Bi ordu eskas iraun du Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzek Istanbulen (Turkia) egindako bilerak. Horren ondoren bi herrialdeetako iturri ofizialek zabaldu duten informazioaren arabera, Kievek eta Moskuk ez dituzte su eten bat adosteko baldintzak bateratu; halere, prest agertu dira zuzeneko elkarrizketa gehiago izateko. Istanbulen izan da Ukrainako Defentsa ministro Rustem Umerov, eta, hark jakinarazi duenez, mila preso trukatzea adostu dute bi aldeek. «Hori da gure bileraren emaitza», gehitu du. Ukrainako inbasioa 2022ko otsailean hasi zen, eta bi aldeek hiru urte pasa zeramatzaten aurrez aurre hitz egin gabe, 2022ko martxotik; orduko hartan ere Turkian bildu ziren.
Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzak atzo ziren biltzekoak, baina, herenegun, Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi zuen ez zela bertan izango. Atzo, Errusiak bidalitako ordezkaritza «apala» zela-eta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ere uko egin zion bi aldeen arteko negoziazioetan parte hartzeari. Halere, Ukrainak ez du baztertu bi herrialdeetako agintariak aurrez aurre elkartzeko aukera, eta hori ere hizpide izan dute bileran. Hala iragarri du Umerovek, eta zehaztu «laster» emango dituztela hurrengo bilkurari buruzko xehetasun gehiago; bilera horretan, alde bakoitzak jakinarazi beharko du zer baldintza jarri nahi dituen su eten bat adosteko.
Umerov izan da Ukrainako ordezkaritzaren buru Errusiako ordezkariekin egin duten bilkuran. Vladimir Medinski Kremlineko aholkularia izan da Errusiako negoziazio taldeko burua. 2022ko martxoan egindako elkarrizketetan ere hartu zuen parte Medinskik. Gainerako kideak hauek izan dira: Alexander Fomin Defentsa ministrordea, Mikhail Galuzin Atzerri ministrordea, eta Igor Kostiukov Estatu Nagusiko zuzendaritzako kidea.
Nazioarteko hedabideek Turkiako Atzerri Ministerioko iturriak aipatuz iragarri dute elkarrizketak 12:30ean zirela hastekoak —11:30ean Euskal Herrian—. Azkenean, ordubete baino gehiago atzeratu dituzte. Aurrez, beste bilkura bat egin dute gaur Istanbulen bertan Ukrainako, AEBetako eta Turkiako ordezkariek. Turkiako Atzerri ministro Hakan Fidanek gidatu du saioa. Bilkuran parte hartu dute Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, Keith Kellog Ukrainarako ordezkariak eta Tom Barrack AEBen Turkiako enbaxadoreak. Eta Kieven ordezkaritzaren parte izan dira Andrii Sibiha Ukrainako Atzerri ministroa, Umerov Defentsa ministroa eta Andrii Yermak Zelenskiren kabineteburua.
Europa eta Washington
Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzak Istanbulen bilduta zeuden bitartean, Donald Trump AEBetako presidentearekin hitz egin dute bideo dei bidez Zelenskik, Frantziako Emmanuel Macronek, Alemaniako kantziler Friedrich Merzek, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek eta Poloniako Donald Tuskek.
Bilera horretan, Errusiari ezarritako zigorrak areagotzeko eskatu dio Zelenskik Trumpi, baldin eta Moskuk ez badu akordio bat adosteko aurrerapausorik ematen. Kontrara, esan du Kiev prest dagoela «edozein urrats» egiteko bakea lortzeko. Merzen arabera, berriz, orain arte egindako saiakera guztiek «Errusiaren erruz» egin dute huts.
Trump eta Putin
Aurreko igandean proposatu zion Putinek Zelenskiri negoziazioei berriz ekitea, eta Ukrainako presidenteak baiezkoa eman zion. Putinekin berarekin biltzeko nahia adierazi zuen Zelenskik, baina, azkenean, ez batak eta ez besteak ez dute negoziazioetan zuzenean parte hartu. AEBetako presidenteak ere aipatu zuen bazitekeela bera ere Istanbulgo bilkuran agertzea. Zelenski eta Putin gabe, ordea, ez da bertan izango.
Trumpek gaur amaituko du Ekialde Hurbilean egiten ari den bidaia, eta Putinen erabakia ulertzen duela esan du, Arabiar Emirerri Batuetan eman duen prentsaurreko batean: «Argi zegoen Putin ez zela joango ni joan ezean, eta ez zen joan. Ulertzen dut». Eta gaineratu du «ahal bezain laster» bilduko dela Putinekin. Atzo ohartarazi zuen negoziazioek ez dutela aurrera egingo bera eta Putin batzartzen ez badira.
Kremlinen ustez ere, Ukrainako gerra konpontzeko, «oso garrantzitsua» izango litzake Errusiako eta AEBetako presidenteen arteko bilkura bat egitea. Hala adierazi du gaur Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.