Estatu kide gehienek nahi bezala, Ukrainari 90.000 milioi euroko mailegu bat emango dio EB Europako Batasunak. Eslovakiak, Hungariak eta Txekiak blokeatua eduki dute laguntza hori, argudiatuz Kievek eragotzi egin diela Druzhba oliobidearen bidez Errusiaren petrolioa jasotzea. Baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo azken orduan jakinarazi zuen bukatuak zituztela instalazio horren konponketa lanak herrialdearen mendebaldean, eta Hungariako petrolio konpainia nagusiaren, hau da, MOLen esanetan, gaur Ukrainako Ukrtransnafta enpresak jakinarazi dio baietz, oliobidea ireki dutela berriro, urtarrilaren 27az geroztik itxita egon ondoren —Kieven esanetan, Errusiaren erasoek jo zutelako—. Hortaz, Druzhbaren bidez petrolioa garraiatuko da berriro Eslovakiara, Hungariara eta Txekiara datozen orduetan.
Zelenskiren iragarpenaren berri eduki ondoren, Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak adierazi zuen maileguari buruzko «erabaki positiboak» hartzea espero zuela hurrengo orduetan. Estatu kideek talde komunitarioan dituzten enbaxadoreak Bruselan bildu dira gaur, eta Ziprek jakinarazi du —EBren presidentetza dagokio aurtengo urtearen lehen erdian— behin-behineko oniritzia eman diotela maileguari; baita Errusiaren kontrako hogeigarren zigor sortari ere. «Prozedura idatziz jasoko dute, Europar Kontseiluak behin betiko onar dezan», azaldu du Zipreren bozeramaile batek, The Guardian-ek jaso duenez. EBko beste estatu batzuek ere baieztatu dute. Hain zuzen, talde komunitarioko estatuburuek eta gobernuburuek goi bilera informal bat egingo dute bihar eta etzi Zipren, eta ziurrenik hor onartuko dute Ukrainari mailegua ematea.
Eslovakiako lehen ministro Robert Ficok goizean bertan iradoki du zer etor zitekeen. Gaurko agerraldi batean iradoki du Druzhba irekitzea eta maileguari betoa kentzea lotuta daudela. «Pentsatzen dut posible izango dela mailegu hori desblokeatzea oliobidea irekitzeko beharrezko neurriak hartuz gero». Eta aldeetako iturri ofizialek jakinarazi dute geroxeago baietz, petrolioaren iturria ireki dutela. Horren ondoren heldu da Zipreren iragarpena. EBren Hungariarako ministro JĂ¡nos Bokak azpimarratu du sare sozialetan blokeoa ez zela «helburu bat», beren interesak defendatzeko «tresna bat baizik»
Kontuan hartu behar da bai Hungaria eta bai Eslovakia petrolio horren menpe daudela. Aurrenekoak inportatzen duen petrolioaren %90 Errusiatik iristen da; %82 inguru, Druzhba oliobidean barrena. Eslovakiaren portzentajeak ere antzekoak dira. Reutersek Ukrainako Expro etxearen datuak aipatuz otsail bukaeran kaleratu zuenez, Eslovakiak 4,9 milioi tona jaso zituen Druzhbatik iaz, eta Hungariak 4,3 milioi.
Baina Ukrainak iturria itxi zuen urtarril amaieran, argudiatuta Errusiaren erasoek instalazioa jo zutela herrialdearen mendebaldean, Brodin. Aste batzuk geroago, ikusita oraindik ez zutela handik petrolio hornikuntzarik jasotzen, Eslovakiak ultimatuma bidali zion Zelenskiri: hornikuntzari bide eman ezean, utzi egingo zuten Ukrainari larrialdi egoeretan argindarra emateari. Otsaileko azken astea zen, eta eten egin zuten argindar hornikuntza hori; Hungariak ere bai.
Orban badoanean
Hilabete inguru geroago, Europar Kontseilua batzartu zen, eta Hungariak, Eslovakiak eta Txekiak Ukrainarentzako mailegua blokeatu zuten. Viktor Orban Hungariako lehen ministroa argi mintzatu zen: «Petroliorik ez badago, dirurik ere ez». Talde komunitarioak estu hartu zuen Kiev, oliobidea ahalik eta azkarren konpon zezan. Sobietar Batasunaren garaiko oliobide bat da, munduko handiena.
Hain justu, Orban kargua uztear denean jakinarazi du Ukrainak petrolioaren iturria berriro ireki duela
—Orbanek hauteskundeak galdu zituen apirilaren 12an—. Azken hilabeteetan hainbat ika-mika eduki dituzte Orbanek eta Zelenskik. Izan ere, aintzat hartu behar da Hungariako gobernuburu kontserbadorea eta Fico bera direla Vladimir Putin Errusiako presidenteak talde komunitarioan dituen aliatu bakarrak. Agintean hamasei urte egin ondoren, Orbanek aste batzuk barru utziko du kargua. Peter Magyar kontserbadoreak ordezkatuko du, zeinak esana zuen desblokeatzearen aldekoa zela.