Eskoziari eskumen gehiago emateko prest agertu da David Cameron

Londresko buruak eta Edinburgokoak ez dute galdeketaren gaineko «aurrerapen handirik» lortu egindako bileran

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Batasunaren aldeko aldarria egin du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Eskoziako hiriburuan, eta eskoziarrak limurtzeko saioa ere egin du, independentziari uko eginez gero Edinburgori eskumen gehiago emateko prest legokeela adieraziz: «Guztiz prest nago. Benetan sinesten dut eskumenak bueltatzean, eta ez naiz soilik botereaz ari. Jendeak bere bizitzaren gaineko kontrol handiagoa izateaz ari naiz eskumenak bueltatzea diodanean. Baina, jakina, eztabaida hori eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu nahi dutela erabaki ostean izan behar dugu, iraganean izan dugun bezala». Nolanahi ere, ez du zehaztu Edinburgori zenbaterainoko boterea bueltatzeko prest dagoen.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroari ez zaio batere gustatu Cameronen adierazpena. «Eskoziarrei eskaintzeko proposamenen bat badauka esan dezala oraintxe bertan. Berehala azaldu behar luke, horrela Eskoziaren etorkizuneko aukeren arteko erabaki argiagoa hartuko genuke. Erreferendumean bozkatu ezetz, eta gero zerbait eskainiko dizuegu esateak uste dut ez duela inor konbentzituko Eskozian. Haren jarrera funts oso-oso ezegonkorrean oinarritzen da Eskoziako jendea berriz ere engainatuko duela uste badu».

Bien arteko bilera egin aurretik egin zituzten adierazpenok bi gobernuburuek. «Giro onean eta eraikitzailean» aritu arren, erreferendumaren inguruan ez zutela «aurrerapauso handirik eman» aitortu du Cameronek. «Etsigarria da hori», gaineratu du.

Bi aldeek gogor eutsi diete euren proposamenei. Batetik, independentziari buruzko galdeketa 2014an egitea, bigarren galdera sartzeko aukerari eustea eta hamasei eta hamazazpi urtekoei ere bozkatzeko aukera ematea defendatu du Salmondek; bestetik, galdera bakarra izatea, hemezortzi urtetik gorakoek bozkatzea etaeta galdeketa «berandu baino lehen» egitea Cameronek. «Galdera sinplea, zuzena eta bete beharrekoa izan beharko litzateke: Erresuma Batuan jarraitu nahi duzu ala atera egin nahi duzu?», esan du Cameronek.

Londresek, gainera, berretsi du Eskoziako Parlamentuak eskumen gehiago jaso behar lituzkeela legezko erreferenduma egiteko, eta eskumen horiek aldi baterako ematea eskaini dio SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren gobernuari. Edinburgok begi onez ikusten du eskaintza, baina baldintzak ezartzeko ahaleginik ez egiteko eskatu dio Londresi.

Abantailen zerrenda

Erresuma Batuaren barruan jarraitzeak Eskoziari ekarriko dizkion abantailez hitz egin du Cameronek, batez ere, Edinburgon. «Inoiz ez dut esan, argudio gisa, Eskozia independentea ekonomikoki aurrera egiteko gai izango ez litzatekeenik. Europan herrialde txiki ugari daude aurrera egiten dutenak. Baina nire argudioa da batera hobeto egongo garela, indartsuagoak izango garela, aberatsagoak». Bereiziz gero, munduko zazpigarren potentzia ekonomikoa izateari utziko lieketela gogorarazi du, eta Eskoziak petrolioa edukitzearen abantaila izan arren, «gehiegi zabaldutako banku sistema» izatearen desabantaila izango lukeela.

«Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan dugun aulkia, Europako Batasunean dugun kidetza, NATOn dugun lidergoa, gure indar nuklearra, gure armada sendoa, Erresuma Batu osoarenak dira abantaila guzti horiek», nabarmendu du Cameronek, burujabetza lortuz gero Eskoziak horiek galduko lituzkeela iradokiz. Hala ere, esan du beretzat independentziarena ez dela politikan, estrategietan edo kalkuluetan oinarritutako auzi bat. «Erresuma Batua dago jokoan. Arrazoia, bihotza eta arima, horiek dira garrantzitsuenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.