Tsunami Demokratikoak iragarri du gaur beste "erronka" bat izango dutela, eta buruzagi espetxeratuek mobilizaziora deitu dute agiri batean (irakurri euskaraz). 131 lagun zauritu zituzten atzo Espainiako eta Kataluniako poliziek. Espainiako Gobernuak jakinarazi du ikertu egingo duela nor dagoen ekinaldiaren atzean, eta manifestazio eskubideak "mugak" dituela esan du.
Kataluniako buruzagi independentisten kontrako bederatzi eta hamahiru urte bitarteko espetxe zigorra ezagutu berritan, milaka herritar atera ziren atzo kalera protestatzera. Lehen protesta eguna izan zen, eta ez da azkena izango. Duela egun gutxi arte ezezaguna zen plataforma batek hartu zuen atzo protesten lema, eta, gauean iragarri zuenez, gaur ere gauza bera egingo du. "Har dezagun atseden bihar berriro kalera itzultzeko. Eta datorrenean. Eta hurrengoan. Tsunami demokratikoa hasi besterik ez da egin", adierazi zuen egitasmo horrek sare sozialetan.
Espetxean dauden buruzagi independentistek ere mobilizaziora deitu dute El Nacional.cat hedabide digitalean argitaratu duten idatzi batean (hemen, euskaraz). Gaur goizean, zenbait trenbide itxita zeuden, eta, Gironan, AHTarena itxita egon da 11:00ak arte atzoko mozketaren ondorioz. Lluis Companys Kataluniako presidente zenaren fusilatzearen 79. urteurrena da gaur, gainera eta Montjuiceko hilerrian lore eskaintza egin dio Generalitateak.
Beste protesta egun bat izango da gaurkoa, beraz, eta litekeena da atzo bezala istiluak egotea. Albiste agentziek gaur emandako datuen arabera, 131 pertsona zauritu zituzten Espainiako Poliziak eta Kataluniako mossoek. Protesta baketsuak izan arren, tarteka gogor egin zuten manifestarien kontra, eta sare sozialetan zabaldu diren irudiek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean bizitakoa ekarri dute gogora. Zauritu gehienak Bartzelonako aireportuan izandako istiluetan zauritu zituzten poliziek: 115.
[YouTube]https://youtu.be/9UclAC9Omxc[/YouTube]
138 lagun horietatik 24 ospitalera eraman behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek; horietako bat, 22 urteko gazte bat, larri ospitaleratu zuten Bellvitgeko Ospitalean (Bartzelona), eta begi baten ikusmena galtzeko arriskua du; ebakuntza egin diote goizean. Beste batek barrabil bat galdu du Espainiako Poliziaren oldarraldiaren ondorioz. Aireportutik kanpoko gainontzeko zaurituak Bartzelona hirian —zazpi zauritu eta horietako bat ospitalean—, Maçanet de la Selvan —lau zauritu—, Lleidan —hiru zauritu eta horietako bi ospitalean— eta Reusen —zauritu bat— izan ziren.
Tsunami Demokratikoa ekinaldiak gaitzetsi egin du gomazko piloten erabilera. Gogoratu behar da, gainera, Katalunian debekatuta daudela. Edozein kasutan, gomazko pilotez gain, atzoko irudietan ikus daiteke poliziek nola jotzen dituzten borrarekin bizkarrez zutik ezer egiten ari ez den bat eta lurrean eserita dagoen beste bat, eta nola egiten dioten tiro foam jaurtigailuekin oinez doan beste bati. Tsunami Demokratikoa ekinaldiak bultzatuta, herritarrek Bartzelonako aireportua itxi zuten, eta 67 hegaldi bertan behera geratu ziren. Gauean, ekinaldia amaitutzat eman zuen, eta aireportura oinez joandako milaka lagunak etxera itzuli ziren.
Tentsioa aireportutik Bartzelonako Via Laietana kalera pasatu zen gauean. Milaka herritarrek kalea itxi zuten Espainiako Poliziak bere egoitza duen tokian, eta poliziak han ere oldartu zitzaizkien. Gero, dozenaka batzuek Gran Via itxi dute, Girona kalearekin gurutzatzen den tokian. Mossoek horien aurka egin dute, eta 01:00ak inguruan ireki dute kalea.
Gaurko beste "erronka" bat iragarri dute, eta, orain arte Telegram bidez nabarmendu bada ere, jakinarazi du aurrerantzean Android sakelekoetarako egindako aplikazio baten bidez koordinatuko dituela protestak. "Helburu zehatzak izango dituzten ekintza koordinatu eta antolatuen garaia da. Helburua betetzat jotzen duenean emango ditu amaitutzat ekintza hauek Tsunamiak".
Dagoeneko iragarri dutena ostiralerako greba deialdia eta manifestazioa dira. Eskubide eta askatasunen alde, greba orokorra lelopean egingo dute martxa, eta 17:00etan abiatuko da, Bartzelona erdigunetik. Sindikatuek grebarako deialdia arrazoitzeko eman duten argudioetako bat izan da 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzearena. Izan ere, Espainian lan arrazoiengatik soilik antolatu daitezke grebak.
Espainiako Gobernuak jada adierazi du ikertu egingo duela nor dagoen Tsunami Demokratikoaren atzean. "Inteligentzia zerbitzu eraginkorrak dauzkagu, eta jakingo dugu nor dagoen mugimendu horien atzean", esan du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. Ministroak elkartasuna adierazi die atzo Bartzelonan euren hegaldia hartu ezin izan zutenei, eta beretzat "agerikoa da poliziaren proportzionaltasuna" indarraren erabileran. Esan du badaudela polizia zaurituak, eta irudiek "dena" esaten dutela.
Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen arduradunak mugak jarri dizkio manifestatzeko eskubideari. "Ez da eskubide absolutu bat, beste eskubide bat edo bide judiziala zanpatu dezakeena", adierazi du. Gainera, adierazi du aireportua ixtea larria izan zela, ez dela gauza bera hori eta errepide bat ixtea. Haren hitzetan, desobedientzia zibilaren erabilera okerra ari dira egiten Katalunian, "errealitateari iruzur egin eta beste egoera batzuk estaltzeko".
Pep Guardiola futbol entrenatzaileak, berriz, atzo BBCren bidez zabaldu zen bideo batean salatu zuen disidentzia lege antiterroristekin zigortzen dela Espainian. Eskubide urraketa salatu zuen, eta ohartarazi orobat urratu direla adierazpen askatasuna, epaiketa justu baterako eskubidea, manifestatzekoa eta biltzekoa. "Onartezina da XXI. mendeko Europan".
[YouTube]https://youtu.be/zMksGnpv-F8[/YouTube]