Errusia

Moskuk eraso egin dio Odesari, hemeretzi misilekin

Katoliko ortodoxoen eliza bat jo dute, eta Unescok Errusia ohartarazi du, ondareari eginiko erasoengatik. Bi lagun hil dira eta hogeiren bat zauritu erasoaren ondorioz.

Odesako katoliko ortodoxoen eliza suntsitua, gaur goizean. IGOR TKACHENKO / EFE
2023ko uztailaren 23a
20:48
Entzun

Errusiak Odesa bonbardatu du beste behin ere, airez, itsasoz eta lurrez —Krimeatik—. Hemeretzi misil jaurti, eta Ukrainako defentsa sistemek horietatik bederatzi lurreratu dituzte, Efe berri agentziaren arabera. Bi hildako eta hogeiren bat zauritu utzi ditu eraso horrek. Odesako katoliko ortodoxoen katedral nagusia jo du erasoak, zeina Moskuko patriarkatu ortodoxoaren mende baitago. Unescok jakinarazi du Odesako 25 monumentu arkitektonikotan kalteak eragin dituztela Moskuren misilek, eta halakoak «gerra krimentzat» har litezkeela ohartarazi dio Unescok berak Errusiari.

«Herri baketsuen kontra, bizitokien kontra, katedral baten kontra... misilak. Errusiarren gaiztakeriak ez du aitzakiarik», adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Erantzun egingo dutela hitzeman du, eta NATOrekin lehenbailehen biltzeko ere eskatu du. Erantsi du Ukrainak ezinbestekoa duela «aireko erasoen kontrako ezkutu bat».

Berez, asteazkenean hitzordua jarria dute Ukrainak eta NATOk, baina laboreen garraioari buruz hitz egiteko. Errusiak bertan behera utzi du Ukrainatik laboreak ateratzeko hitzarmena aste honetan.

Errusiak, baina, ukatu egin du berak katedralari eraso egin izana. Urpeko droneak ziren erasoaren helburua, Moskuren hitzetan; baita «mertzenario atzerritarrak» ere. Kieven arabera, aldiz, zibilen eraikinei eraso die Moskuk.

Bestetik, luku bonbak erabili izana aurpegiratzen diote bi aldeek elkarri. Donetskeko hiri batean gertatu da erasoa, igandean bertan, eta laguntza humanitario eta medikoa emateko zentro bat suntsitu da horren eraginez. Ukrainak soldadu errusiarrei leporatu die eraso hori, baina Errusiak ukatu egin du.

Aleksandr Lukaxenko Bieloerrusiako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak bilera egin dute gaur, San Petesburgon, eta bilera horretan Lukaxenkok esan du Wagnerreko mertzenario taldeak baimena eskatu izan diola «mendebaldera» joateko; Poloniara sartzeko, alegia. Wagnerreko militarrak kontrolpean edukiko dituela hitzeman dio Lukaxenkok Putini, halere. Mertzenario talde horren 10.000 soldadu inguru daude Bieloerrusian gaur egun, Putinen kontra egin zuten altxamenduaren ostean hara mugitu baitira asko.

Putinek, berriz, adierazi du Ukrainako armadak 26.000 soldadu galdu dituela, ekainaren 4an «ofentsiba» hasi zuenetik. Kieven eraso horrek porrot egin duela iritzi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.