Vietnamgo Poliziak baieztatu du urriaren amaieran Essexen (Ingalaterra) kamioi baten barruan aurkitutako 39 gorpuak vietnamdarrak direla. Herrialde hartako Poliziak susmoa zuen, eta duela egun batzuk zortzi lagun atxilotu zituen heriotza horiekin lotuta. Erresuma Batuko Poliziak "pauso garrantzitsutzat" jo du baieztapena, eta azaldu du lanean ari dela Vietnamgo Poliziarekin. Adierazi dute orain hildakoen familiek euren senideak diren baieztatzea izango dela lehentasuna.
Poliziak berehala atxilotu zuen kamioaren gidaria, eta zuhurtziagabekeriazko 39 homizidio delitu egotzi dizkiote, baita pertsonak trafikatzeko konspirazioa ere. Haren estraditaziorako prozesua abiatu dute orain. Egun bat geroago, beste bi lagun ere atxilotu zituen Poliziak, kasuarekin lotuta. Beste bi lagunen bila ere ari dira Ipar Irlandan, horiek ere zuhurtziagabekeriazko homizidio delituekin eta pertsonen trafiko delituekin lotuta.
Gaiak lehen lerrora ekarri du Erresuma Batura sartzeko migratzaileen trafikoa. Astelehenean, Bilboko portutik Erresuma Batura migratzaileak bidaltzen zituen talde bat desegin zuen Guardia Zibilak, eta Erresuma Batuko Poliziak adierazi du kamioilari bat atxilotu dutela gaur bertan hamabost lagun Erresuma Batura "ilegalki" sartzeagatik. Herbeheretako Poliziak ere hamasei lagun —hamabi heldu eta bi adingabeko— ezkutuan zeramatzan kamioi bat geratu du, Ijmuideneko portuan. Hartu nahi zuen ontziak Erresuma Baturako bidea zeraman. Kamioi horren gidaria ere atxilotu egin dute.