ESTER QUINTANAREN AUZIA

Ester Quintanak ez du helegiterik aurkeztuko mossoen absoluzioaren aurka

Fiskaltzak ere ez du aurkeztuko, eta, horrela, epaia irmoa da.

Ester Quintana. DANI CODINA
2016ko ekainaren 8a
08:23
Entzun

Bartzelonako Auzitegiak joan den astean erabaki zuen Mossos d'Esquadrako auzipetutako bi poliziei absoluzioa ematea. Auzitegiak uste du ezin dela frogatu nork eragin zizkion zauriak Quintanari. Aitortu du, halere, mossoek tiro egindako jaurtigai batek jo zuela, "protokoloen aurka eta era bidegabean, egoera lasaia zela". Epaiak dio ezin dela zehaztu mossoak zer motatako jaurtigaia bota zuen: "Esan dezakegu litekeena dela gomazko pilota batek Quintanari begian jo eta zauriak eragin izana. Baina egia da ezin dugula baztertu foam jaurtigai batek jota eragin izana ere".

Quintanak ohar batean jakinarazi du ez duela helegiterik aurkeztuko ebazpenaren aurka, uste baitu ez lukeela aurrera egingo. Gainera, Kataluniako Gobernuari egotzi dio ez eman izana eskura zuen informazio guztia. BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Quintanak azaldu zuen egin dioten "min guztiaren erantzuleak" nahi dituela soilik.

2012ko azaroaren 14an, Bartzelonan egin zuten greba orokorraren manifestaziotik etxera bueltan zihoala, pilotakada bat eman zioten begi batean. Fiskaltzak mossoen aurkako bi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen, bai eta mossoak lau urtez kargutik kentzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.