Errusiako tropek Kupianskeko hamasei eraikinen kontrola eskuratu dute azken 24 orduetan. Hala jakinarazi du gaur operazio horretan parte hartzen ari den Errusiako armadaren unitatearen buruak, Errusiako Defentsa Ministerioaren Telegram kanalean. Pokrovsken, berriz, egoera ez da hobea Ukrainako armadarentzat. Moskuren arabera, Errusiako armada 70 eraikinen jabe egin da Donetsk eskualdeko hiri horretan, azken 24 orduetan.
Aurpegia estalita eta Lavrik ezizenarekin. Hala ageri da, Errusiako Defentsa Ministerioaren Telegrameko kanalean, Ukrainako Kharkiv eskualdean Kupiansk hiriari eraso egiten ari zaion unitateko ofiziala. «Destakamentua Kupianskeko mendebaldeko zatia garbitzen ari da, eta beste hamasei eraikin askatu ditu azken 24 orduetan», dio militarrak bideoan. Gaineratu duenez, borroka horretan Ukrainako zazpi soldadu hil zituzten atzo, bi ibilgailu blindatutan ihes egin nahian zebiltzala.
Ukrainako gerra hasi aurretik, 26.000 pertsona bizi ziren Kupiansken, baina, Moskuren arabera, ia hesituta dago gaur egun. Atzo gauean egindako bideoan adierazi dutenez, Errusiako tropak «hiriko hiru kaletan barrena» ari dira aurrera egiten.
Horrez gain, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Errusiako armadak «etsaien 11 erasori» egin diela aurre azken orduetan, Grixino herritik gertu. Eraso horien helburua «Pokrovsken eta inguruko herrietan hesituta dauden indar ukrainarrak desblokeatzea» dela nabarmendu du, eta gaineratu Ukrainako armadaren inguruko taldeak «suntsitzen» jarraitzen duela Errusiako armadak, besteak beste Pokrovsk hirian eta haren inguruko Hnativka, Rig eta Mirnograd herrietan.
Ukrainaren erasoa
Kievek jakinarazi duenez, Ukrainako armadaren droneek Errusiako Volgograd eskualdeko petrolio findegi handi bati eraso zioten atzo, azken hiru hilabeteetan bigarren aldiz. Volgogradeko petrolio findegia herrialdeak hegoaldean daukan erregaien ekoizlerik handiena da. Ukrainak adierazi duenez, urtean «hamabost milioi tona petrolio baino gehiago» prozesatzen ditu. Errusiak, oraingoz, ez du erasorik baieztatu, baina eskualdeko gobernadoreak jakinarazi du droneek «sute bat» piztu zutela zehaztu gabeko industria instalazio batean.
%78Errusiako zenbat herritarrek duten konfiantza Putinengan
Errusiarrek Vladimir Putin presidentearengan daukaten konfiantza neurtu du Errusiako Iritzi Publikoa Ikertzeko Zentroak. 1.600 errusiar helduri egin diete inkesta, eta haietako %78k konfiantza daukate presidentearengan.