Iazko irailaren hasieratik abendura arte, blokeatuta eduki zuten erregaien trafikoa Maliko hego-mendebaldean. Kolapsoa hiribururaino iritsi zen, Bamakoraino, eta kolokan jarri zuen herrialdeko gobernua. JNIM Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldea dago blokeo horren atzean; Al-Qaedarekin lotura zuzena du, eta munduan hildako gehien eragin dituen talde jihadista izan da azken urteetan, EI Estatu Islamikoaren atzetik. Urtarriletik egoerak hobera egin badu ere, agerian geratu da Maliko junta militarrak ez duela gaitasunik herrialde osoa kontrolatzeko. Malin bezala, estatuen ahultasunaz baliatuta, talde jihadistek indarra hartu dute Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta gero eta eremu handiagoak kontrolatzen dituzte. Adituen arabera, zenbaitetan herritarrek gertuagokotzat dituzte talde horiek gobernu zentralak baino.
Joera argia da: Asia hegoaldetik eta Ekialde Hurbiletik Afrikara, Saharatik hegoaldera, egin du jauzi jihadismoaren ardatzak. Terrorismo Indize Globalak «terrorismoak» herrialde bakoitzean zenbaterainoko eragina duen neurtzen du, eta asteon argitaratu dute 2026ko txostena. Aurreko hiru urteetan, sailkapen horren lehen postuan egon da Burkina Faso; aurten, bigarrenera egin du behera —Pakistan da lehena—. Afrikako beste bost herrialde ere lehen hamarren artean ageri dira: Niger, Nigeria, Mali, Somalia eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. 2015eko sailkapenean, Nigeria, Somalia eta Libia baino ez ziren ageri lehen hamarren artean, eta Ekialde Hurbilekoak eta Asia hegoaldekoak ziren gainerako herrialdeak. Gainera, 2025ean munduan egindako hogei «eraso terrorista» hilgarrienak Afrikan gertatu ziren. Estatuen aurka ez ezik, elkarren artean ere lehian ari dira hainbat talde jihadista.
Hiru indargune nagusi dituzte muturreko talde islamistek Afrikan: Liptako-Gourma eskualdea, Txad aintziraren harana eta Somalia. Liptako-Gourma deritzo Malik, Nigerrek eta Burkina Fasok muga egiten duten inguruari. JNIM taldeak jarduten du bertan nagusiki, baita EIren Sahelgo adarrak ere, ISSk. Txad aintziraren inguruan EIren beste adar bat da nagusi: ISWA Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoa. Eta, hainbat urteko beheraldiaren ostean, Boko Haram berrindartzen ari da. Txad aintziraren ertzean daude Txad, Niger, Nigeria eta Kamerun. Liptako-Gourma eta Txad aintzira Sahel eskualdean daude —Saharako desertuaren hegoaldeko eremua da Sahel—, baina handik kanpo ere jarduten dute. Al-Qaedaren beste aliatu batek, Al-Xababek, hari batean dauka Somaliako Gobernua. Azken hamarkadan taldearen barnean hainbat zatiketa izan badira ere, azkenaldian berriz ere lurralde gehiagoren kontrola hartu du.
Gainera, besteak beste Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Mozambiken ere indar handia dute hainbat muturreko talde islamistek. 2026ko Terrorismo Indize Globalean lehen hamabost herrialdeen artean ageri dira bi horiek ere; Kongok nabarmen egin du gora.
Mali, Niger eta Burkina Faso
Indartzen eta geografikoki hedatzen
Talde jihadistek 1.500 pertsona baino gehiago hil zituzten 2024an Burkina Fason, munduan beste inon baino gehiago; iaz behera egin zuen kopuru horrek: 846 zenbatu zituzten. Txostenaren arabera, talde armatuek taktikak aldatu dituztelako egin du behera datuak. Halere, iaz munduan eraso «terroristetan» hildako guztien erdia Sahel eskualdean hil zituzten. Marta Driessen Elcano Errege Institutuko think thank-eko ikerlariaren arabera, bi joera ari dira nabarmentzen eskualde horretan: «Batetik, talde matxinoek indarkeria areagotu dute, eta gero eta eremu gehiago kontrolatzen dituzte. Bestetik, terrorismoa geografikoki zabaltzen ari da, batez ere Gineako golkoko kostalderantz».
Hain zuzen, Gineako golkoko herrialdeetako egoera aztertzen ari dela erantzun die galderei Boli Kostatik, telefonoz. Togon, Beninen eta Boli Kostan jihadistek bost eraso egin zituzten 2020an; 2024an, berriz, 160. Horietatik 155 JNIMek egin zituen. Eskualde horretan azken urteetan izandako eraso hilgarrienetako bat iazko apirilean egin zuten: JNIMek 54 soldadu hil zituen Benin iparraldearekin, Nigerrekin, Nigeriarekin eta Burkina Fasorekin muga egiten duen eskualdean. «Terrorismoaren hedapen geografikoaren protagonista nagusia JNIM da». Halere, kostaldeko herrialde horietan ez du iparraldeko estatuetan adinako indarrik. JNIMek Malin ezarritako blokeoak aurrekaririk ez duela argitu du Driessenek. Ekonomian «sekulako» eragina izan du, prezioak asko igo dira, eta gobernua kolokan jarri du.
«Pizgarri ekonomikoak oso garrantzitsuak dira errekruta berrientzat, agian ideologia bera baino garrantzitsuagoak»
MARTA DRIESSEN Elcano Errege Institutuko ikerlaria
Hala ere, ez du uste estatuaren kontrola hartzeko asmorik dutenik: «JNIMek badaki ezin duela Bamako hartu, ezin duela gobernu gisa jardun, beraz, beren helburua ez da hori. Gauza arraroagoak ere ikusi ditugu, baina ez dirudi boterea hartuko dutenik Afganistanen talibanek edota Sirian HTSk [Sortaldea Askatzeko Erakundea] egin moduan». Ikerlariaren ustez, JNIMek nahi duena zera da, Maliko Gobernua desegonkortzea, «nahieran ibiltzen» jarraitzeko: «Sasi-estatu paralelo baten gisan jarduten dute kontrolatzen dituzten guneetan. Ez dute gobernua ordeztu nahi, orain arte aritu diren bezala aritu nahi dute». Junta militarrak daude agintean Malin, Nigerren eta Burkina Fason. 2023an, hiru gobernu militarrek Sahelgo Estatuen Konfederazioa sortu zuten, eta urrundu egin dira Mendebaldeak hauspotutako aliantzetatik.
Eskualde horretan JNIM lehian ari da ISSrekin, baina gaur-gaurkoz Al-Qaedaren aliatuak du «nagusitasuna». Helburu bera badute, zergatik ez dira elkartzen? Driessenek argitu du: «Biek boterea eduki nahi dutelako. Al-Qaedaren eta Estatu Islamikoaren nazioarteko norgehiagokaren baitan, Sahel jokaleku bat gehiago baino ez da».
Gainera, azken urteetan bi taldeen estrategiek gero eta antz handiago dutela azaldu du. «Estatu Islamikoa bere egiten ari da JNIMen estrategia; bereizkeriarik gabeko indarkeria albo batera uzten ari da, eta saiatzen herritarren buruak eta bihotzak bereganatzen». Batez ere landa eremuan dute boterea, hiriburuetatik urruti dauden guneetan, estatuaren presentzia «bazterrekoa» denetan. Hala, estatuaren «ospe txarraz» baliatzen dira, eta, Driessenen esanetan, hein batean estatuaren instituzioak ordezten dituzte.

