Errusiak Ukrainari eraso dio, Trumpek su eten energetiko bat iragarri berritan

Hemerezi pertsona zauritu dira Kharkiv eskualdean egindako aire erasoen ondorioz. Kievek erran du ez zela Trumpek iragarritako meniaren jakinean.

Sorosle ukrainar batzuk gaur goizean, Kharkiv eskualdean, Errusiak egindako erasoen ondotik. SERGEY KOZLOV / EFE
Sorosle ukrainar batzuk gaur goizean, Kharkiv eskualdean, Errusiak egindako erasoen ondotik. SERGEY KOZLOV / EFE
Leire Casamajou Elkegarai - Igor Susaeta
2026ko urriaren 12a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak su eten energetiko bat iragarri zuen atzo Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran, eta bi aldeak ados daudela gaineratu. Iragarpenak sorpresa eragin zuen orduan, Kiev ez omen zelako akordio horren jakinean. Eta, gaur goizean goiz, Errusiak Ukrainari eraso dio Kharkiv eskualdean: aire erasoek hemeretzi pertsona zauritu dituzte gutienez, horien artean bi haur, Ukrainako larrialdi zerbitzuen arabera.

Trumpek Truth Social bere sare sozialean iragarri zuen su etena. Geroztik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak erran du akordioaren berririk ez zuela. Oren batzuk berantago egin ditu Errusiak Kharkiveko azpiegitura energetikoen kontrako erasoak. Errusiak ez du zehaztu su etena indarrean sartua denetz. Hala mintzatu da Dmitri Peskov Kremlinen bozeramailea gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan: «Kontaktuan jarraitzen dugu. Horri buruz esateko zerbait daukagunean, jakinaraziko dizuegu». Nabarmendu du, bide batez, neurri «egiazki eraginkorren» bila ari direla, horiek «irtenbide baketsu bat» ahalbidetu dezaten. Trumpen iragarpena ustekabekoa izan da, beraz, eta indarrean sartua denetz ez da argitu orain arte.

Zehazki, menia azpiegitura energetikoei dagokie, haien kontrako beste erasorik ez dadin izan. Trumpek horrela idatzi zuen atzo: «Hemendik aitzina, su eten energetikoa indarrean dago Errusia eta Ukrainaren arteko gerlan. Bi aldeak ados eman dira. Ez ezazuela urratu!». Zelenskik Axios informazio webgunean atzo adierazitakoaren arabera, su etenaren berririk ez zuen izan, baina, «errusiarrek onartzen badute, Ukrainak ere baiezkoa emanen dio». Mezu hori bera berretsi du gaur bideokonferentziaz, Varsoviako Segurtasun Foroan.

«Errusia betetzeko prest baldin badago»: horren arabera posizionatu dira hala Ukraina, nola Europako Batasuna eta Erresuma Batua ere. Su etenarekin berez ados daude, baina «Errusiak bete beharko du», eta ez daude horren hain segur.

77

 

Zenbat pertsona zigortu dituen EBk Errusian, «legez kanpoko bozetan» parte hartzeagatik. EB Europako Batasunak 77 pertsona zigortu ditu irailaren 19an Errusiako behe ganberarako egindako «legez kanpoko bozetan» parte hartzeagatik. Horren berri eman du gaur Europar Kontseiluak, ohar batean. 77 horietatik 74 dira Errusiak Ukrainan okupatutako eskualdeetan aurkeztu ziren hautagaiak.

Gaur goizean, Ukrainako Atzerriko ministro Andrii Sibihak, bere Europako kideekin bildu aitzin Luxenburgon, Kievi sostengua adieraztera deitu ditu europarrak. Honela erran du: «Hitzek ez dituzte misilak gelditzen. Erabakiek gelditzen dituzte. Europak determinazioz ekin behar du. Aste honek indarraren astea izan behar du». Bera ere su etenaren alde agertu da, baldin eta bi aldeek errespetatzen badute.

Hauteskundeez

Ostiralean, Trumpek jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin «elkarrizketa arrakastatsu bat» eduki zuela telefonoz, eta iragarri Errusiak «berehala» esportatuko duela diesel erregaia «AEBetako eta munduko merkatuetara». Kremlinek, ondotik, azpimarratu zuen Errusia prest dagoela AEBetako eta munduko merkatuak petrolioz eta petroliotik eratorritako produktuz hornitzeko.

Bide batez, Trump Zelenskirekin haserretu zen larunbatean, Ukrainak erregai instalazio bat bonbardatu zuelako egun hartan Rostoven (Errusia). «Esan genion: 'Nahi duzuna egin iezaiozu Errusiari, baina ez egin eraso findegiei, horrek arazo global bat eragiten du eta'», adierazi zien Etxe Zuriko maizterrak kazetariei. Nabarmendu zuen, gainera, badela Ukrainak beste presidente bat edukitzeko garaia.

Eta Zelenskik atzo esan zion Trumpi hauteskundeak antolatzeko prest legokeela —2019an egin zituzten azkenekoak; 2024an egin behar zituzten hurrengoak, baina Zelenskik argudiatu izan du ezin dela bozik egin herrialdea gerran egonda—. Ukrainako estatuburuak X sare sozialean adierazi zuenez, horretarako 60 eguneko su eten bat errespetatu beharko luke Errusiak. Horri buruz ere hitz egin du gaur Peskov Kremlinen bozeramaileak: «Kievek benetan bozak egin nahi baditu, Errusiako presidentea prest legoke hauteskunde egunean erasorik ez agintzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA