Roger Torrenten hitzaldiak parean zuen entzuleetako asko asaldatu ditu. Kataluniako Presidenteak Icab Bartzelonako Abokatuen Elkargoaren egoitzan hartu du hitza, eta Espainiako Estatuan estatu errepresioa eta preso politikoen existentzia salatu ditu.
Torrentek adierazi du "existitzen ez diren delituak" leporatuta, hainbat kargu hautatu daudela espetxean arrazoi politikoengatik. "Estatu zuzenbidearen krisia" gaitzetsi du, eta estatuko botere banaketa kolokan dagoela salatu. "Eskubide eta askatasunen atzerakada" ematen ari dela eta —"bereziki Katalunian"—, abokatu eta juristei dei egin die demokrazia defendatzera. "Ezin dugu beste alde batera begiratu", ohartarazi du.
Entzuleen artean zen Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa, eta hari egin dio zeharkako erreferentzia Torrentek. "Ikusi ditugu zenbait ministro, sententziarik egon aurretik, hedabideei erabaki judizialak aurreratzen".
Torrenten hitzek deseroso jarri ditu bertan zirenetako asko, eta aretotik alde egitea erabaki dute, besteren artean, Jesús Maria Barrientos Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidenteak, Francisco Bañeres Kataluniako fiskal nagusiak eta Bartzelonako fiskalburu Concepcio Talok. Catalak aretoan jarraitu du, "Icab-ekiko errespetuagatik".
[youtube]https://youtu.be/s9I9NBNKhk4[/youtube]
"Hori ez zen asmoa presidente jauna. Ezin zenuen hori egin. Ederra egin duzu. Mila esker", aurpegiratu dio Eugenia Gay Icab-eko dekanoak Torrenti.