Kataluniako prozesu subiranista

Estatu denerako zerga kodea onartu du Kataluniak

Junts pel Si eta CUPeko legebiltzarkideen aldeko botoekin, zerga kodearen legea onartu du Kataluniako Legebiltzarrak. Estatu bihurtzen badira, Kataluniako Ogasuna sortzeko lehen urratsa litzateke. Rajoyk jakinarazi du inpugnatu egingo duela herenegun egindako arau aldaketa, eta Konstituzionalak astelehenean bertan aztertuko du helegitea.

Rajoy, gaur, inpugnazioaren berri ematen. CHEMA MOYA, EFE
2017ko uztailaren 29a
10:00
Entzun

Independentziarako prestatzen ari dira Katalunian. Urriaren 1ean egin asmo duten galdeketan Espainiatik banantzeko erabakia hartzen badute, estatu egiturak beharko dituzte. Horretarako prestatzen ari da legebiltzarra, eta, gaur, ogasun sistema propio baterako zerga kodearen legea onartu dute.

Gaur onartu dutena "deskonexiorako legeetako" bat bezala aurkeztu zuten legegintzaldiaren hasieran, baina lege zirrikituak gainditzeko prestatuta dago: estatutuaren eskumenetan sartzen baita. Gero, independentzia aldarrikatuko balitz, garatu egingo lukete. Maria Senserrich Junts pel Siko diputatuak azpimarratu du "estatu estruktura baterako oinarriak" jarri dituztela gaur.

Rajoy: "Ez da erreferendumik egingo"

Oporretara joan aurretik hainbat osoko bilkura egiten ari dira aste honetan Katalunian, eta urriaren 1eko erreferendumerako ezinbesteko hainbat lege onartzen ari dira. Adibidez, herenegun aldatu zuten araudia oporretatik bueltan Erreferendumaren Legea irakurraldi bakarrean onartu ahal izateko. Espainiako Gobernuak, baina, helegitea jarriko dio aldaketa horri.

Gaurko gobernu kontseiluaren ostean eman du berria Mariano Rajoy gobernuburuak, eta behin eta berriz esan duen esaldia errepikatu du: "Ez da erreferendumik egingo". Konstituzionalean jarriko dute helegitea, eta, tramiterako onartuko balitz, behin-behinean bertan behera utziko lukete arau aldaketa. Behin betiko erabakia hartu bitartean geldituko litzateke araua bertan behera, baina erabaki horrek luze joko luke. Beraz, Kataluniak behar duenean ez litzateke indarrean egongo.

Arau aldaketa hori Erreferendumaren Legea azkar onartzeko prestatuta dago. Hain justu, astelehenean erregistratuko dute Erreferendumaren Legea Kataluniako Legebiltzarrean, eta Junts pel Siko eta CUPeko legebiltzarkide guztiek sinatuko dute. Legebiltzarreko Mahaiak tramiterako onartu beharko du gero, eta buletinean argitaratu ostean abiatuko da tramitea. Abuztuaren erdi aldera arte ez dute halakorik egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.