Errusiak 21 pertsona hil ditu Kieven, NATOren goi bileraren atarian

Ukrainako hiriburuan egindako bonbardaketan gutxienez beste 70 pertsona zauritu ditu Moskuk. Zelenskik aireko defentsarako misil gehiago eskatu dizkie aliatuei.

Eraikin bat suntsituta, Errusiak gaur Kiev bonbardatu ostean. MAKSIM MARUSENKO / EFE
Eraikin bat suntsituta, Errusiak gaur Kiev bonbardatu ostean. MAKSIM MARUSENKO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Igor Susaeta
2026ko uztailaren 6a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainaren aurkako erasoaldia koska bat estutu du Moskuk azken egunetan. Gaur gutxienez 21 pertsona hil ditu Kiev bonbardatuta; baita beste 70 zauritu ere. Hain justu, bihar hasiko da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen urteroko goi bilera, Ankaran, eta, gaurko erasoaldiaren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaurkoa bezalako erasoak geldiarazteko misil gehiago eskatu dizkie aliantza militar horretako kideei.

Vitali Klitxko Ukrainako hiriburuko alkateak sare sozialetan eman du erasoak utzitako ondorioen berri, eta azaldu erreskate taldeak zaurituak ateratzen ari zirela Errusiak bonbardatutako eraikinetatik. Goizaldean, Ukrainako armadak eman du abisua: Errusiatik Kievera misilak eta droneak jaurti dituztela, eta hainbat eztanda izan direla. Geroago eman dute azken oldarraldian eragindako kalteen berri. Ostegunean, Moskuk azkenaldiko eraso bortitzena egin zuen Ukrainako hiriburuan; gutxienez 30 lagun hil ziren. 

Bestalde, gerra frontearen inguruan ere erasoak egiten jarraitzen dute. Gaur, Moskuk bi pertsona hil ditu Ukraina hegoaldean, Kherson eskualdean —zati handiena okupatua du Errusiako armadak—, eta beste hiru ipar-ekialdean, Kharkiven —hor ere hainbat gune Moskuren kontrolpean daude—. Horren berri eman dute iturri ofizialek. Dena den, Ukrainak ere egin ditu erasoak Errusiaren aurka, Moskuk adierazi duenez: pertsona bat hil du Belgorod eskualdean —Ukrainaren mugakidea da—, eta beste bat Krimean —Errusiak 2014an anexionatu zuen—. Horrekin lotuta, Moskuk esan du Ukrainak jaurtitako 519 drone erorazi dituztela herrialdeko 20 eskualdetan.

100

Zenbat lagun atxilotu zituzten igandean manifestazio batean, Ankaran. Manifestazio bat egin zuten Ankaran atzo, eta Turkiako Alderdi Komunistak sare sozialetan atzo jakinarazi zuenez, ehun lagun inguru atxilotu zituzten. NATO bihar eta etzi Turkiako hiriburuan egitekoa den goi bilerak eragindako murrizketak salatzeko deitu zuten mobilizaziora. Aintzat hartu behar da, gainera, Ankararen jarrera salatu duten berrehun ekintzaile inguru atxilotu dituztela estatu indarrek aurreko asteetan.

Ukrainako armadaren arabera, Errusiak 351 drone eta 68 misil erabili ditu gaurko erasoaldian. Misil horietatik hogei baino gehiago misil balistikoak ziren, eta Ukrainako aireko defentsa sistemek ezin izan dute horietako bat bera ere geldiarazi. Hori dela eta, Zelenski aireko defentsa indartzeko beharraz mintzatu da sare sozialetan, eta eskaria egin die NATOko kideei: emateko Patriot misil gehiago. «Garrantzi handikoa da AEBek eta Europako aliatuek gure aireko defentsa indartzeko erabaki sendoak hartzea NATOren goi bileran», idatzi du sare sozialetan. Eta gaineratu du AEBek eta Europako herrialdeek «beren biltegietan» badituztela Errusiaren erasoaldiak geldiarazteko bezainbeste Patriot misil.

Presio egiten

Bide batez, Mark Rutte aliantza militarreko idazkaria nagusiak Ukrainari laguntzeko eskatu die aliatuei. «Ukrainak bere subiranotasuna defendatzen jarraitzen du, eta aliatuek ziurtatu behar dute Ukrainak behar duena jasotzen duela», azpimarratu du gaur Turkiako hiriburuan, bi egun iraungo duen goi bileraren aurretik egindako agerraldi batean. Adierazi du Ukraina «orain dela hiruzpalau hilabete baino askoz ere hobeto» ari dela, nahiz eta ez duen argitu zergatik uste duen hori. Ruttek pentsatzen du gaurkoaren gisako erasoek erakusten dutela Vladimir Putin Errusiako presidentea «zeinen desesperatuta» dagoen.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere antzera mintzatu da: «Ukrainak premiazkoak ditu aireko defentsa gehiago». Sare sozialetan salatu duenez, Errusiak beste behin zibilei egin die eraso airetik, «bereizi gabe». Eta gogorarazi du EB Europako Batasunak Kievi 90.000 milioi euroko mailegua ematea onartu duela, eta aurreko astean lehen 4.000 milioi euroak eman zizkiola. Gainera, Errusiari presio egiten jarraituko duela ziurtatu du, eta jakinarazi du Errusiaren aurkako zigor gehiago eta Ukrainaren aldeko laguntza gehiago onartzeko ahaleginak egingo dituela NATOren goi bileran. Bihar hasiko da aliantza militar horren urteroko goi bilera Turkiako hiriburuan, eta bi egun iraungo du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA