Negoziatzen aritu arren, Errusiak segitzen du Ukrainako energia azpiegiturei eraso egiten

Mosku, Kiev eta Washington berriro bildu dira, Genevan. Bileraren atarian, Zelenskik zigorrak eskatu ditu Errusiarentzat. Laurehun drone eta 30 misil jaurti ditu Errusiako armadak goizaldean, Ukrainako azpiegitura energetikoaren aurka.

Ukrainako, Errusiako eta AEBetako ordezkariak gaur, Genevan. EFE
Ukrainako, Errusiako eta AEBetako ordezkariak, gaur, Genevan. EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 17a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilera garrantzitsu baten atarian, Errusiak ez dio Ukrainari lasai lo egiten utzi, eta herrialdeko zenbait azpiegitura energetikori eraso egin die ostera ere. Genevan (Suitza) dira bi herrialdeetako ordezkariak, AEB Ameriketako Estatu Batuekin batera hiruko bilera batean, azken hilabetean hirugarren aldiz —bihar ere bilerarekin segitzekoak dira—. Baina goizaldean 29 misil eta 396 drone jaurti ditu Errusiako armadak Ukrainara, Kieveko aire indarrek Telegram bidez jakinarazi dutenez. Elkarrizketen inguruan, zera esan du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten duen prentsaurrekoan: «Ez dut uste gaur albisterik espero daitekeenik, izan ere, bihar elkarrizketekin jarraituko dugu».

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du testuinguru horretan elkarrizketek ez dutela funtzionatuko. Sare sozialen bidez, erasoa gaitzetsi du, eta ohartarazi ez dutela Moskurekin akordiorik erdietsiko horrelako ekintzak zigortu ezean: «Diplomazia eraginkorra izango da justiziaren eta indarraren bidez; Errusiari presioa egin behar zaio zigorrak ezarrita. Ukrainako armadak eta gure defentsak laguntza behar dute, etengabeko eta berehalako laguntza».

EB Europako Batasunak iragarri du, bide batez, zigor gehiago ezarriko dizkiola Errusiari. Anouar El Anouni Atzerri gaietarako eledunak eman du horren berri bere eguneroko mintzaldian, eta esan du helburua dela zigorrak otsailaren 24a baino lehen aplikatzea. Egun horretan beteko dira lau urte Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik. EBk azaldu du zigorretako bat izango dela Errusiako petrolio ontziei betoa ezartzea, eta itsas zerbitzurik ez eskaintzea. Esan du, gainera, neurri hori ezarri egingo dutela G7koekin akordiorik lortzen ez badute ere.

Zelenskiren ildotik jo du Andri Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak ere sare sozialetan. Adierazi du Moskuk bake ahaleginak «mespretxatu» egiten dituela: «Kremlinek ez du serio hartzen indarkeriarik gabeko diplomazia». Gaineratu du bonbardaketen helburu nagusia Ukrainako azpiegitura «energetiko eta zibilak» izan direla. Hori bera adierazi du Zelenskik ere: «Eraso kalkulatua izan da, gure energia sektoreari ahalik eta kalte handiena egiteko».

Odesan izan dira eraso larrienak. Erasoak hiriko energia azpiegitura bat jo du, eta jabeak nabarmendu du ohar batean kalteak «izugarri larriak» izan direla: «Instalazioak konpontzeko lanek luze iraungo dute». Horrek eragin handia izango du, zero azpiko tenperaturak dituzte eta Ukrainan: -14 gradukoa izango da bihar minimoa Kieven, eta -6koa Odesan.

Tentsioa nonahi

Bilera hasteko presa zuen Donald Trump AEBetako presidenteak. Ohartarazpena egin zion atzo gauean Ukrainari: «Ukraina: hobe duzu mahaira etortzea, eta azkar. Hori da esango dizudan guztia».

Baina Kieventzat ez dira garai onak negoziatzeko. Ukrainako estatu indarrek herenegun atxilotu zuten Herman Galuxtxenko Energia ministro ohia (2021-2025), egotzita ministro zen garaian Energoatom enpresa publikotik gutxienez ehun milioi dolar (86 milioi euro) desbideratu zituela. Moskuk lehenago ere mahai gainean jarri izan ditu Kieven ustelkeria kasuak, Ukrainaren aurka egiteko.

Aurtengo hirugarren hiruko bilera dute AEBek, Errusiak eta Ukrainak. Aurreko biak Abu Dhabin egin zituzten, eta ez zuten lortu gatazkaren konponbidean pauso esanguratsurik ematea. Orain, kontu «garrantzitsuak» eramango ditu mahai gainera Moskuk —hala esan zuen atzo Kremlinek—, eta espero du lurraldearen inguruko gaiak ere eztabaidatzea. Hain zuzen, Donetsk eskualdea bereganatu nahi du Errusiak elkarrizketetan. Eskualdearen %20 besterik ez du kontrolpean Ukrainak, eta Errusiak lurralde hori konkistatu nahi du diplomaziaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.