Errusiak ez du asmorik atzera egiteko lurraldetasunaren auziari dagokionez, baina beste behin hiru aldeko bilera egingo dute asteazkenean eta ostegunean, Abu Dhabin, duela bi aste bezala. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo iragarri zuen Kieveko, Moskuko eta Washingtongo ordezkariak aste honetan ere elkartuko direla; gaur, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak horixe bera berretsi du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik lehen aldiz batera egin duten negoziazio saila da honakoa.
«Ganoraz eztabaidatzeko prest dago Ukraina», esan zuen Zelenskik atzo sare sozialetan, eta otsaila hilabete «trinkoa» izango dela atzerri politikan. Gatazka amaitzeko neurriak eztabaidatzean, Ameriketako Estatu Batuek jarrera parte hartzailea izatea espero du, Errusiaren erasoak gutxitze aldera.
Hain zuzen, joan den ostiralean, Errusiak iragarri zuen Ukrainako hirietarako su etena ezarri zuela astebururako, Donald Trump AEBetako presidenteak hala eskatu eta gero; horrek ez ditu, ordea, erasoak galarazi: herenegun gauean, Errusiak hamabi lagun hil zituen hainbat meatzari zihoazen autobus bati eraso egin eta gero, Ukraina ekialdeko Dnipropetrovsk eskualdean—muga egiten du Errusiak duela hiru urte anexionatutako Donetsk, Zaporizhia eta Kherson eskualdeekin, eta frontetik 65 kilometrora izan zen bonbardaketa, hango Poliziaren arabera—. Bestalde, gaur goizaldean, Ukrainako armadak bi lagun hil ditu Errusiako Belgorod eskualdean, zeinak muga egiten duen Ukrainarekin.
Hori dela eta, Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak adierazi du balizko segurtasun bermeak ezin direla «aldebakarrekoak» izan eta Ukrainari baizik eman: «Bermeak bi aldeetan behar dira: Errusian eta Ukrainan. Bestela, berme horiek ez dute funtzionatuko», esan dio Errusiako Tass berri agentziari eta beste zenbait hedabideri gaur emandako elkarrizketan. Moskuren exijentziak, Trumpek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Alaskan egindako bileran eztabaidatutakoak, «ez dira aldatu»; besteak beste, lurralde trukea eta Zaporizhiako zentral nuklearraren kudeaketa dira negoziazioetako oztopo nagusiak. Ukrainara nazioarteko tropak bidaltzeari buruz ere hitz egin du 2008 eta 2012 bitartean Errusiako presidente izandakoak: «Ez dugu onartuko halako bermerik».
Lurraldetasunari dagokionez, AEBetako eta Errusiako ordezkariek zera proposatu zuten azaroan kaleratutako plan batean: Moskuk Luhansk eta Donetsk eskualdeak osorik kontrolatzea, eta Kherson eta Zaporizhia eskualdeak, berriz, unean uneko gerra frontearen arabera banatzea. Hain zuzen, Kirill Dmitriev, bi aldeko plan hori negoziatzen aritu den Kremlineko ordezkaria, Miamin (AEB) egon da asteburu honetan. Bestalde, lurralde trukeari buruzko Ukrainaren ezezkoa ikusita, AEBek Kievi proposatu zioten erretiratu ditzala tropak Luhansketik eta Donetsketik, eta trukean gune desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko aske bat» ezarriko dutela.