Etiopiako zazpi miliziak koalizio bat osatu dute gobernua erorarazteko

Fano milizia, Oromia eskualdeko OLA Oromo Askatzeko Armada eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea buru ditu aliantzak, eta herrialdea «gerrara, genozidiora eta txikiziora» bultzatzea leporatzen dio Ahmed presidenteari.

Tigrayko gerrak desplazatutako batzuk, Hitsatsen (Etiopia), iazko azaroan. SIMON BERHANE / EFE
Tigrayko gerrak desplazatutako batzuk, Hitsatsen (Etiopia), iazko azaroan. SIMON BERHANE / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 21a
13:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etiopiako zazpi miliziak koalizio bat osatu dute, eta, nabarmendu dutenez, helburu hauxe dute: gobernua eroraraztea. Hori jakinarazi zuten atzo, Tigray eskualdeko telebista kate publikoan irakurritako adierazpen baten bidez. 

Koalizio horren parte dira Fano milizia —Amharan indar handia du—, Oromia eskualdeko OLA Oromo Askatzeko Armada, TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea, eta beste lau matxino talde txikiago. Abiy Ahmed lehen ministroari egozten diote «diktadore baten gisan» aritzea, «genozida bat» izatea, eta, herrialdea «gerrara, genozidiora eta txikiziora» bultzatzea. Hori azpimarratu zuen Fano miliziako buru Zemeni Kassiek, denen izenean adierazpena irakurtzean.

Aspalditik datoz Etiopiako armadak bai Oromia eskualdean, bai Amharan dituen gatazkak. Etnia horiek dira nagusi herrialdean —oromoak %34 dira, eta amharak, %27—, eta biztanle gehien duten eskualdeak dira. Tigrayko gerrak, bestalde, 2020ko azarotik 2022ko azarora iraun zuen, eta Etiopiako armadaren eta TPLFko matxinoen arteko borroketan 600.000 lagun hil ziren —tigreak %6 dira—. Datu hori eman zuen AB Afrikako Batasunak, bi aldeen arteko bitartekariak, miliziak eta gobernuak bake itun bat sinatu zutenean 2022ko azaroan. Nolanahi ere, sinatutakoa urratzea egozten diote bi aldeek elkarri, eta, hortaz, ituna hauskorra da. 

Milizien arabera, behin gobernua erorarazita —ez dute zehaztu hori nola lortu nahi duten—, behin-behineko gobernu «inklusibo bat» ezarriko lukete. Organo horrek bi zeregin nagusi izango lituzke. Batetik, gatazka armatuak bukatzea eta herrialdeko krisi ekonomiko, humanitario eta sozialari aurre egitea; eta, bestetik, «herri elkarrizketa konstituzional egiazko» batera deitzea, «nazio auzi esanguratsuez» hitz egiteko parte hartze zuzenaren bidez.

Gobernuak ez du milizien koalizioak planteatutakoari buruzko iruzkinik egin. Abiy Ahmed da presidente 2018tik —oromoa da—, eta leporatzen diote irtenbiderik ez ematea etnien arteko tentsioei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA