Etorkizunean Hezbollahrekin hitz egiteko prest agertu da Siria

Trumpek hala iradoki bazuen ere, Siriako Gobernu islamista sunitak ziurtatu du ez duela asmorik Libanon esku hartzeko eta milizia xiitaren aurka borrokatzeko.

Asaad al-Xaibani Siriako Atzerri ministroa eta Nawaf Salam Libanoko lehen ministroa, gaur, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Asaad al-Xaibani Siriako Atzerri ministroa eta Nawaf Salam Libanoko lehen ministroa, gaur, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 2a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren erdialdean haizeak nahasi zituzten Donald Trump AEBetako presidentearen adierazpenek, baina badirudi baretu direla. Etxe Zuriko maizterrak aditzera eman zuen Siriako armada Hezbollahren aurka borrokatzera joan zitekeela Libanora. Damaskok, baina, gezurtatu egin du. Eta gaur, harago joan da Asaad al-Xaibani Siriako Atzerri ministroa: esan du etorkizunean Siriako Gobernu sunita Libanoko milizia xiitarekin hitz egiteko prest egon litekeela.

Siriako Atzerri ministroa Libanoko Gobernuko ordezkariekin batzartu da gaur, Beiruten. Bertan egindako adierazpenetan, gogorarazi du Siria Libanoren alboan egongo dela, eta esan du Libanon egiten ari den bisita ofizialean ez dela Hezbollahko ordezkariekin bilduko. Halere, ez dizkio ateak itxi milizia horrekin noizbait batzartzeari. «Etorkizunean, eta, bi herrialdeei mesede egiten badie, prest egongo gara», zehaztu du ministroak.

Gainera, Joseph Aoun Libanoko presidenteak ziurtatu du Al-Xaarak gezurtatu egin dituela Trumpek iradokitakoak, eta Siriak ez duela esku hartuko Libanon: «Bilkura eta dei batean baino gehiagotan esan dit [Siriako presidenteak] ez dela bando baten alde egongo, libanoar guztien alde baizik». Siriak Libano okupatu zuen 1976an, eta ez zituen handik tropak atera 2005era arte. 

Donald Trump AEBetako presidenteak ekainaren 17an, Evian-les-Bainsen (Frantzia), G7 taldearen bilkuraren karietara, esan zuen Siriako presidente Ahmed al-Xaraarekin hitz egin zuela, eta iradoki zuen posible zela Siriako armada Libanon sartzea, Hezbollahren aurka borroka egiteko. AEBetako presidenteak, egun hartan, kezka agertu zuen Israel Libanon erasoak egiten ari zelako AEBak eta Iran negoziatzen ari ziren bitartean. Horregatik, esan zuen Siria «arduratuko» zela Hezbollahz.

Kontuan hartu behar da Hezbollah Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) aliatua zela —Iranena ere bai—. Hezbollahko milizianoak Al-Assaden kontrako matxinoen aurka —besteak beste, gaur egun Siriako Gobernuan daudenak— borrokatu ziren Siriako Gerra Zibilean. 2024ko abenduan, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista sunitak erorarazi zuen Al-Assaden gobernua. Ordutik, Al-Xaraa da herrialdeko presidentea.

Bonba erasoa, Damaskon

Siriako Atzerri ministroa Libanon bisita ofiziala egiten ari zen bitartean, Damaskon leherketa batek gutxienez sei pertsona hil ditu. Siriako telebista nazionalaren arabera, bonba batek eragin du eztanda. SANA Siriako berri agentziak, Osasun Ministerioko iturriak aipatuz, kaleratu duenez, gutxienez beste hamasei lagun zauritu dira.

Siriako hiriburuaren erdigunean gertatu da leherketa, Al-Nasr kalean, Justizia Jauregitik gertu dagoen kafetegi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA