Errusiak ustezko hamazazpi ekintzaile hil ditu Inguxetian, airez eta lurrez

Bi lagun atxilotu dituzte, Moskuko aireportuan urtarrilean izandako atentatuarekin zerikusia dutelakoan

Erredakzioa
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Errusiako Zentro Nazional Antiterroristak (ANC) eman du erasoaren berri. Ipar Kaukason, Inguxetian zehazki, airez «zehaztasun osoz» egindako erasoa egin dute lurrez ondoren sartu diren militarrek lagunduta, eta ustez gerrillariek trebakuntza jasotzen zuten kanpalekuari eraso eta hil dituzte ustezko hamazazpi ekintzaile. Atentatu suizidak egiteko prestatzen ari zirela esan dute. «Hamazazpi gizatxar suntsitu» dituztela esan zuen atzo zentro horretako bozeramaile batek.

Ipar Kaukason azken aldian egoera larriagotzen ari da, atxilotuen eta hildakoen kopuruak ere gora egin du, bainaANCk bidalitako oharrean nabarmentzen dutenez, «indarrari indarrez erantzun» behar zaio. «Gero eta zailagoa dute, gainera, ezkutatzea. Denbora kontua da denak erortzea».

Domodedovorekin zerikusia

Ekintza horrez gain, bi lagun atxilotu dituzte Inguxetiako hiririk garrantzitsuenean, Nazranen. Inguxetiako Barne Ministerioko iturrien arabera, Islam eta Iles Jandiev anaiak dira atxilotutakoak, eta Domodedovo Moskuko aireportuan joan den urtarrilean izandako atentatuarekin dute zerikusia. «Jandiev anaiak atxilotzeko agindua aspaldikoa da», ministeriotik esan dutenez.

Domodedovoko aireportuko atentatua joan den urtarrilaren 24an izan zen nazioarteko hegaldien iritsieraren sarreran, Magomed Jevloev bezala identifikatutako ekintzaile suizidak egindakoa. Inguxetiakoa zen Jevloev. 37 hildako eragin zituen ekintzak, eta ia berrehun zauritu. Oraingo atxilotuak formalki akusatu ditu dagoeneko Errusiak, atentatuaren ardura eurei ere egotziz.

Ekintzaren antolatzaile nagusia, ordea, Doku Umarov izan zen, atentatua izan eta gutxira interneten zabaldutako bideoan agertzen zuenez. Kaukasoko emirrak ziurtatu zuenez, ekintzaile suizidak bonba leherrarazi zuen bere agindupean, eta Errusian gisa horretako ekintza gehiago aginduko dituela ziurtatu zuen, errusiarren kontrako borroka sendotuko dutela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.