Gero eta lurralde gehiago kontrolatzen badituzte, finantzaketa iturri gehiago izango dituzte: «Lurralde horietan zergak kobratzen dituzte, bidesariak jartzen dituzte... Zakat izeneko zerga erlijioso modukoa ere erabiltzen dute». Halere, Driessenek argitu du ikerlarien artean ere ez dagoela oso garbi zein diren talde horien finantzaketa iturriak: «Boli Kostan ikusi dudanez, diru iturri garrantzitsu bat abereak lapurtzea da». Pertsonen salerosketan eta droga trafikoan jarduten dutela ere susmatzen da, baina ikerlariak ez du uste jihadistek horrelako negozioetan jarduten dutenik: «Droga trafikatzaileei bidesariak kobratzen dizkiete, eta horrela dirua lortzen dute; erregaia edo bestelakoak garraiatzen dituztenei kobratzen dizkieten bezalaxe».
Adituak jakinarazi duenez, askotan, zailtasun ekonomikoak dituzten gazteak sartzen dira halako taldeetan: «Pizgarri ekonomikoak oso garrantzitsuak dira errekruta berrientzat, agian ideologia bera baino garrantzitsuagoak». Bestalde, emakumeek talde jihadistetan duten presentzia ere izan du mintzagai: «Beti ziurtzat jo izan da emakumeak biktimak direla edota aitak, senarrak edo anaiak agindutakoa betetzen dutela. Baina ikerketa askok hori gezurtatu dute; badaude beren kabuz hala erabakita jarduten duten emakumeak ere».
Txad aintzira
Zatiketa eta bide ezberdinak
JNIMek batez ere Mali, Niger eta Burkina Faso arteko eremuan jarduten badu ere, ekialderantz egiten ari da, Saheed Bamajide Owonikokok azaldu duenez. Modibbo Adama unibertsitateko (Nigeria) Bake eta Segurtasun Ikasketen Zentroko ikerlaria da, eta ohartarazi du JNIMek Nigerian lehen aldiz eraso egin zuela urrian. Halere, ISWA eta Boko Haram dira Nigerian eta Txad aintziraren inguruko eskualdean jarduten duten matxino talde jihadista nagusiak. Biek era oso ezberdinean jokatzen dutela argitu du ikerlariak bideodei bidez.
Boko Haram izan zen talde nagusia 2010etik 2016ra, eta kontrolatzen zituen eremuetan «taldearekin bat egiten ez zuen oro hiltzen zuten, musulmanak ere bai». Horrek zatiketa eragin zuen. Boko Haram Estatu Islamikoarekin aliatu zen, baina arrakala horiek laster hautsarazi zuten aliantza, eta handik sortu zen ISWA. Elkarren aurka borroka gogorrak izan zituzten 2021. urtean, eta ordutik Boko Haram «anabasan» murgilduta egon dela uste du Owonikokok. «Orain, baina, berpizten saiatzen ari da, eta talde garrantzitsu bat dela erakutsi nahi du».
Ikerlariaren arabera, ISWAk ez die eraso egiten musulmanei. «Gobernuei egiten die eraso, batez ere militarrei, eta musulmanak ez diren komunitateei ere bai». Halere, gehitu duenez, ISWAren aginpidea onartzen badute, jihadistak prest agertu izan dira musulmanak ez direnekin ere negoziatzeko. «Ez dute soilik eraso egin nahi; gobernantzari garrantzia ematen diote».
«Txad aintziraren inguruko herrialde guztiek arazo bera dute, baina ez dute soluzio bateraturik nahi»
SAHEED OWONIKOKO Modibbo Adama unibertsitateko ikerlaria
Gobernuek utzitako hutsuneak betetzen saiatzen ari da ISWA. «Horrek are eta gehiago zaildu du gobernuen egitekoa; izan ere, ISWA gai da herritarrei eskaintzeko estatuek eskaini ezin dizkien hainbat gauza». Kontraesana badirudi ere, ikerlariaren arabera, jihadistek segurtasuna bermatzen die herritarrei, eta askok «gertuago sentitzen dute ISWA gobernua baino».
Gobernu zentralak fisikoki ere urrun daude Txad aintziraren inguruko eskualdeetatik. «Botereguneetatik urrun daude, eta gobernuek albo batera utzi dituzte». Niamei eta Jaude, Nigerko eta Kamerungo hiriburuak, ia 1.500 kilometrotara daude; eta Abuja —Nigeriakoa—, ia 1.000 kilometrotara. Soilik Txadeko hiriburua, N'Djamena, dago eskualde horietatik hurbil.
Hori aski ez, eta estatuek arazoak dituzte elkarlanean jarduteko. Muturreko talde islamista armatuei aurre egiteko segurtasun akordio multilateral bat abian dago eskualde horretan, Batuta Ekiteko Indar Multinazionala, baina herrialdeek ez dute «laguntza handirik» ematen. Nigerko junta militarrak aurten utzi du aliantza hori, eta nola Txadek hala Kamerunek arazo diplomatikoak dituzte Nigeriarekin, eta horrek elkarlana zailtzen du. «Herrialdeek arazo bera dute, baina ez dute soluzio bateraturik nahi», gaitzetsi du Owonikokok.

Zakat zergak, abereen lapurretak, estortsioak eta abar erabiltzen dituzte dirua lortzeko. Baita bahiketak ere. Ikerlariak azaldu du 2000ko hamarkadaren amaieratik bahiketak arazo larria direla Nigerian, eta azken hilabeteetan are gehiago larriagotu dela: «Hamar bahiketa baino gehiago gertatu dira». Horietako batean, azaroaren amaieran, hirurehun ikasle baino gehiago bahitu zituzten eskola batetik. 50 inguruk ihes egitea lortu zuten, eta abenduaren amaierarako erreskatatu zituzten gainerakoak. «Gobernuak erreskateak ordaintzen ditu, nahiz eta ez esan».
Halere, Owonikokoren ustez, ISWA eta Boko Haram ez daude bahiketa horien atzean, herrialdearen erdialdean gertatu baitira, eta talde horiek ipar-ekialdean jarduten dute. «Halere, badituzte harremanak beste gaizkile talde batzuekin, bereziki Boko Haramek, eta baliteke bahiketa horiek elkarrekin egin izana».
Ikerlariaren hipotesia da bahiketa olde horren helburu bakarra ez dela dirua lortzea. «Azken bahiketak inoiz ez bezalakoak izan dira; horregatik, atzean zerbait berezia dagoela uste dut». Hain justu, Donald Trump AEBetako presidenteak Nigerian ekintza militarrak hasiko zituela esan ostean ugaritu ziren bahiketak. Azaroaren hasieran adierazi zuen Nigerian kristauak hiltzen ari direla, eta mehatxu egin zuen operazio militarrak egingo zituela; abenduaren amaieran jakinarazi zuen AEBetako armadak hainbat bonbardaketa egin zituela. Horregatik, Owonikokok uste du posible dela gaizkile taldeek aurrea hartu nahi izana eta bahitutako jendea «ezkutu» moduan erabiltzeko asmoa edukitzea.
Somalia
Al-Xababen beste oldarraldi bat
Azken urteetan batez ere Sahelen hartu dute indarra matxinada jihadistek, baina Somalian duela bi hamarkada baino gehiago jaio zen Al-Xabab. Eta gaur egun muturreko talde islamistak Somaliako Gobernua erorarazteko aukera duela ohartarazi du Josep Maria Royo UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakearen Kulturaren Eskolako ikerlariak, telefono bidez. Azken urtean Al-Xababek ugaritu egin ditu bere kontrolpeko guneak. Horrez gainera, AEBen jarrera aldaketak ere matxino jihadistak hauspotu dituela uste du ikerlariak. Azken bi hamarkadetan AEBek Al-Xababen aurkako operazioak egin ditu, eta laguntza eman izan dio Somaliako armadari. Azken hilabeteetan, baina, Trumpek AEBetan bizi diren somaliarren aurkako adierazpenak egin zituen —«zaborra dira»—, baita haien aurkako neurriak hartu ere. Horregatik, Royok uste du posible dela Somaliari ematen dion laguntza militarra etetea. Halere, otsailaren hasieran AEBetako presidenteak esan zuen jihadisten aurka hainbat bonbardaketa egin zituela Somalia iparraldean.
