Errusiak jaurtitako drone batek Errumaniako Galati hiriko etxebizitza eraikin bat jo du gaur goizaldean, eta bi lagun zauritu. Danubio ibaia igarotzen da handik, eta gertu ditu bai Moldaviako muga, bai Ukrainakoa. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide da Errumania, eta, hortaz, aliantza militarrak Errusiaren «zuhurtziagabakeria» salatu du.
Errumaniako presidente Nicusor Danek esan du herrialdean ez dela halako erasorik egon 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta, hori dela eta, erantzun «koordinatua, egokia eta bateratua» eskatu die aliatuei. Mezu bat idatzi du X sare sozialean, eta aireko defentsa sistema gehiago ere eskatu dizkio Mendebaldeko aliantza militarrari. Bide batez: Defentsa Ministerioak baieztatu du Errusian fabrikatutakoa dela eraikina jo duen dronea.
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak jakinarazi du Danekin hitz egin duela telefonoz, eta baieztatu diola aliantza «prest» dagoela «aliatuen lurraldeak zentimetroz zentimetro defendatzeko». Bestelako konpromisorik hartzeari uko egin dio, ordea. «Jarraituko dugu prestatzen edozein erasoren aurrean defendatzeko», idatzi du Xan, eta gaineratu Mosku «arriskutsua» dela aliatu guztientzat.
Azken lau urteetan hainbatetan detektatu dituzte Errusiaren droneak Errumaniako aire eremuan. Apirilaren 25ean, esaterako, Galatiko bertako etxe bateko patioa jo zuen drone batek. Ez zen biktimarik izan, baina etxearen jabea ospitaleratu behar izan zuten, izu atake batek jota.
Bukarestek erasoaren ondoren hartu dituen erabakietako bat izan da Errusiak Errumanian duen enbaxadorea deitzea. «Jakinaraziko diogu Errusiaren zuhurtzia gabezia honek eragingo diela bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoei», idatzi du Errumaniako Atzerri ministro Oana Toiuk X sare sozialean. Nabarmendu du, bide batez, Errusiari zigorrak ezartzeko eskatuko diola EB Europako Batasunari.
10Ukrainako zenbat herri hartu dituen Errusiak azken orduetan. Errusiak segitzen du Ukrainako lur eremuak konkistatzen. Defentsa Ministerioak gaur ohar batean adierazi duenez, azkeneko 24 orduetan hamar herri hartu ditu Kharkiv, Sami, Kherson eta Dnipropetrovsk eskualdeetan.
Kremlinek, bitartean, ez du egozten diotenari buruzko iruzkinik egin. NATOren bozeramaile Allison Hartek sare sozialetan idatzitako mezu batean zehaztu duenez, drone horren helburua zen Ukrainako instalazio batzuk jotzea. Errumania ekialdean dago Galati, Itsaso Beltzetik 150 kilometro ingurura. Horren harira, Kaja Kallas EB Europako Batasunaren diplomaziaburuak azpimarratu du Errusiaren droneak Errumaniaren subiranotasuna urratu duela. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du sare sozialetan Errumaniari laguntzeko prest daudela.
Eta horrekin guztiarekin lotuta, Ukrainak esan du Turkiaren jabetzako ontzi bati eraso egin diola Errusiak gaur Itsaso Beltzean. Horren berri eman du armadak, ohar batean, eta nabarmendu «nahita» jo duela eta eskifaiako bi kide zauritu dituela.
Ukrainaren erasoak
Nahiz eta NATOko kide den herrialde bati eraso egin dioten, Ruttek aipatu ere ez du egin bere laugarren edo bosgarren artikulua aplikatzeko aukera. Laugarrenean aliatuen arteko kontsultak aurreikusten dira, lurraldearen osotasuna, independentzia politikoa edo edozein alderdiren segurtasuna arriskuan dagoenean; bosgarrenean dio aliatu baten aurkako erasoa aliatu guztien aurkakoa dela, eta «defentsarako eskubide zilegia» aitortzen du.
Bestalde, Errusian hainbat eraso egin ditu Ukrainak gaur goizaldean. Temriukeko portuan, Krasnodar eskualdean, erregai biltegi bat bonbardatu du, eta bost pertsona hil dira. Gainera, pertsona bat hil du Volgograden eta beste bat Briansken, aire erasoen bidez.