Gaur goizaldean ere elkarri eraso egin diote Ukrainak eta Errusiak, frontetik kanpo. Odoltsuak izan dira eraso horiek Kieven, Ukrainako hiriburuan. Agintariek eman dituzten datuen arabera, gutxienez hamazazpi lagun hil dira, eta ia berrogei zauritu. Vitali Klitxko Kieveko alkateak ohar batean zehaztu du misil eta drone bidezko erasoa izan dela, eta kalteak eragin dituela zenbait etxetan, osasun zentro batean eta ikastetxe batean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiaren «eraso masiboa» salatu du, eta gaineratu «denbora luzez prestatutakoa» izan dela. Sare sozialetan idatzitako mezu batean azaldu du Errusiak hainbat motatako munizioak, gurutzaldi misilak eta droneak konbinatu dituela, «azpiegitura zibilari ahalik eta kalte handiena eragiteko».
Horrez gain, Errusiak drone bidez eraso dio Ukrainaren eta Moldaviaren arteko mugako kontrol puntu bati, Odesa eskualdean, baita gas azpiegitura bati ere, iparraldeko Txernihiv eskualdean. «Zoritxarrez, Mosku misil balistikoetan eta gatazkaren gorakadan ari da inbertitzen. Aldi berean, zenbaitetan nazioarteak ez die behar bezala erantzun eraso horiei. Ukrainak nahikoa defentsa ez duen bitartean, Errusiak ez du bakea serio planteatuko», ohartarazi du Zelenskik.
Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, jakinarazi du Errusiako aireko defentsa sistemek Ukrainatik zetozen 726 drone eraitsi dituztela gaur goizaldean. Komunikatuan xehatu du 21 eskualdetan atzeman dituztela droneak, baita Krimeako penintsulan, Itsaso Beltzean eta Azoveko itsasoan ere. Sergei Sobianin Moskuko alkateak sare sozialetan nabarmendu du Ukrainako indarrek 250 drone jaurti dituztela Errusiako hiriburuaren aurka.
Inguruko herrialdeak jada hasi dira neurriak hartzen. Poloniak esaterako, iragarri du «ekintza prebentiboak» abiarazi dituela jada. Herrialdeko armadak oharra igorri du, eta esan du «abiazio militarreko operazioak» hasi dituela herrialdeko aire eremuan, eta «eskura dituen beharrezko baliabideak» aktibatu dituela. «Egoera monitorizatzen ari gara, eta gure indarrek berehala erantzuteko prest jarraitzen dute».
Gainera, Errumaniak adierazi du itsas drone bat suntsitu duela Itsaso Beltzean, Neptum Deep gas proiektuaren instalazio batetik gertu. Bi F16 gerra hegazkinen bidez suntsitu du dronea Errumaniako armadak, argudiatuta mehatxua zela azpiegiturarentzat eta bertako langileentzat. Errusiari egotzi dio drone horren jabe izatea, eta Radu Miruta Errumaniako Defentsa ministroak esplikatu du sare sozialetan «krisi unitatea» ezarri duela drone horren berri jakitean, eta NATOri eskatu diola operazioa bere gain hartzeko.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak deitoratu egin du EBren aurkako «mehatxu kanpaina gero eta handiagoa», eta nabarmendu talde komunitarioko 27 herrialdeak prest daudela mehatxuei aurre egiteko: «Mehatxu kanpaina areagotzen ari da, eta horrek gure herritarrak kezkatzen ditu. Mehatxu horiek gure batasuna zatitzea bilatzen dute. Gerra hibrido bat da».
Giro nahasia
Izan ere, EB zatituta izan da zenbait auzitan; baina Ukrainan ere badago zatiketa. Aldaketak izan dira Ukrainako Gobernuan azken egunotan, eta nahasia dago herrialdeko politika. Hain zuzen, Zelenskik Mikhailo Fedorov Defentsa ministroa kargugabetu zuen uztailean —Zelenskik bost Defentsa ministro izan ditu gerra hasi zenetik—, eta erabaki horrek protesta handiak eragin zituen. Fedorov luzaz izan zen Zelenskiren aliatu, eta urtearen hasieran hartu zuen ministro kargua. Atzo hartu zuen kargua haren ordez arituko den Defentsa ministroak: Jevheni Khmarak.
Izendapenaren aurretik, baina, Fedorovek bideo bat zabaldu zuen asteartean Youtube plataforman, eta herrialdeko gobernuari eskatu zion hauteskunde orokorretara dei dezala. Adierazi zuen Ukraina «gobernantza krisi bat» ari dela pairatzen. Zelenskik, berriz, sarritan baztertu izan du gerra garaian hauteskunde orokorrak egitea, «segurtasun arriskuak» argudiatuz. 2019an izan ziren azken bozak Ukrainan, eta zazpi urte daramatzate ukrainarrek botorik eman gabe.
%57Ukrainarren ehuneko zenbatek atzeratu nahi dituzten hauteskundeak gerra ondorenerako. Ukrainako herritarren gehiengoak ez ditu hauteskundeak egin nahi Errusiaren inbasioa amaitu arte. Hain justu, Kieveko Soziologia Institutuak abuztu hasieran egindako inkesta baten arabera, ukrainarren %57k pentsatzen dute behin gerra amaituta egin beharko liratekeela.
Ministro ohiak kaleratutako bideoak harrabotsa sortu du herrialdean. Eta aldaketak egon dira gerora presidentetzan ere. Zehazki, Zelenskik bere bulegoko aholkulariaren albokoa kargugabetu zuen atzo, Irina Mandra, ustelkeria egotzi baitiote.