Katalunia

Espainiako Auzitegi Gorenak berriz baztertu ditu indultuen kontrako helegiteak

Kataluniako buruzagi independentisten amnistiari buruzko eztabaida bete-betean, epaileek argudiatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dutela indultuei errekurtsoa aurkezteko zilegitasunik. Cuixarten eta Sanchezen kasuak aztertu ditu.

Cuixarten eta Sanchezen alde egindako protesta bat, 2020ko irailean, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Ander Perez Zala
2023ko irailaren 14a
11:34
Entzun

Urte eta erdian bigarrenez, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten indultuen aurka aurkezturiko helegiteak. Eta iazko urtarrileko argudio berbera erabili du horretarako: ez PP Alderdi Popularrak, ez Ciudadanosek, ez Voxek ez dutela erabaki horren kontra errekurtsorik aurkezteko zilegitasunik.

Goreneko administrazioarekiko auzien auzitegiak eman du gaur deliberoaren berri. Kasu horretan, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohiaren (2015-2022) eta Jordi Sanchez ANC Kataluniako Biltzar Nagusiko presidente ohi (2015-2017) eta JxC Junts Per Catalunyaren idazkari nagusi izandakoaren (2020-2022) kasuak aztertu ditu, eta horretan ere argudio berbera erabili du; hau da, forma arrazoiengatik baztertu dituela.

Auzitegiak 2022ko urtarrilean jada iritzia eman zuen, baina urte hartako maiatzean epaile aldaketa batzuk izan ziren, eta horrek berekin ekarri zuen Gorenean irizpide aldaketa bat izatea; eta, hortaz, indultuak berriz aztertu behar izatea —bost epailetik hiruk eman zuten horren aldeko botoa—. Cuixartenak eta Sanchezenak, ordea, ez dira kasu bakarrak, datozen asteetan gehiagoren inguruan iritzia eman beharko duelako.

Edonola ere, gaurko erabakiaren ondorioz, iazko kasuan bezala, auzitegiak ez du aztertu indultuak egokiak izan ote ziren: hau da, PSOEk eta Unidas Podemosek osatu zuten koalizio gobernuak (2019-2023) legezko baldintzak bete ote zituen 2021eko ekainaren 22an bederatzi buruzagi independentista katalanei indultua ematea erabaki zutenean. Eta, hain justu, Gorenaren gaurko erabakia amnistiari buruzko eztabaida bete-betean dagoen honetan heldu da.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea haren inbestidurarako babesak negoziatzen ari da, eta, ezustekorik ezean, ezinbestekoa izango du ERC Esquerra Republicana eta JxC alderdi independentisten aldeko botoa eskuratzea. Kataluniako bi indar horiek iragarri dute inbestidurarako ezinbesteko baldintza izango dela amnistia lege bat onartzea.

Lau urteko zigorra Barne kontseilari ohiari

Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilari ohiari (2018-2020) lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bartzelonako Auzitegiak, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari bizkartzain bat jartzeagatik. Epaileen iritziz, Buchek modu irregularrean kontratatu zuen Puigdemontek erbestean izan duen bizkartzaina, plaza bereizi bat sortu zuelako betekin horrekin, diru publikoarekin ordaindu zedin. Prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi diote.

Kartzela zigorraz gain, auzitegiak bederatzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri dio Buchi kargu publikoetarako. Puigdemonten bizkartzain lanetan aritu den Mossos d'Esquadrako sarjentu Lluis Escola ere zigortu dute epaileek. Lau urteko espetxealdira kondenatu dute.

Epaiketan egin dituen adierazpenetan, Buchek ukatu egin du Escola Puigdemonten bizkartzain izateko kontratatu zuenik. Haren esanetan, sarjentuaren ardura aholkulari lanetan aritzea zen. Azaldu duenez, kontratazio horrek ez zion Generalitateari gastu publiko gehigarririk eragin. Escolak ere ukatu egin du Puigdemonten bizkartzain izan denik, eta argudiatu du ezin izango lukeela lan hori bete, daukan ezgaitasunagatik. Ildo beretik, presidente ohiak esan du Escola ez zela inoiz bere segurtasunaz arduratu erbestean. Epaileek, ordea, ontzat jo dute Pedro Ariche fiskalaren ikuspuntua.

Buchen kontrako zigorra ere iritsi da amnistia lege bat onartzeko aukera Espainiako eztabaida politikoaren erdigunean dagoenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.