1991n, 22 urteko agintaldiaren ostean Mohammed Siad Barre boteretik kendu zutenean, zatitua gelditu zen Somalia. Garai hartan du jatorria Al-Xababek. 2000ko hamarkadan hainbat auzitegi islamiko sortu zituzten Somalian, eta herrialdeko agintea de facto hartzea lortu zuten. Haien menpeko milizia gisa sortu zen milizia islamista hori. 2007an, baina, AEBek eta Etiopiak militarki esku hartu, eta Auzitegi Islamikoen Batasuna agintetik kendu zuten. Eta Al-Xabab geratu zen «atzerriko esku hartzearen aurkako azken gotorleku» gisa. Argumentu nazionalista hori erabili izan du herritarrak erakartzeko.
«Al-Xababen ekonomia ez da solik estortsioan oinarritzen, ekonomia produktiboa da»
JOSEP MARIA ROYO UABko Bakearen Kulturaren Eskolako ikerlaria
Estatu islamiko bat, kalifa herri bat, eraikitzea du helburu Al-Xababek, baina argumentu horrek jada ez du funtsik: 2012an xaria oinarri duen behin-behineko konstituzio bat onartu zuen gobernuak —hamalau urteren ostean, duela bi aste onartu zuten behin betiko legea—. 2012an Al-Xababeko buruzagi batzuk gobernuarekin negoziatzeko prest agertu ziren. Horrek zatiketa eragin zuen, eta, Royok jakinarazi duenez, talde armatuak «korronte disidente» horri jazarri zion. Gainera, 2012tik aurrera Al-Qaedara hurbildu zen Al-Xabab. Bada, horrek beste zatiketa bat eragin zuen, eta hainbat kidek Al-Qaedarekin harremanak hautsi, eta EIrekin elkartzea erabaki zuten.
Gaur egun, EIk adar bat du Somalian; Puntlandia eskualdeko mendietan jarduten dute. Baina ez da hurbildu ere egiten Al-Xababen neurrira: kalkuluen arabera, Al-Qaedarekin lotura duen taldeak 7.000-11.000 miliziano inguru ditu, eta EIk, mila inguru.
Halere, azken urteetan Al-Xababek herritar askoren babesa galdu du, Royok jakinarazi duenez: «Adingabeak taldean sartzera behartzen dituzte, ezkontza behartuak bultzatzen dituzte, sexu bortizkeria erabili dute emakumeen eta adingabeen aurka, gobernuz kanpoko erakundeak kanporatu dituzte...». Arrazoi horiengatik, eta zibilen aurka egindako atentatu larriek hauspotuta —2017ko urriaren 14an, esaterako, ia seiehun pertsona hil zituzten Muqdishon—, herri mugimendu bat piztu da talde armatu islamistaren aurka.

Gainera, Somaliako talde jihadistak badu berezitasun bat Sahelekoekin alderatuta: «Al-Xababek finantza estruktura oso bat eraiki du herrialdean». Estortsioan oinarritu du bere finantzaketa; «Somalian jarduten duen negozio oro hertsatzen du». Hala, itsasontziak bahitu izan dituzten milizietatik, atzerriko merkatarietatik eta egurraren eta ikatzaren esportaziotik, besteak beste, lortu izan dute dirua. Gainera, Royok jakinarazi du Al-Xababek inbertitu egin duela diru hori, batez ere eraikinak eta azpiegiturak erosten. «Hala, bere ekonomia ez da solik estortsioan oinarritzen, ekonomia produktiboa da».
Zatiketak zatiketa, Somaliako matxino talde jihadistak bere kontrolpeko guneak areagotu zituen 2025ean. Royok azaldu duenez, herrialdeko armadak, Afrikako Batasunak eta AEBek egindako operazioek atzera eginarazi badiote ere, Al-Xababek landa eremuetako herritarren babesa du oraindik ere. Gobernua urrun sentitzen duten lurraldeetako biztanleek badakite militarrek noiznahi alde egin dezaketela. Eta, era berean, jakitun dira talde jihadistetako kideak bertan geratuko direla.