Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka ez dago inondik ere konpontzear. Eraso masibo bat egin du Errusiak gaur goizaldean Ukrainaren kontra, eta, horren ondorioz, gutxienez 21 pertsona hil dira, eta dozenaka zauritu. Moskuren bonbardaketek Kiev hiriburua, Kharkiv eta Dnipro jo dituzte, besteak beste; guztira 38 leku herrialdearen luze-zabalean. Errusiaren buruzagitza militarrak komunikatu batean nabarmendu du «Ukrainaren eraso terroristei» emandako erantzuna direla gaurko bonbardaketak. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Patriot aireko defentsa sistemak eskatu dizkie AEBei.
Ukrainako iturri ofizialek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Errusiak 73 misil eta 656 drone jaurti ditu. Aireko defentsa sistemek 40 misil eta 602 drone erorarazi dituzte. Datu horiek eta erasoek eragindako hildakoak aintzat hartuta, ondoriozta daiteke azken hilabeteotako eraso masiboenetako bat izan dela gaurkoa. Poltava, Sumi —ekialdean— eta Jmelnitski —mendebaldean— eskualdeak ere bonbardatu ditu Errusiak.
Hiriburuan sei pertsona hil dira erasoen ondorioz, eta 60tik gora zauritu. Kontuan hartu behar da duela astebete pasatxo ere —maiatzaren 24an— hiriburua izan zutela helburu Moskuren erasoek, eta orduan gutxienez hiru pertsona hil zirela. Hurrengo egunean bertan, Errusiako Atzerri Ministerioak Ukrainari mehatxu egin zion, Kieven kontrako «bonbardaketa sistematikoak» iragarri baitzituen. Egun batzuk geroago heldu da aurrenekoa.
Goizaldeko erasoak, baina, Dnipro hirian eragin du hildako gehien, herrialdearen erdialdean: hamabi. Zaurituak, gainera, 36 inguru dira. Hango gobernadore Oleksandr Hanzhak argazki bat jarri du sare sozialetan, zeinean ikusten diren ibilgailuak sutan eta eraikin kaltetuak.
FINLANDIA prest, GASTU MILITARRA BIKOIZTEKO
Finlandia prest dago hiru urte barru 14.000 milioi euro erabiltzeko gastu militarrerako; hau da, orain erabiltzen duena halako bi ia. Defentsako gastuari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion gobernuak parlamentuko batzorde bati, eta kopuru hori jaso dute txostenean, gaur jakinarazi dutenez. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eskatu die aliatuei beren BGP barne produktu gordinaren gutxienez %5 baliatzeko gastu militarrerako 2035erako, eta, Finlandiak 14.000 milioi euro baliatuko balitu, %4,9 jarriko luke urte batzuk lehenago, 2029an bertan. Gobernuak pozik jaso du txostena, eta Antti Hakkanen Defentsa ministroak ohar batean nabarmendu du «Errusiaren mehatxuari» aurre egiteko baliatuko dutela diru hori. 1.340 kilometroko muga dute Finlandiak eta Errusiak.
Horren guztiaren harira, Zelenskik sare sozialetan esan du Europak misil balistikoen kontrako defentsa sistema bat behar duela. «Ukraina ez baldin badago babestuta halako erasoetatik, eraso gehiago gertatuko dira». Antzeko mezu bat plazaratu du Andrii Sibiga Atzerri ministroak, baina EB Europako Batasunari egindako eskaeran areago joan da, eskatu baitio talde komunitariori Bakea Babesteko Funtsa balia dezala Patriot aireko defentsa sistema gehiago erosteko. «Ez da nahiko gaitzestearekin, ekintzak behar ditugu», azpimarratu du, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Dena den, aintzat hartu behar da EBk onartu zuela apirilaren 22an Ukrainari 90.000 milioi euroko mailegu bat ematea.
Errusiak Ukrainaren «eraso terroristak» aipatzean, interpretatu daiteke maiatzaren 22an Luhansk okupatuan —Ukrainako eskualde batean— gertatutakoaz ari zela nagusiki, nahiz eta azkeneko bi urteotan nahiko ohikoak bihurtu diren Kievek Errusiako lurretan egindako bonbardaketak. Maiatzaren 22an, baina, aire eraso baten bidez 21 pertsona hil zituen Luhansk eskualdeko Starobilsk hirian, ikasleen egoitza batean.

Ukrainako indarrek ohar batean adierazi zuten Starobilsk inguruan eraso bat egin zutela 22 goizaldean, baina nabarmendu azpiegitura militarra izan zutela helburu. Vladimir Putin Errusiako presidentea haserre mintzatu zen orduan, eta iragarri erantzuna «irmoa» izango zela. Kieven kontrako erasoa heldu zen hurrengo egunean; eraso gehiagoren mehatxua bizpahiru egun geroago; eta gaurko erasoa, azkenik. Hain justu, erasoaz galdetu diote Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, eta ohartarazi du gisa horretako bonbardaketei eutsiko diotela, argudiatuta azpiegitura militarra dutela helburu.
Ukrainaren erasoa
Kievek orduan egin bezala, Errusiak ere esan ohi du, gaurkoaren moduko erasoak egitean, azpiegitura militarra izan ohi duela helburu. Eta, hain zuzen, hori adierazi du gaur. «Erasoak helburua bete du». Hildakoen artean zibilak daude.
Bestalde, Ukrainak jakinarazi du Errusiaren energia azpiegitura bat jo duela gaur Krasnodarren, Errusia hegoaldean; findegi bat, hain zuzen. Kieveko buruzagitza militarrak ohar batean adierazi duenez, Errusiako handienetakoa da. Moskuren esanetan, Ukrainak jaurtitako 148 drone erorarazi dituzte gaur goizaldean herrialdeko zortzi eskualdetan.