Zapatero inputatu dute, ustelkeria egotzita

«Influentzia trafikoko azpiegitura egonkor baten» burua izatea egotzi dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Jose Luis Calamak. Espainiako Gobernuko presidente ohiak ukatu egin du leporatzen diotena.

Jose Luis Rodriguez Zapaterok azalpenak emateko gaur zabaldutako bideoaren fotograma bat. EFE
Jose Luis Rodriguez Zapaterok azalpenak emateko gaur zabaldutako bideoaren fotograma bat. EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 19a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoa (2004-2012) inputatu du Auzitegi Nazionalak. Jose Luis Calama instrukzio epaileak gaur kaleratu duen autoaren arabera, Zapatero da «influentzia trafikoko azpiegitura egonkor baten» burua, eta egozten dio bere «eragina» baliatu izana etekin ekonomikoa lortzeko. Esaterako, epaileak dioenez, Zapaterok duela bost urte esku hartu zuen Espainiako Gobernuak 53 milioi euro erabil zitzan Plus Ultra aire konpainia erreskatatzeko. Magistratuak zehaztu duenez, legez kanpoko komisioen bidez 1,5 milioi euro kobratu ditu presidente ohiak, horretarako sozietateen sare bat baliatuta; kopuru horri gehitu behar zaizkio haren alabek haien enpresaren bidez jasotako ia 500.000 euroak. 

Zapateroren bulegoa eta hiru merkataritza sozietaterenak —Zapateroren alabak dira horietako baten jabe— miatu dituzte Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitateko polizia agenteek. Ekainaren 2an deklaratzera deituta dago Zapatero. Beraz, Espainiako eskuinek badute beste tresna bat Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea higatzen ahalegintzeko. 

Espainiako Gobernuko presidente ohi bat inputatu duten aurreneko aldia da. Gainera, kapitala zuritzea eta antolakunde kriminal bateko kide izatea ere egozten diote Zapaterori. Espainiako Gobernuak 53 milioi euro erabili zituen aire konpainia hori erreskatatzeko; 2021eko martxoan izan zen hori, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren alegia. 

Zapaterok «irmo» adierazi du, ordea, inoiz ez duela Plus Ultraren erreskateari dagokionean inolako gestiorik egin administrazio publikoarekin. Horren berri eman du, arratsaldeko lehen orduan sare sozialetan zabaldu duen bideo batean, eta berretsi inoiz ez duela merkataritza sozietaterik eduki, ez duela horrelako entitate batean «zeharka ere» parte hartu, ez «horretako operazio batean», ez Espainian, ez Espainiatik kanpo. Justiziarekin kolaboratzeko prest dago 

Ustelkeriaren kontrako fiskalburu Alejandro Luzonek aginduta, 2024tik ari dira ikertzen zer gertatu zen erreskateko diruarekin; Frantziatik eta Suitzatik horri buruz galdetu zioten, bi herrialde horietan kapital zuritzeak izan zirelako. Ministerio publikoaren kereilaren arabera, ikertzen ari dira ea Venezuelatik «bidegabe» iritsitako dirua zuritu ote zen funts horien bidez.

 

Madrilgo instrukzioko hamabosgarren epaitegiak erreskatea ikertu zuen, baina erabaki zuen kasua artxibatzea, Madrilgo Probintzia Auzitegiaren oniritziarekin. Dena den, ustelkeriaren aurkako fiskaltzak hala eskatuta, berriro ireki zuten auzia.

Madrilgo instrukzioko hamabosgarren epaitegiak aginduta, Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitateko polizia agenteek Plus Ultraren egoitza miatu zuten iazko abenduaren 11n, eta Julio Martinez konpainiako presidentea, Roberto Roselli kontseilari ordezkaria, Javier Martinez Martinez enpresaria eta haren abokatua atxilotu. Bi egun geroago aske utzi zituzten behin-behinean, eta kautela neurriak ezarri: pasaportea kendu zieten, eta Espainiatik ateratzea debekatu. Martxo hasieran Calama epaileak hartu zuen auziaren ardura, eta instrukzio epea maiatzaren 28ra arte luzatu. 

GAKOAK

Zer delitu egozten dizkiote Zapaterori?
Espainiako Gobernuko presidente ohiari egozten diote antolakunde kriminal bateko kide izatea, trafiko influentzia, eta agiriak faltsutzea. 

Zer ari dira ikertzen?

Espainiako Gobernuak 53 milioi euro erabili zituen 2021ean Plus Ultra aire konpainia erreskatatzeko. Ikertzen ari dira ea dirua bidegabe erabili ote zuten.

Nor ari da kasuaz arduratzen?
Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Jose Luis Calama arduratzen da martxo hasieratik.

Noiz hasi ziren ikertzen?
2024an hasi ziren ikertzen. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzari lankidetza eskatu zioten Suitzatik eta Frantziatik, Venezuelatik iristen ziren funts opaku batzuk zuritzeaz arduratzen den «erakunde kriminal bat» indargabetzeko.

Nor dago ikerketapean?
Plus Ultratik, ikerketapean daude Julio Martinez Sola konpainiaren presidentea, Roberto Roselli kontseilari ordezkaria, eta Santiago Fernandez Lena abokatua. Analisis Relevante aholkularitza etxeko buru Julio Martinez Martinez eta Zapatero ere ikerketapean daude.

