Piztu da alarma gorria, bertze behin ere. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoa (2008-2012) inputatu dute trafiko influentziagatik. Eta hor doa galdera: zenbatgarren ustelkeria kasua da Espainiako Gobernuan? Gaur bata, eta bihar bertzea. Gaur PP erori, eta bihar PSOE ito. Eta, gehien-gehienetan, nola bataren hala bertzearen irudi publikoa atera da kaltetuen.
PSOEren ustelkeria kasu nagusiak
Filesa auzia. Lehendabiziko ustelkeria kasua izan zen. 1980ko hamarkada akaberan bi erronka nagusi zeuzkan PSOEk: alderdia finantzatzea, eta heltzear ziren hauteskundeen kanpainako gastuak finantzatzea. Eta aurkitu zuen modurik horretarako: enpresa eta banku handiei milioiak eskatu, eta zerbitzu zein pribilegio batzuk eman trukean. Sozietate sare baten parte zen Filesa, eta PSOEren legez kanpoko finantzaketan egiten zuen lan. Alegia, banku eta enpresa handiei fakturatzeko aholkularitza txostenak simulatzen zituen Alderdi Sozialistarentzat.
Aholkulari bat izan zen, azkenean, egia ur azalera atera zuena, eta 1991an argitu zen auzia: Filesak bertze enpresa batzuk diruz ordaindu zituen PSOEk agindutako zerbitzuak egin zitzan. Hau da, ondasunak PSOErentzat izan zitezen. Gainera, jakin zuten fakturatzeko aholkularitza txosten horiek ez zirela inoiz egin, bankuek eta enpresek milioika euro ordaindu ondotik.
ERE auzia. Sevillako epaile batek 2011n ireki zituen diligentziak. Andaluziako Juntaren diru publikoa PSOEren inguruko enpresen, langileen, eta sindikatuen interesak asetzeko erabili zuen Alderdi Sozialistak. Zehazki, 679 milioi euro. Sevillako Audientzia Probintzialak Andaluziako Juntako hemeretzi politikari kondenatu zituen. 2000 eta 2009 urteen artean desbideratu zuten diru publikoa, baina ez hori bakarrik: aitzineko urteetan diru publikoa senideen, lagunen eta PSOEko militanteen «poltsikora» desbideratu izana aurpegiratu zioten Andaluziako Juntari.
Koldo auzia. Ustelkeria kasuak ahaztu daitezke, edo, bederen, bertze bat etorri arte apalduz joaten dira; itzaltzen kasik. Horixe gertatu zitzaien sozialistei: zenbait urtez eskandalurik sortu gabe jardunagatik, berriz etorri zen dardarka jartzeko motiborik. Eta dardar horrek hiru izen nagusi dauzka: Jose Luis Abalos, Koldo Garcia, eta Santos Cerdan. Sanchezen inguruan bukatu zuen hirukoak: PSOEko Antolakuntza idazkaria zen Cerdan, Garraio ministroa Abalos, eta haren aholkulari nagusia Garcia. Polizia ikerketen arabera, Garcia bera arduratzen zen enpresa batzuekin komisioak negoziatzeaz, kontratu publikoen adjudikazioak enpresa horien mesedetan moldatuta. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Abalos kargutik bota zuen 2021ean, dirua irabazten zuelako «alderdiaren bizkar».
Urak, baina, ez ziren baretu. 2024an PSOEko batzorde exekutiboak Abalosen dimisioa eskatu zuen. Koldo Garcia ere urte horretan atxilotu zuten, COVID-19aren pandemia garaiko maskaren erosketa publiko batean iruzurra egin eta komisioak kobratzeagatik. Auzitegi Gorenak Koldo Auzia aktibatu zuen jarraian, eta Alderdi Sozialistak Abalosi eskatu zion diputatu akta uzteko, baina hark uko egin zion horri. Izan ere, Auzitegi Gorenak ikertutakoen artean dago Abalos, Koldo auzian rol erranguratsua duelakoan. Zehazki, erakunde kriminala osatzea egozten diote, baita eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea ere. UCOren arabera, ministro ohiak 600.000 euro irabazi zituen ordainketa ilegalak eginda.
PPren ustelkeria kasu nagusiak
Naseiro auzia. Alderdi Popularraren ustelkeria kasuak, berriz, 1992an abiatu ziren. Rosendo Naseiro orduko PPko diruzaina du oinarrian, zeinari, azkenerako, alderdia finantzatzeko hirigintza esleipenen truke komisioak kobratzea leporatu zioten.
Gurtel auzia. 2007an hasi ziren ikertzen. Auzitegi Nazionalak esplikatu zuen PPk B kutxa bat zuela legez kanpoko komisioetatik jasotzen zuen dirua zenbatzeko eta kudeatzeko. 2008an Mariano Rajoy zegoen alderdiaren presidentetzan, eta epaiak zuzen-zuzenean jo zuen orduko presidentea. PPk finantza eta kontabilitate egitura paralelo bat zuela erraten zuen epaiak, eta ustelkeria sarearen ekarpenek osatu zutela. Hiru mailatan funtzionatzen zuen ustelkeria sareak: administrazio zentralean, autonomikoan eta lokalean. Kendutako diru hori PPren hauteskundeetako gastuak ordaintzeko erabili zen, eta, horretarako ez bazen, B kutxan sartzen zuten. B kutxa horren kontabilitatean diru sarrerak eta irteerak jasotzen zituzten, eta, bertze kasu batzuetan, alderdiko kideei ematen zieten dirua.
Barcenas auzia. 2013an azaleratu zen beste auzi bat. Luis Barcenas PPko diruzain ohiak 1990etik 2008ra idatzitako dokumentu sorta bat du oinarrian. Legez kanpoko pagamentuak ageri dira, eta itzalpeko kontabilitatearen froga osatzen dute. Bi motatako oharrak agertzen ziren paperetan: Alderdi Popularrari egindako ustezko donazioak, eta alderdiak zenbait alderdikide, kargudun eta enpresabururi ordaindutakoak. Kurioski, Espainiako Gobernuko orduko presidentea agertzen da paperetan, Mariano Rajoy, eta agerian geratu zen 25.200 euroko ordainketak egin zizkiola alderdiak. Maria Dolores de Cospedalek, aldiz, 15.000 euro jaso zituen.
Kitchen auzia. Barcenasi dokumentu horiek lapurtzeko helburuarekin legez kanpoko espioitza operazio bat egin zuten jarraian, eta horixe du ikergai Kitchen auziak. Espioitza operazioa martxan jartzeko agindua Espainiako Gobernuaren barrenetik eman zutela deliberatu zuen Poliziak, eta, hori zela eta, Auzitegi Nazionalak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia inputatu zuen. Hura, eta Francisco Martinez Segurtasunerako Estatu idazkari ohia, argudiatuta elkarlanean aritu zirela Jose Villarejo Poliziako komisario ohiarekin, Barcenas zelatatzeko. Diruzain ohiaren libretatxoan izen bat azaltzen zen: M. Rajoy. Alegia, presidente ohia ere bazela diru banaketa horren parte.