Espainiak ez dio Kataluniari utzi galdeketak egiteko ahalmena

Esperotako bidea jarraituz, kongresuko gehiengo nabarmenak ezezkoa eman dio ERCren proposamenari

Erredakzioa
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ustekaberik gabe, Espainiako Kongresuak baztertu egin du erreferendumak deitzeko ahalmena Kataluniako Gobernuaren esku uztea. ERC Esquerra Republicanak eraman du legez besteko proposamen hori Madrilera, baina soilik 42 diputaturen babesa jaso du. PPk, PSOEk eta UPDk elkartuta 276 diputatuk egin dute aurka, horien artean PSC Kataluniako Alderdi Sozialistakoek ere. ERCek proposamenean adierazi du erreferendumak administrazioen mekanismo «normalizatu bat» izan beharko lukeela, eta sei hilabeteko epean eskumen hori Kataluniako Gobernuaren esku uztea eskatu du, Espainiako Konstituzioak eskumenak erkidego autonomoei emateko prozedura zehazten duen artikulua erabilita.

Kataluniako Gobernuak herrialdearen burujabetzaren inguruan egiteko asmoa duen erreferendumari begira egindako proposamena izan da ERCena. Hain zuzen, alderdi independentistak Diadaren manifestazioaren ondoren erregistratu zuen legez besteko proposamen hori. Irailaren 11n milioitik gora lagun —bi milioi iturri batzuen arabera— elkartu ziren Bartzelonan independentziaren aldeko martxan. Ordutik, eztabaidak abiadura bizia hartu du, eta Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak hurrengo legealdian burujabetzari buruzko kontsulta bat egitearen alde bozkatu du.

PPri kritikak Kataluniatik

Kataluniako mugimendu horrek, ordea, kontrako erreakzio sumindua eragin du Espainiako Gobernuarengan eta alderdi nagusiengan. Frances Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak Kataluniako «ehunka milaka» independentistei errespetua izateko exijitu dio Mariano Raxoi Espainiako presidenteari. Raxoik bezperan adierazi zuen independentziaren aldarrikapena «izugarrizko astakeria» dela, eta ongizatearen aurkako «torpedo bat». Jordi Turull CiUren parlamentuko bozeramailearen iritziz, PPren «erabaki eta adierazpen bakoitzak» arrazoi handiagoa ematen die independentistei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.