Kataluniako prozesu subiranista

Estatuko Kontseiluak dio badagoela nahiko arrazoi arau aldaketari helegitea jartzeko

Arau aldaketari Konstituzionalean helegitea jartzeko aukeraz galdetu zion atzo Mariano Rajoyk Espainiako Estatuko Kontseiluari. Arrazoiak badaudela erantzun dio hark.

Puigdemont, atzo, Parlamentuko korridoreetan. QUIQUE GARCíA, EFE
2017ko uztailaren 27a
07:32
Entzun

Gaur goizean egin du bilera Espainiako Estatuko Kontseiluak, eta gai bat izan du mahai gainean: atzo Kataluniako Parlamentuak egindako arau aldaketaren kontra Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera. Mariano Rajoyk eskatu zion txostena atzo, urgentziaz, eta Kontseiluak erantzun dio badagoela nahiko arrazoi helegite hori jartzeko. "Baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea" urratzen du arau berriak, Kontseiluaren arabera.

Arau aldaketarekin erreferendumerako legea azkar onartzeko aukera du parlamentuak. Espainiako Gobernuak iragarria zuen bere esku dagoen guztia egingo duela galdeketa hori egin ez dadin, eta horretan ari da. Bihar bilera egingo du Espainiako Gobernuak, eta litekeena da han erabakitzea arau aldaketaren kontrako helegitea jartzea Konstituzionalean. Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak atzo iragarri zuen helegitea jarriko dutela aukera izanez gero.

Guardia Zibila bere kabuz

Espainiako Gobernuak erreferendumari bidea ixteko modu bila jarraitzen duen bitartean, Guardia Zibilak presio egiten jarraitzen du. Bartzelonako 13. Instrukzioko Epaitegiaren ikerketaren barruan ari dela esanda bi galdeketa egin zituen atzo, eta Jaume Clotet Generalitateko Komunikazio arduraduna galdekatu du gaur. Nolanahi ere, epaitegi horrek jakinarazi du berak ez duela agindu galdeketa horiek egiteko, eta Guardia Zibila bere kabuz ari dela.

Jaume Clotet lekuko gisara deitu dute, eta galdeketaren erdian inputatu egin dutela esan diote. Orduan, deklaratzeari uko egin dio Clotetek. Nolanahi ere, Guardia Zibilak ez du inor inputatzeko eskumenik; epaileari proposatu behar dio, eta epaileak erabaki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.