Errusiak hamalau lagun hil ditu Ukrainako saltoki handi batean

Moskuk Krivi Rig hirian egindako eraso «zinikoa» salatu du Zelenskik. Kievek petrolio findegiei erasoka jarraitu du. Ukrainar bat atxilotu dute Kroazian, 2022an Nord Stream gasbideak bonbardatzea egotzita.

Gizon bat atzo Kieven, hondakin artean, Errusiak misil eta drone bidez egindako eraso baten ondoren. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Gizon bat atzo Kieven, hondakin artean, Errusiak misil eta drone bidez egindako eraso baten ondoren. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Julen Otaegi Leonet - Igor Susaeta
2026ko abuztuaren 21a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kieven hamazazpi lagun hil eta biharamunean, Errusiako armadak Ukrainan eraso hilgarriak egiten jarraitu du gaur. Goizaldean lau lagun hil ditu Ukraina ipar-ekialdeko Lebiazhe herrian, drone bidez egindako «eskala handiko» bonbardaketa batean; eta arratsaldean gutxienez hamalau pertsona hil ditu eta 120 zauritu herrialdearen erdialdean, Krivi Rig hiriko merkataritza gune bat droneekin bonbardatu ondoren. «Kolpe ziniko eta guztiz koldarra da, ekintza terrorista bat» azpimarratu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak arratsaldeko erasoa gertatu eta gero, sare sozialetan.

Gutxienez lau lagun hil ditu bart Ukraina ipar-ekialdeko Lebiazhe herrian, drone bidez egindako «eskala handiko» eraso batean; halaxe jakinarazi du Ukrainako armadaren Kharkiveko adarreko buruak sare sozialetan; bonbardaketek suteak piztu dituzte etxebizitzak dauden eremu batean, larrialdi zerbitzuen arabera. Ukrainako aireko armadak azaldu du Errusiak 135 drone jaurti dituela goizaldera arte, eta ehun baino gehixeago eraistea lortu dutela.

Ukrainako armadak ere ez ditu eten Errusiako petrolio findegien eta energia azpiegituren kontrako operazioak —eta badirudi ondo atera zaiola estrategia hori, Errusiako Izvesta egunkariak asteon kaleratu duenez herrialde horretako gasolindegien bi herenek ez baitute erregai erreserbarik—. Ural mendikatetik mendebaldera den Perm eskualdeko findegi bat bonbardatu du bart Kievek, irismen luzeko droneak erabilita.

Moskutik mila eta ehun kilometro ingurura dago Lukoil petrolio enpresaren instalazio hori; Errusiako konpainiarik handiena da Lukoil, eta haren findegirik handiena da, hain justu ere, Perm eskualdekoa; Ukrainako armadaren arabera, urtean hamahiru milioi petrolio upel ekoizteko gaitasuna du, eta erregaiz hornitzen du Errusiako armada. Aurrez ere eraso egin diote findegi horri, uztailaren amaieran eta apirilaren amaieran—. Rosaviatsiak, hau da, Errusiako aireko agentzia federalak adierazi du Perm hiriko aireportua itxiarazi dutela.

Halaber, Ukrainako armadak jakinarazi du eraso egin diola Errusia hegoaldeko aireko base bati, Volgograd eskualdean, Ukrainaren ekialdeko mugatik hirurehun bat kilometrora. Kalteak aztertzen ari da. Andrei Belousov Errusiako Defentsa ministroak jakinarazi duenez, Ukrainatik zetozen 325 drone eraitsi dituzte bart.

Bestalde, Ukrainako armadako buru Mikhailo Drapatik iragarri du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen Batzorde Militarra Ukrainara joango dela  urrian. Gaineratu du gaur lehenbiziko elkarrizketa ofiziala eduki duela batzorde horretako presidente Giuseppe Cavo Dragonerekin.

Zortzi urte dira Batzorde Militarra ez dela Ukrainara joaten, nahiz eta Drapatik gogoratu duen Cavo Dragone hirutan egon dela han. «Jakinarazi diot zertan den egoera gerra frontean, eta zeintzuk diren gure lehentasunak: irismen luzeko erasoak, taktika malguak izatea infanteriarentzat, eta lehenengo lerroa robotizatzea. Berariaz hitz egin dugu aireko defentsari buruz; zerua babestea da nire lehentasuna».

Akusazioak Nord Stream hodien harira

Kroaziako instrukzioko epaile batek behin-behineko espetxealdia ezarri dio bart Volodimir Zhuravlev ukrainarrari, zerikusia duelakoan Nord Stream gas hodien kontrako sabotajearekin; Zhuravleven abokatuak eman zuen erabakiaren berri, HRT telebista publikoan: «Fiskalaren eskariz ezarri diote espetxealdia, haren kontrako euroagindua dela-eta Alemaniara estraditatu dezaten».

Kroaziako Poliziak herenegun atxilotu zuen, herrialde haren mendebaldeko Pula hiriko hotel batean; hango hedabideek kaleratu dutenez, nortasun faltsua zuen susmagarriak: Doug Liman zinema zuzendari estatubatuarra sabotaje hori oinarri hartuta grabatzen ari den filmeko aholkularia omen zen Zhuravlev.

Alemaniako Justizia Auzitegi Federaleko Fiskaltzak ez du zehaztu Zhuravlev bera ote den iazko udazkenean Polonian atxilotu eta Varsoviako auzitegi batek aske utzi zuen akusatua; orduko hartan, epaile batek ebatzi zuen ez zuela beteko Berlinek emandako euroagindua, argudiatuta ez zeukala jurisdikziorik herrialdean. Zera leporatzen diote ukrainarrari: 2022ko irailean Errusiako gas naturala Alemaniara garraiatzen duten Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 hodiak leherrarazi zituzten bonbak jarri izana Itsaso Baltikoan.

Nord Stream 1 gasbidearen isuri bat 2022an, Suediako uretan.EFE.
Nord Stream 1 gasbidearen isuri bat 2022an, Suediako uretan. EFE

Donald Tusk Poloniako lehen ministroak Alemaniaren atxiloketa eskaeren kontra egin zuen atzo, esan baitzuen Nord Stream gasbideak eraiki zituztenek «lotsatu» beharko luketela, eta ez horiek sabotatu zituztenak. Zenbait hedabidek jaso zutenez, azaldu zuen Varsoviak luzaz egin zuela Nord Stream 2 hodia eraikitzearen kontra, argudiatuta Europak Errusiarekin zuen dependentzia areagotu egingo zela bestela: «Alemaniak bestelako iritzia zuen garai hartan. Aldatu zuen, baina beranduegi zen».

Bada, gaur, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du Errusia «harrituta eta txundituta» dagoela Tusken adierazpenen harira. Egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan du gas hodi hori eraikitzeko inbertitu zutenak «etorkizun energetikoan» ari zirela inbertitzen, baita kontinentearen «segurtasun energetikoan» ere. Salatu du gasbideak sabotatu zituztenek Europaren energia azpiegitura kritikoen kontrako «ekintza terrorista bat» egin zutela.

2018an hasi ziren hodi hori eraikitzen, eta 2021eko irailean amaitu zuten, baina ez zuten erabili gas naturala garraiatzeko, artean baimen batzuen zain zeudela Errusiak Ukraina inbaditzeari ekin baitzion, 2022ko otsailean; Alemaniako orduko kantzilerrak, Olaf Scholzek, jarraian iragarri zuen gasbidearen balioztatzea etengo zutela. Urte erdi geroago izan zen Nord Stream hodien kontrako bonbardaketa, irailean.

Ukrainako militar ohi bat Italian atxilo hartu zuten iazko udan, Nord Stream hodien kontrako sabotajea antolatzea leporatuta, eta Alemaniara estraditatu; behin-behineko espetxealdian darama azaroaz geroztik, Hanburgo hirian. Bada, fiskaltzak energia azpiegitura zibilen kontra eraso egitea leporatu zion uztailaren hasieran —hori gerra krimena da nazioarteko legediaren arabera—.

Japoniak salatu du Errusiak ariketa militarrak egin dituela Kuril uharteetan

Vladimir Putin Errusiako presidenteak bisita ofiziala egin zuen joan den astean Kuril uharteetara. Etorofun izan zen Putin, eta, hain zuzen, herrialdeko itsas armadak ariketa militar bat egin zuen atzo irla horretan; abuztuaren hasieran hasi zituzten ariketa horiek, eta hilaren amaierara arte irautekoak dira. Toshimitsu Motegi Japoniako Atzerri ministroak zera salatu zuen: «Ezin dugu toleratu iparraldeko lau irletan indar militarra sendotzeko ariketak egitea». 

Kuril uharteak dute izena irla horiek, baina japoniarrek Iparraldeko Lurraldeak deitzen diete. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak 1945ean hartu zuen kontrolpean Okhotseko itsasoaren eta Ozeano Barearen arteko uhartedi hori, Bigarren Mundu Gerran. Japoniak orduz geroztik salatu du legez kontra okupatuta daudela uhartediko lau uharte, eta txartzat jotzen du Errusiak horiek beretzat hartzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA