Errusiak Ukrainari eraso egiten jarraitu du bart, eta gutxienez hamar lagun hil ditu drone eta misil bidez. Horietako bost Kieven hil dira, eta larrialdi zerbitzuetako bost beharginek ere bizitza galdu dute Kharkiv hirian, herrialdearen ipar-ekialdean. G7koen taldea, munduko ekonomia nagusiak biltzen dituena, gaurtik etzira biltzekoa da Evianen (Frantzia); Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea talde horretako Europako buruzagiekin eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin biltzekoa da, eta oldarraldiaren harira «erantzuna» emateko eskatu die gaur G7koei: «Garrantzitsua da erantzun hori erabakigarria eta trinkoa izatea: presio handiagoa erasotzaileari eta laguntza handiagoa Ukrainaren aire defentsari», adierazi du sare sozialetan idatzitako mezu batean.
EB Europako Batasunak —G7ko kideetako bat da— segituan erreakzionatu du. Kaja Kallas diplomaziaburuak «gerra krimentzat» jo ditu erasoak, eta Errusiak «aurpegia eman» beharko duela adierazi du talde komunitarioko Atzerri ministroen bilera batean: «Erantzun gisa, gaur zigor gehiago ezarriko dizkiegu Errusiako industria militarrari eta itzalpeko ontzidiari. Neurri guztiek mugatzen dute maniobratzeko duen tokia».
Halaber, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak ere Errusiaren kontra egin du sare sozialetan: «Eraso horiek erakusten dute ez duela asmorik bake negoziazioetan parte hartzeko. Baina denbora ez dago haren alde». Erantsi du G7ko liderrek «presioa nola areagotu» aztertuko dutela, Errusia negoziazio mahaian esertzera behartzeko.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak «ondorio okerrak» ateratzea leporatu die Europako herrialdeei, haren esanetan, Errusia gerra galtzen ari dela pentsatzen baitute, eta Ukraina, berriz, irabazten ari dela: «Iruditzen zaie posible dela ultimatum bat ematea, Errusiak hori onartuko duelakoan», esan du gaur Bielorrusian egindako agerraldi batean.
Kieveko Jasokundearen katedrala, sutan
Kieveko alkateak jakinarazi zuenez, gutxienez bost lagun hil eta 23 zauritu ditu Errusiak hiriburuaren kontrako bonbardaketetan. Bestelako kalteak ere eragin ditu: Andre Mariaren Jasokundearen katedralak su hartu du. Kieveko Leizeetako Monasterioko ataletako bat da aipatutako katedrala, eta, kristau ortodoxoentzat leku nabarmena izateaz gain, balio historiko handiko monumentua da. «Komunitate kristauaren eta gizadiaren ondarearen kontrako atentatu bat da eraso hau», idatzi du Zelenskik beste mezu batean, eta Ukrainak «babes askozaz ere solidoagoa» behar duela berretsi du.
Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak gogor gaitzetsi du erasoa, eta «terroristatzat» eta «zabortzat» jo ditu erasotzaileak. Gogorarazi du Unescok babestutako eremua dela Kieveko Leizeetako Monasterioa, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horri eta nazioarteko gainerako erakundeei «erreakzionatzeko» eskatu die: «Ez dugu hitz hutsalik edo urrats ahulik behar, errusiarren basakeria geldiaraziko duten ekintzak baizik».
Horren harira, Unescok salatu du kalte larriak jasan dituztela Jasokundearen katedralak eta inguruko zenbait monumentuk. Kalte horiek aztertzeko prest dagoela jakinarazio dio NBEren agentzia horrek Ukrainari.
Errusiako Defentsa Ministerioak gezurtatu egin du hiriburuaren kontrako bonbardaketak herrialdeko armadak egin dituela: «Errusiako armadak eta Errusiako Federazioak ez dute antolatzen edo egiten azpiegitura zibilen kontrako erasorik». Jakinarazi du 70 misil eta 600 drone jaurti dituztela bart, eta Ukrainako industria militarraren azpiegiturak zituztela helburu.
Are, ziurtatu du, «baieztatutako informazioaren» arabera, Patriot aireko defentsa sistema bateko misil batek jo duela monasterioaren gunea, eta Ukraina militarki hornitzen duten herrialdeen kontra egin du: «Baliteke sistema horiek huts egitearen arrazoietako bat zera izatea: Mendebaldeko herrialdeek iraungitako misilak eman izana Kieveko erregimenari».
Kharkiven, Moskuk industrialde bat bonbardatu du bart; larrialdi zerbitzuetakoak bertaratu dira, eta beste eraso batean hil dira bost beharginak, Zelenskik jakinarazi duenez.
Errusiako inbasioaren ondorioz, balio historiko handiko eraikin eta monumentu ugarik izan dituzte kalteak. Esaterako, duela bi urte, Moskuk Odesako Jesu Kristoren Antzaldatzearen katedrala jo zuen hainbat misilekin: bi lagun hil ziren, eta Unescok Mosku ohartarazi zuen, ondareari eginiko erasoengatik. Atzo bertan, Kharkiveko Arte Museoko eraikina jo zuen drone batek, eta ez zen inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan ziren.
Bestalde, Kherson eskualdeko gobernadoreak sare sozialetan jakinarazi duenez —Errusiak Ukraina hego-ekialdeko eskualde horren hiru laurden inguru du okupatua—, Ukrainako armadak Kherson eta Krimea lotzen dituen bi zubi bonbardatu ditu bart. Aintzat hartzekoa da Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuela 2014an. Eta Errusiako Tula eskualdeko gobernadorearen arabera, hiru lagun hil dira bart Ukrainak drone bidez egindako erasoetan.