Siriako gatazka

Etsaitasunera bueltan

Turkiak joan den hamarkadan Siriarekin harreman estua izan arren, gerra mehatxura bueltatu dira berriro

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Hagitz garbi diot Al-Assad jaunak irakaspenak atera beharko lituzkeela bertze herrialdeetan gertatu denari buruz, eta, haietan ez bezala, irtenbide demokratikoago bat bilatu beharko luke». Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak iazko martxoan egin zituen adierazpen horiek, Sirian lehen protesta gogorrak piztu eta egun batzuetara. Erdoganek Baxar al-Assadekin egunero solas egiten zuen telefonoz orduan, eta Ankarak erreforma prozesu baten babesle eta gidaritzat eskaini zuen bere burua. Urte eta erdi geroago, ordea, Turkiak tropak, tankeak, misilak eta bertzelako hornigaiak hedatu ditu Siriako mugan, Halabetik 50 kilometrora, nahi izanez gero gerran sartzeko prest dagoela erakutsiz. Hamarkada batean landutako harreman ona hilabete eskas batzuetan guztiz irauli du Ankarak.

1990eko hamarkadan ere, bi herrialdeen artean gerra hasteko arrisku bizia egon zen, PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiari babesa ematea egozten baitzion Ankarak Damaskori. Hori eragozteko, berebiziko garrantzia izan zuen Siriak 1998an Abdullah Ocalan PKK-ko burua herrialdetik bidaltzeak eta hurrengo urtean erakunde osoarekin harremana hausteak.

Ankararen lidergoa

Ordutik, urak baretu ziren bizilagunen artean, baina harremana 2002tik aitzinera hasi zen hobetzen, AKP Justizia eta Garapena Alderdi islamistak Ankaran boterea eskuratu zuenean. Siriarekin ez ezik, Greziarekin, Armeniarekin, Irakekin eta Iranekin ere harreman diplomatikoak hobetzeko xedea hartu zuen AKPk, denak etsai historikoak eta tratu zaileko herrialdeak. Siria eta Iran, gainera, Gaizkiaren ardatzean sartu zituzten AEBek, baina hori ez zitzaion inporta izan Erdogani. Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak 2009an azaldu zuen Turkiaren xedea: «Zero arazo bizilagunekin».

Ekialde Hurbileko gainerako herrialde musulmanek ez bezala, Israelekin ere harreman ona zuen Turkiak, baina 2010ean Israelgo armadak Mavi Marmara ontziari eraso ondoren, erlazioa hautsi zuen. Horren ondorioz, Tel Aviv bakartuta gelditu zen Ekialde Hurbilean, eta Erdoganen ospeak goia jo zuen bai eremu horretan, bai herrialde arabiar denetan. Demokrazia eta islamismoa uztar zitezkeen adibidetzat saldu zuen burua lehen ministroak, eta, gainera, etsai komunari hortzak erakutsi zizkion. Herrialde anitz zituen begira, eta Ekialde Hurbileko liderra bihurtzekotan zen.

Siria ia erabateko bakartzetik atera zuen Turkiaren kanpo politikak. 2004an, Ankarara bidaiatu zuen Siriako lehen presidentea izan zen Al-Assad. 2005ean, Turkiak uko egin zion parte hartzeari Libanoko presidente Rafik Haririren hilketaren ondorioz Mendebaldeak eta Persiako golkoko herriek Siriaren aurka egindako presio kanpainan. 2007an, berriz, merkataritza askerako hitzarmena sinatu zuten Turkiak eta Siriak. Turkiako enpresak indartsu sartu ziren Siriako merkatuan, urte gutxian inbertsioen tamaina izugarri hazi baitzen. AEBek sustatutako terrorismoaren aurkako gerraren garai zailetan, aliatu boteretsua eskuratu zuen Damaskok, eta Mendebaldearekin zuen harreman gaiztoa baretzeko ere balio izan zion Ankararen bitartekaritzak. 2008an, adibidez, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Al-Assadekin elkartu zen Damaskon, Erdogan alboan zuela.

Badirudi, ordea, Damaskoren eta Ankararen arteko harreman on horren irabazle nagusia bietan boteretsuena zela. Chris Phillips The Guardian-eko kazetariak 2009an idatzi zuenez, Al-Assaden estrategia ekonomikoaren ardatza zen Turkiarekin zuen harremana, eta horrek Siria menpekotasunera bultzatzen zuen. «2007an sinatutako merkataritza askerako hitzarmenak negoziotik kanpo utzi zituen Siriako industria familia zaharrak, Turkiako inportazioekin lehiatu ezin zirelako». Politikoki ere, The Guardian-eko kazetariaren ustez, «ezinbertzean desorekatua» zen harremana. «Siria Turkiaren atzerri politikaren adar bat baino ez da. Siriarentzat, ordea, Turkia nahitaezko osagaia da nazioartean berriz integratzeko eta ekonomikoki suspertzeko». 2005ean, adibidez, Turkiak Mediterraneoko kostaldean 1930eko hamarkadan eskuratutako Hatay eskualdea aldarrikatzeari ofizialki uko egin zion Siriak.

Hala ere, Turkiaren «zero arazo bizilagunekin» politikak badu sakoneko arrazoi bat, kanpora begira baino gehiago, barneko statu quo-ari eragiten diona: Kurdistan. Iranekin, Irakekin eta Siriarekin harreman ona eratu du, haiek ere Kurdistanen zatiak dituztelako menpean, eta, hango gobernuekin elkarlanean, Kurdistan iparraldeko mugimendu nazionalista ito nahi du Ankarak, PKK gerrillatik hasi eta erakunde politikoetaraino. Sirian, bortz hamarkadatako agintaldian Baath alderdiaren aginteak errepresio bortitza erabili badu ere bere menpeko kurduen aurka —iazko matxinada hasi arte, Siriako herritartasuna ere ez zien onartua—, Damasko eta Ankara aurrez aurre egon dira PKK dela eta. Orain, Erdogan Al-Assaden etsai bihurtu bada ere, Siriako kurduak Turkiaz dira mesfidati, are gehiago kontuan hartuta Ankarak haien lurraldea konkistatzeko mehatxua egin duela, PKK eta Al-Assad berriz ere elkar hartuta daudela argudiatuta. Kurduen alderdiek, ordea, akusazio horiek ukatu dituzte.

Siriako kurduen mesfidantza

Kurduek ez dute bat egin Al-Assaden aurka matxinatu diren Siriako taldeekin, bertzeak bertze, Turkiak haiengan duen eraginarekin ere mesfidantza dutelako, eta ez dituztelako islamistak nahi. Gainera, kurduek inoiz eduki duten kontrol politikorik handiena eskuratu dute beren lurraldean, eta, horren garapenak, dudarik gabe, eragina izanen du Ankararen jarreran.

Iaz, hilabete eskas batzuen bueltan, urteetan Al-Assadekin ongi landutako harremana aldatu zuen Erdoganek: lotura ekonomiko eta politiko estuak zituzten lehen, eta gero Turkia oposizioko talde gogorrenen —armatuena barne— babesle bihurtu zen; atzo gertatu bezala, tropak mugara ere eraman zituen. Iazko ekainean mugako Idlib eskualdean Siriako armadak egindako erasoaldia izan zen Erdoganen jarrera aldaketaren mugarria. Joan den hilean Siriako armadak Turkiako hegazkin militar bat bota izanak tentsioa gorenera eraman zuen. Pepe Escobar Asia Times egunkariko kazetari eta analista politikoaren iritziz, Erdoganek Israelen aurkako kanpainan irabazi zuen lidergoa galdu du Ekialde Hurbilean, eta Siriako gatazkarekin «galduta» dago. Zalantza bat plazaratu du Escobarrek: «Turkiak NATO gerrara eraman nahi du, ala alderantziz da?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.