 

Martinez enpresaria, hain zuzen, Zapateroren laguna da. Presidente ohiak berak hala aitortu zuen martxoaren 2an, Koldo auziari buruzko Espainiako Senatuko batzordean galdekatu zutenean. Zapateroren arabera, ez zuen «inongo» lanik egin Plus Ultrarentzat; bai, ordea, Analisis Relevante aholkularitza etxearentzat. Hain justu, Martinez da enpresa horretako bazkide nagusia, eta aholkulari izatea proposatu zion Zapaterori. «2012an autonomo gisa alta eman nuen, eta ordutik aholkulari lanak egin ditut hainbat enpresarentzat». Adierazi zuen Martinezen enpresarentzat egindako aholakularitza lanen truke 460.000 euro gordin kobratu zituela 2020 eta iaz artean.

El País egunkariak iturri judizialak aipatuz argitaratu duenez, Plus Ultra aire konpainiak Martinez kontratatu zuen, «eskuratzaile» jardun zezan Venezuelan. Hau da, bere egitekoa zen erregaia eta hegan egiteko baimena lortzea, baita zorrak kudeatzea ere, besteak beste. Zapaterok Senatuan esan zuen «inoiz» ez duela lan egin Plus Ultrarentzat. «Analisis Relevanterentzat ziren txostenak». Horren guztiaren harira, diplomaziaren alorrean bitartekari lanak egin izan ditu chavismoaren eta Venezuelako oposizioaren artean. 

Eta Espainiako presidenteak berak aitortu izan du proposatu zuela bere alaben enpresak —What the Fav-ek— maketatzea aholkularitza lanak. Gaur miatu duten beste merkataritza sozietateetako bat da Inteligencia Prospectiva S.L, zeinaren burua den Amaro Chacon familia venezuelarra; zenbait hedabidek ikerketako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, hura ere Analisis Relevanteren bazkidea zen.

PP, Sanchezen kontra

Zapatero PSOEko militantea izaki, PPk inputazioa baliatu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra egiteko. «Gertatutakoa oso larria da. Ez gara soilik presidente ohi batez ari, presidentearen aholkulari nagusiaz baizik. Gobernuak azalpenak eman behar ditu», idatzi du X sare sozialean Miguel Tellado PPko idazkari nagusiak. Santiago Abascal Voxeko liderra ere sare sozial horren bidez mintzatu da, eta Espainiako Kongresuan Sanchezen kontrako zentsura mozio bat aurkeztea planteatu du.

PSOEk, bestalde, Zapatero babestu du. Rebeca Torro Antolakuntza idazkariak X sare sozialean nabarmendu du errugabetasun printzipioa errespetatu behar dela. «'Zerbait egin dezakeenak egin dezala' delakoa, bete-betean», idatzi du, gainera. Izan ere, Sanchez erorarazteko ahaleginean, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente izandakoak (1996-2004) zera eskatu zuen 2023ko azaroan, Sanchez berriro presidente izendatua izan berritan: «Zerbait egin dezakeenak egin dezala». PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak, Patxi Lopezek, prentsaurreko batean adierazi du Zapatero ez dela «ustela»; eta Elma Saiz gobernuaren bozeramaileak ere azalpenak eman ditu Ministroen Kontseiluaren ondoren: «Justizia egin dezala Justiziak». Azaldu du gobernua «lasai» dagoela, eta oroitarazi du zerk eragin zuen Plus Ultraren erreskatearen ikerketa: Manos Limpias elkarte ultraren salaketa batek. 

Efe albiste agentziak zabaldu duenez, Sanchezek ohar bat bidali die alderdiko batzorde eragile federaleko kideei. Bertan, «kidearen izen ona» defendatzeko eskatu die alderdikideei, eta alderdia «garai txarra» igarotzen ari dela onartu du.

Sanchezen inbestidurari bide eman zion blokeko alderdiek ere Zapatero babestu dute. «Eskuinak begitan hartuta dauka Zapatero», esan du Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak, Espainiako Kongresuan egindako agerraldi batean. Hala ere, Sanchezen aurka egiteko ere baliatu du agerraldia. «Gero eta zailagoa dauka gobernuak, ez baitio aurre egiten ez ustelkeriari, ez gerra zikin judizialari». Gabriel Rufian ERC Esquerra Republicanaren Kongresuko bozeramaileak gogora ekarri du ganbera horretan egin zuen mintzaldi bat, zeinean azpimarratu zuen eskuinak Zapatero «gorroto» zuela. Zera esan zuen orduan: «Badakizue zergatik? 2004an irabazi egin zielako; 2011n ETA garaitu zuelako; eta 2023ko kanpaina altxatu zuelako». Mintzaldi haren bideoa jarri du X sarean. Veronica Barbero Sumarren Kongresuko bozeramaileak, berriz, «zalantzak» ditu inputazioaren inguruan. «Informazioa falta zaigu. Dena den, albisteei erreparatzen dien inor ez da harrituko zalantzak ditugula ikusita», esan die kazetariei Kongresuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE