Fedorov Ukrainako Defentsa ministro ohiak hauteskunde orokorretara deitzeko eskatu dio Zelenskiri

Kiev «gobernantza krisi bat» pairatzen ari dela ohartarazi du Fedorovek. Zazpi urte igaro dira Ukrainan hauteskunde orokorrak egin zituzten azken alditik.

Mikhailo Fedorov ministro ohiaren irudi bat, hura kargutik kentzearen aurkako manifestazio batean, uztaila amaieran. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Mikhailo Fedorov ministro ohiaren irudi bat, hura kargutik kentzearen aurkako manifestazio batean, uztaila amaieran. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 19a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Putinek ezin du gure demokrazia bahitu». Ukrainako Defentsa ministro ohi Mikhailo Fedorovek hitz horiek esanda eskatu dio herrialdeko gobernuari hauteskunde orokorretara dei dezala. Bart Youtube plataforman zabaldutako bideo batean egin du eskaera, eta adierazi Ukraina «gobernantza krisi bat» ari dela pairatzen.

Ukrainako herritarrek luze daramate botoa eman gabe; zehazki, zazpi urte. 2019an Volodimir Zelenskik irabazi zituen azken bozak, eta, ordutik, hauteskunde orokorrak atzeratu egin ditu gobernuak. Herrialde horretako Konstituzioaren arabera, berez 2024ko martxoan ziren egitekoak hauteskunde orokorrak, aurrekoetatik bost urtera. Hala ere, Errusiak Ukrainaren kontrako inbasioa hasi zuenean, 2022ko otsailean, Ukrainako Gobernuak gerra legea ezarri zuen, eta, beraz, egoera horretan ezin dute hauteskundeetara deitu.

Zelenskik, hala, behin eta berriro baztertu du Ukrainan hauteskunde orokorrak egitea, «segurtasun arriskuak» argudiatuz. Azkenekoz, otsailean: argi nabarmendu zuen «segurtasunik» ez dagoen bitartean ez duela hauteskundeetarako deirik egingo.

Fedorovek gogor kritikatu du jarrera hori, eta zera adierazi: «Mekanismo legal, seguru eta errealista bat aurkitu behar dugu Ukrainak bere prozesu demokratikoak bete-betean aurrera eramateko, baita gerra luze batean ere». Hortaz, hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Zelenskiri, eta nabarmendu du demokrazia babestea «ezinbestekoa» dela «Europako herrialde bat» izateko. 

Lau urte eta erdi igaro dira Ukrainako gerra hasi zenetik, eta, beraz, hauteskundeak eginez gero, kontuan hartu beharra dago milioika ukrainar herrialdetik kanpo daudela, baita Ukrainako lurraldearen bosten bat inguru Errusiaren menpe dagoela ere. Dena den, Fedorek adierazi du herritarrak aspaldidanik daudela erreforma baten zain, eta garaia dela gobernuak «herriaren eskaerak» betetzeko. 

%33

 

 

Errusiako zenbat gasolindegik dituzten

 erregai erreserbak. Izvesta Errusiako egunkariak kaleratu duenez, herrialdeko gasolindegien herenek soilik dituzte erregai erreserbak. Ukrainak azken asteetan Errusiako findegien aurka egindako erasoen ondorioz, Mosku erregai eskasia pairatzen ari da. 

Defentsa ministro ohiak ataka estuan jarri du Zelenski. Fedorov luzaz izan zen Zelenskiren aliatu, eta urtearen hasieran hartu zuen ministro kargua, baina iragan hilean presidenteak kargutik kendu zuen —Zelenskik bost Defentsa ministro izan ditu gerra hasi zenetik—. Kargugabetzea ezustekoa izan zen, bai Fedoroventzat, baita Ukrainako herritarrentzat ere, eta iragan hilabetetik milaka pertsona atera dira kalera Zelenskiren erabakiarekin ados ez daudela adierazteko. 

Hala, Fedorov ospea irabazten joan da presidentearen aurkari gisa, nahiz eta oraindik ez duen argitu hauteskundeetara aurkeztuko ote litzatekeen.

Gerra ez da eten

Bart ere Kievek eta Moskuk elkarri eraso egin diote. Gutxienez lau pertsona hil dira Ukrainan, Errusiako drone batek jota. Kherson eskualdetik zebilen autobus bat jo du droneak, eta beste lau lagun zauritu ditu. Mugatik gertu dauden eskualdeetan beste erasoaldi batzuk ere egon direla jakinarazi du Ukrainako aireko armadak. 

Bestalde, Kievek eraso egin die Errusiako findegi bati eta lehergailu fabrika bati, drone bidez. Baxkortostan eskualdeko findegiaren kontrako erasoak sute bat piztea eragin du, baina ez da inor hil, ezta zauritu ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA