egitea» egotzi die egunero egiten duen telefono bidezko prentsaurrekoan. Gainera, adierazi du ez duela Europako liderren adierazpen bat bera ere entzun «Errusiaren segurtasun interesak» kontuan hartzen dituena.
Horrekin lotuta, Donald Trump AEBetako presidenteak kazetarien aurrean hitz egin zuen atzo gauean, Etxe Zurian, eta nabarmendu zuen «inoiz baino gertuago» dagoela Ukrainako gerraren amaiera. «Vladimir Putinekin hitz egiten aritu naiz gerra nola amaiarazi erabakitzeko, eta uste dut konponbide bat lortzeko atarian gaudela. Esango nuke inoiz baino gertuago gaudela», esan zuen. Gainera, nabarmendu zuen «pozik» dagoela Errusia ez delako Irango gerran sartu.
Atxiloketa Alemanian
Alemaniako Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, Ukrainako jatorria duen herritar bat atxilotu dute Alemaniako Brandenburgo hirian, Errusiarentzat espioitza lanak egiten dituela egotzita. Iturri berak azaldu du atxilotuak harremana izan duela Errusiako zerbitzu sekretuekin iazko uztailaz geroztik, eta zehaztu du Alemaniako armadaren gaineko informazioa zeukala.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gaur kazetarien aurrean adierazi du atxiloketa horrek ez duela «ezustean» harrapatu, eta ohartarazi du halako «kasu gehiago» egongo direla etorkizunean. Merzek berak atzo esan zuenez, gaur egun «Errusiaren desinformazio kanpainak eta eraso hibridoak» dira mehatxu handienak Alemaniaren segurtasunerako.
Errusiako Gobernuak ez du adierazpenik egin atxiloketa horren gainean, eta Errusiako Gobernuak Alemanian daukan enbaxadak ere ez.